Zirrikituetatik begira

Benetan

Deia, Juanra. Madariaga, 22-10-2017

DATOZEN hiru urteetarako, Espainia Nazio Batuen Erakundeko kidea izango da berriz, “gure printzipioak eta baloreak hala bermatzen gaituztelako”. Benetan. Berak aurkeztu zuen hautagai – tzan, hainbat betebeharren bermeak irakurri ahal dira. Erabat harrigarriak diren batzuk, hauexek: giza – eskubideen defentsan, kontsultetan eta negoziaketan topaguneak bilatuko dituzte; garrantzi handiko kontuetan politika informatibo oparo eta transparentea bilatuko dute, gizarte zibilak dituen ikuspuntuei erreparatuz; diskriminazioa amaitu eta aukera berdintasunaren aldeko lana egingo dute; eskubide ekonomiko, sozial eta kulturalen defentsa eta sustapena bultzatuko dute; osasuna, hezkuntza eta elikadura eskubideen defentsa egingo dute; Demokrazia eta Zuzenbidezko Estatua sustatuko dute, giza – eskubideen garapenerako instrumentu ukaezinak direlako; arrazismoa, xenofobia eta gorroto delituen kontra jardungo dute; Espainia Ipar/Hegoalde eta Ekialde/Mendebalde topagune plural, zabal eta solidarioa izango da, eta abar. Benetan.

Zeu bezala, irakurri nituenean aho zabal lotu nintzen, zur eta lur. NBEk onartu du tamainako gezurra? (NBE hori ere ez litzateke errebisatu behar?) Diktadura batek desagerturiko milaka eta milaka pertsonen memoria berreskuratzeko zirkinik egin ez duen gobernuak horixe esan du? Hil honetan bertan, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Espainia kondenatu du hainbat errefuxiatu mugan bertan atzera botatzeagatik (devoluciones en caliente, erderaz), eta herri solidarioa izango dela dio? Legalitatearen kontra jarduten duen gobernu batek legalitatea eskatzen du komeni zaionean, eta harriak bezalako hitzekin betetzen zaie orain ahoa: demokrazia, zuzenbidezko estatua, legezkotasuna berreskuratu, elkarbizitza, nazioa, patria… Baina errefuxiatuen kontra poliziak bidaltzen dituzte, eta bestelako askatasun politiko bat eskatzen dutenen kontra agresibitate bortitza.

Baina lasai, hautagaitza horren azken puntuan Espainiako Gobernuak dio konprometitu egiten dela mundu zuzenago, solidarioago eta adikorrago baten alde lan egiteko. Benetan.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)