Leila Nachawati. Idazlea eta giza eskubideen aldeko aktibista

«Albisteak ondorioan oinarritzen dira, eta ez kausan»

Ekialde Hurbileko eta Afrika iparraldeko gatazkak ez dira behar bezala azaltzen Mendebaldean, Nachawatiren ustez; horrek eragina du etorkinekin enpatiarik ez sortzeko.

Berria, Lander Muñagorri Garmendia, 10-10-2017

Etorkin eta errefuxiatuen gaiarekin kezkatuta dago Leila Nachawati idazle eta giza eskubideen aldeko aktibista (Santiago de Compostela, 1978). Jatorri siriarra du, eta Ekialde Hurbileko eta Afrika iparraldeko giza eskubideen aldeko borrokan sartuta dago. Zenbait hedabidetan iritzia ematen du, eta, gaur bertan, Bilbon Mediterranea filma ikusi osteko hitzaldia emango du, Zinexit Topaketak jardunaldiaren ostean.

Mediterranea filmak balio du etorkinak diren pertsona horien egoera agerian jartzeko?

Adibide on bat da, etorkin horiek humanizatu egiten dituelako, gaur egun besteari gizatasuna kentzen zaiolako gero eta gehiago. Haien eta gure artean lubaki bat eraikitzen da gero eta gehiago; enpatia galarazten du. Eta hori traba bat da, gatazka guztietan beti egiten delako bereizketa hori.

Bestearen sorrerari buruz diharduzu. Nola sortzen da bestea kontzeptu gisa?

Ekialde Hurbilean hori ikusten da: gerra bat sortzen da, eta beti da gerra sektario edo tribal bat. Beste horiek ez dira inoiz arrazoi ekonomiko, sozial edo politikoengatik mugitzen. Orduan hor badago apurketa bat, ez duzulako ikusten zer gertatzen zaion besteari. Mugimendu sozialak lehertu ziren, baina diskurtso hori gero nazioarteko potentziek bahitu zuten. Orduan, eskubideak eskatzen dituzten pertsona moduan ikusten ez baditugu, hor hasten da sortzen bestea kontzeptua.

Eta etorkinez betetako ontziak iristen dira Europako kostetara, eta hori da albistea, ez haien sorterriko egoera.

Hori da: albistea normalean ondorioan oinarritzen da, baina ez kausan. Ikusten dugu zer gertatu den, baina ez dakigu nola arrazoitu gertatu den hori. Kausarekin duen lotura hori apurtuz gero, zailagoa da bestearekin lotura bat egin eta gertutasun bat edukitzea.

Filmak migratzeko arrazoi horien berri ematen du.

Bai, filmean hori erakusten da, arrazoi ekonomikoak badaudela. Eta kontzientzia hori hartu beharra dago, askotan gehiago konektatzen baitugu urrun geratzen zaizkigun herrialdeekin, AEBekin adibidez, Mediterraneoan gertatzen denarekin baino. Espainian bizi den jendeari uste dugun baino gehiago eragiten dio Mediterraneo hegoaldean gertatzen denak.

Zer da hainbeste eragiten dion hori?

Mediterraneoa muga bat da, eta hobi komun bat ere bihurtu da. Marokon giza eskubideen urraketa handiak egiten ari dira Espainiara iristen diren etorkinen kopurua mugatzeko, bere garaian Libiarekin gertatu zen bezala. Baina ez ikusteagatik ez du esan nahi gertatzen ez denik. Etorkinekin enpatia handia egon da Espainian, baina gobernuak ez du ezer egin. Ez badago errefuxiatuak babesteko tresnarik, ez da inorentzat egongo, ezta bertakoentzat ere.

Bi Mediterraneo bereiz daitezke?

Bai, eta iparraldeko oparotasuna hegoaldekoari lotuta dago. Hegoaldean ezberdintasunak badaude, ezin da iparraldean oparotasunik egon. Baina Mediterraneo iparraldean ere badaude hegoaldeak. Eta, noski, iristen ari diren etorkinak ere osatzen ari dira Europa berri hau.

Erantzukizunik gabeko gerrak sortzen ari direla diozu. Nola lortzen da hori?

Biktimak daude, baina ez erantzulerik. Bonbardatutako eskolak erakusten dira albistegietan, baina erantzulerik ez dago. Erakundeek eta gizarteak ez dute ezer salatzen, eta ez dago Irakeko gerraren aurka egon zen mugimendurik ere. Irak AEBek suntsitu zuten, eta Siria, berriz, Errusia eta Iranen bidez suntsitzen ari dira, baina horrek ez du halako erreakziorik pizten. Estatu Batuen esku hartzea hobeto ulertzen dugula dirudi, haien jarduera inperialistak hobeto ezagutzen ditugulako. Baina inperialismoak beste aurpegi bat duenean, badirudi gehiago kostatzen zaigula hori identifikatzea. Zigorgabetasun sentsazioa handitzen ari da, eta ez dago erreakzio proportzionalik.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)