IMMIGRAZIOA

25 iheslariri ongietorria egin diete Baionan

Berria, Nora Arbelbide Lete, 20-09-2017

Gehienak Sudandik datoz, bi Somaliatik eta bat Eritreatik, guztiak gizonak, 19 eta 42 urte artekoak; atseden zentroa Afpa formakuntza zentroa dute; Atherbea elkarteak du kudeatuko egonaldia. Bart gauean dira iritsi, egun osoan bidaiatu ondoren. Paris iparraldeko Cergyko behin – behineko zentrotik etorri dira. Parisko La Chapelle auzoan zeuden ordu arte, karrikan bizi. Poliziak atxilotu eta behin – behineko zentrora eraman zituen. Eta hortik, beraz, autobusean eguna iragan eta, Baionara.
Ekimenaren helburua iheslariei asilo politikoa lortzeko prozedura abiatzea da. 2015eko neguan Baigorrin egin zen esperientzia bera da Baionakoa. Orduan, 49 iritsi ziren hasiera batean, eta, azkenean, 38 gelditu ziren. Orduko esperientziaren balorazio biziki baikorra egin zuten.
Baigorriko atseden zentroa bezala, Atherbea elkarteak du koordinatzen Baionako etorrera eta egonaldia. Afpa zentroa bera beren teilatua izanen da. Bertan jana eta loa ukanen dute. Berez, zentro horretan urtean 800 bat ikaslerei eskaintzen die prestaketa. Eta formakuntza zentro izaten segitzen du. Lekua oraindik libre zuela eta, gisa horretako harrera eskaintzeko prest agertu zen zentroa. “Pozik eta harro” errezibitu ditu errefuxiatuak Afpako zuzendari Michel Vanzok.
Aurrekontua diru publikoz osatua da. Abenduaren 31 arte daukate aurrekontua, justuki. Hortik hara ez da jakina ea atseden zentroak segitzen ahalko duen ala bertatik joan beharko diren iheslariak. Baina, hasteko, ordu arte behar den heineko aurrekontua izatea, hori bera ere ez zen errana, hasiera batean. Izan ere, Baionan atseden zentro baten irekitzea duela zenbait hilabete jada aipatu zen. Baina Frantziako estatuak ez zuela aski diru ekartzen eta, nahiago izan zuten proiektua atzeratu. Garrantzitsua baitzaie harrera ez “low cost” erara egitea, Atseden Zentroko arduradun Marc Petit – Breuilhren hitzetan. Langileez gain, ehun bat laguntzaileren sare bat osatua dute jada, eguneroko bizian laguntzeaz gain, zenbait aktibitate proposatzeko gisan. Dela frantsesa irakatsi, mendi ibilaldiak proposatzeko, errugbi partidetara eraman, edo beste.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)