Elkartasuna herrien arnasa da

Berria, Jokin Revilla Gonzalez, Itziar Fernandez Mendizabal, 11-08-2017

Dudarik gabe, elkartasuna badago, eta handia, baina ez nahikoa. Badago, itxitako muga bakoitzean, pertsona errefuxiatu eta migranteak jasotzen dituen atxikitze-zelai guztietan, Atzerritarrak Barneratzeko Zentroetan (ABZ), pertsonen salerosketaren kontra, hil arriskuan egindako ibilbideetan, Mediterraneo itsasoan, pertsona «trukagarri» eta «anonimoetan»… Bai, toki guztietan badaude injustiziaren kontra borrokatzen diren pertsonak eta elkartasun-taldeak. Baina ez dira nahiko.

Uztailaren 14tik 22ra bitartean, Mugak Zabalduz karabanak penintsula osoa zeharkatu zuen Melillara heldu arte. Salaketak eta protestak egin zituen egon zen leku guztietan. Gerren eta arma-industriaren aurka Bardeetan; espainiar gobernuak nazioarteko zein Estatuko legedia bete dezan eta inplikatu dadin espainiar kongresuaren aurrean manifestatu zen, eta kontzertinen fabrikazioa arbuiatu zuen Malagan. Era berean, ABZak itxi eta desagerrarazteko exijitu zuen Tarifan eta Algecirasen; hesiak botatzeko eta «emakume zamarien» eskubideak aldarrikatu zituen… Hau da, migratzen edota babes bila ari diren pertsona guztien eskubideak exijitu zituen, Melillan. Horiek adibide batzuk dira. Herri eta auzo askotan antolatzen dira elkartasun-ekitaldi ugari. Baina gehiago behar dira, askoz ere gehiago.

Gobernuek beren politika aldatu dezaten, kontziente izan behar dugu pertsona guztiok egin dezakegula zerbait, eta, horretarako, gu geu ere aldatu behar gara. Ondoan ditugun pertsona errefuxiatu eta migranteak ezagutu eta onartu behar ditugu. Elkarrekin bizi eta partekatzeko gai izan behar dugu. Ziur gaude, urrats hori emanda, xenofobia eta arrazakeria elikatzen dituzten eta min handia egiten diguten zurrumurru faltsuak desagertuko direla. Herri askotako gerrak—Somalia, Kenya, Sudan, Yemenen…—, goseteak, baliabideen ustiapen basatia, Libian gertatzen den pertsonen salerosketa… ez ditugu gure auzo eta herrietako pertsonok egiten, kapitalismo suntsitzaileak eta heteropatriarkatuak baizik. Beraz, ezberdinak izanagatik, pertsonak ez gara etsaiak, langileria bereko senideak baizik.

Muturreko eskuina gero eta indartsuago dago, eta ultrek ontzi bat itsasoratu dute bizi ahal izatea baino bilatzen ez dutenak Europara heldu daitezela ekiditeko. Horixe bera egiten du Frontex europar poliziak. Arrazakeria eta xenofobia hedatzen ari dira edonon, baita gure artean ere. Gehiegitan entzuten dugu «ez naiz arrazista, baina…». «Baina» horretan husten gara gu baino pobreagoak edo soilik desberdinak direnen kontra.

Aurten, Bilboko Jai Batzordeak Ongi Etorri Errefuxiatuak plataforma hautatu du pregoilari. Urte eta erdiko bizitza labur honetan egindako lanari eginiko aitortza da. Poz handia izateaz gainera, erronka ere bada; baina plataformarentzat ez ezik, baita Bilbo osoarentzat ere. Guinness liburuan sartzeko aukera dugu, hiri solidarioena izateagatik, gure artean bizi edo etorriko diren pertsona migrante eta errefuxiatuekin ondoen bizitzeagatik. Balkoietan bandera hori gehien eskegi dituen hiria. Gabarra azken aldian atera zenean baino bandera gehiago jarri beharko genituzke. Horrek esan nahiko luke elkartasunaren bidea eraikitzen ari garela. Eta hala erakutsiko genuke etxe eta lantegi bakoitzean, eskoletan, institutuetan, unibertsitateetan, kuadrilletan, mendi-taldeetan, futbol-taldeetan, erakundeetan, herri-mugimenduetan, sindikatuetan, alderdietan… jendarte osoan. Horrela baino ez dugu lortuko indar-harremana aldatzea, eta orain pertsona edo talde txiki batzuen elkartasun-keinu direnak Gizarte Solidario baten jarrera bihurtzea. Legea izan dadila pertsona guztientzako eskubide guztiak edonon ezartzen dituena, inor ez baita ilegala.

Horixe da pertsona guztiok dugun eginbeharra, bakoitzak nahi duen moduan egitekoa, baina norabide berean. Irribarre batek, besarkada batek, aldatzeko ahalmen handiagoa du mila bazterketa edo gutxiespenek baino. Zapalkuntzak eta gorrotoak bihotza lehortzen digute, arnasa kentzen digute. Bizirik jarraitzeko arnasa behar dugu, eta hori Elkartasunak, hizki larriz, soilik bermatzen digu.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)