JAIAK

Bilboko Udalak Aste Nagusiko pregoilaria eta txupinera aurkeztu ditu

Berria, Berria, 10-08-2017

Pregoilaria Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako kide Nati Ovelleiro izango da, eta txupinera, berriz, Ane Ortiz, Askapeña konpartsako kidea. Bi mezu nagusi helarazi dituzte: errespetuz eta zentzuz jokatzea, eta txupinazo garbia izatea. Abuztuaren 19an, larunbata, hasiko da aurtengo Bilboko Aste Nagusia, eta, gaur, Bilboko Udalak pregoilaria eta txupinera aurkeztu ditu. Bilboko Udaleko Berdintasun, Lankidetza, Bizikidetza eta Jaien saileko zinegotzi Itziar Urtasunek aurkeztu ditu, Oihana Pascual 2015eko txupinerarekin batera, Nati Ovelleiro eta Ane Ortiz.
Nati Ovelleiro (Deustu, 1965) izango da pregoilaria, Udalaren Jai Batzorde Mistoak Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformaren ordezkari gisa aukeratu eta gero. Ovelleirok aitortu du “harro eta urduri” dagoela, Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformaren ordezkari delako, eta Bilboko Konpartsei eskerrak eman dizkie plataforma hori proposatzeagatik. Ovelleirok nabarmendu du “gaizki pasatzen ari den jendea” laguntzeko lanean ari dela bere plataforma, eta, plataforma berri bat izanik, lan hori ezagutarazten lagunduko diela pregoia irakurtzeko “ohoreak”. Plataforma horrek, hain zuzen, sektore guztietako ehun bat elkarte eta banakako hainbat herritar biltzen ditu. Errefuxiatuek eta migratzaileek pairatzen dituzten giza eskubideen urraketa larriei aurre egiteko eratu zen, herriak eta hiriak harrera leku bihurtzeko asmoz.
Bestalde, Bilboko Konpartsek Ane Ortiz (Bilbo, 1989) izendatu dute txupinera izateko. Ortizek konpartsek egiten duten lan guztia nabarmendu du, eta bera ere “harro” dagoela esan du. Bilbotarrei, eta Bilboko jaietara etorriko dienei, eskatu die “errespetuz eta zentzuz” jokatzeko, ez baitute onartuko inolako eraso matxista, arrazista, homofobo eta transfoborik.
Bilboko Udalak ere hala eskatu du: jaiak errespetuz gozatzeko eta txupinazo “garbia” izateko.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)