Alerta bat turisten badian

Gipuzkoako Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak 'Busti zaitez harreragatik' protesta performancea egin du Donostian, Kontxako hondartzan, errefuxiatuen egoera salatzeko.

Berria, Urtzi Urkizu, 25-06-2017

Donostian oporretan da Susana Hughes. Kaliforniakoa da, San Carlos herrikoa (AEB). Han errefuxiatuen eta etorkinen alde lanean aritzen da, eta ezustean harrapatu du Kontxako hondartzan ikusitakoak: «Izugarri gustatzen ari zait egiten ari direna. Hondartza toki ona da protestarako». Mobilizazioa performance erraldoi gisa izendatu du Gipuzkoako Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak. Elkarte askotako lagunak ari dira elkarrekin; gehienak hondarraren gainean daude, muga handi bat irudikatzen duen hesi batekin. Beste lagun batzuk, berriz, errefuxiatuen paperean sartu dira; bi ontzitatik uretara erori, eta hondartzara iristeko Itsas Salbamendu Humanitarioko boluntarioen laguntza jaso dute. Itsasertzean etzanda gelditu dira gero. Haiek babestera joan dira hesiari heltzen ziotenak, «mugarik ez» eta «ongi etorri errefuxiatuak» oihukatzen duten bitartean.

Fernan Garate da errefuxiatuen paperean sartu denetako bat, eta asko hunkitu dela aitortu du: «Antzezlan baten parte bezala sartu gara uretan, baina, hondartzara hurbildu ahala, hunkigarria izan da errefuxiatuen tokian jartzea». Busti dira errefuxiatuen alde. Amnesty International, Intermon Oxfam, Zaporeak, Hotz Zarautz, SMH eta SOS Arrazakeria elkarteek babestu dute Busti zaitez harreragatik ekintza.

Ekintzako hesiari eusten ari zaionetako bat Zaporeak proiektuko kide Ane Mujika da: «Une honetan errefuxiatuen egoera oso larria da, Europak mugak itxiak dauzkalako. Gero eta errefuxiatu gehiago ari dira iristen Europako kostaldeetara, eta erantzun bat eman behar dugu. Jendea sentsibilizatu egin behar da». Kiosen (Grezia) lanean aritutakoa da Mujika. Garazi Montuski ere hiru aldiz egon da Kiosen, boluntario. «Egoera oso txarra da, baina merezi du hara joatea». Iruditzen zaio azkenaldian errefuxiatuen egoeraz ez dela hitz egiten, «zoritxarrez». «Berri bakarra da zenbat hildako egon diren Mediterraneoan, baina ez da benetako arazoaz hitz egiten», gaineratu du Montuskik. Maddi Ibarra haren laguna ez da plataformakoa, baina protestara animatu da, eta buruan du Kiosera joatea.

Mediterraneoan bost aldiz egona da Iñigo Gutierrez, Itsas Salbamendu Humanitarioko boluntarioa. «Europaren benetako aurpegia topatu dut han, salerosleen batasun bat», salatu du. «Gaurkoa bezalako protestak beharrezkoak dira, albistea komunikabideetatik desagertu baita, eta jendeari gero eta gutxiago inporta zaiola dirudi. Baina egoera konpondu beharrean, inoiz baino okerrago dago».

Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako ordezkari Xabi Aretak azaldu du ekainaren 20a errefuxiatuen munduko eguna izan zela, eta dataren bueltan hainbat elkarte batu zirela ekitaldia antolatzeko. «Eztabaidan jarri nahi ditugu Europako Batasunaren asilo eta migrazio politikak. Lotsagarria iruditzen zaigu gertatzen ari dena. Iaz, 5.000 lagun hil ziren Mediterraneoan, eta, aurten, 2.000 baino gehiago hil dira». Beste Europa bat aldarrikatu du plataformako bozeramaileak: «Ez oraingo gotorlekua, baizik eta Europa irekiago bat, non gosetik edo gerretatik ihes egiten duten pertsonek toki bat izango duten». Berriki Europako Batasunari Asturiasko Printzesa saria eman izana ere «lotsagarria» iruditzen zaio Aretari.

Hondartzan, bitartean, donostiarrak eta turistak begira daude. Elda Blanco Egia auzokoa da, eta ez zuen protestaren berri: «Lehen aldia da hondartzan horrelako protesta bat ikusten dudana. Gu saiatzen gara errefuxiatuak laguntzen, elikagaiak eta dirua ematen. Pena handia ematen dit haien egoerak». Logroñotik (Espainia) iritsi da Carolina Ruiz, familiarekin egun batzuk pasatzera. «Arazoa da gobernua konprometitu zela zenbaki batekin, eta ez du errefuxiatuen %10 ere ekarri. Horrelako protestak ondo iruditzen zaizkit», esan du Ruizek. Kontxi Mendizabal donostiarrari pena eman dio Busti zaitez harreragatik ekintzaren berri aurretik ez izatea: «Ez genekien ezer. Ahotsa eman behar zaie horrelako protestei. Jendea kontzientziatu egin behar da».

Ekintza amaitu ostean, gustura gelditu da Manoli Etxeberria Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako kidea: «Gaia kalera atera dugu, Donostiako jendea sentsibilizatzeko. Bestetik, oso garrantzitsua izan da plataforma, elkarte eta mugimendu ezberdinetako herritarrak elkarrekin aritzea. Errefuxiatuen alde lan egiten dugunon arteko sarea indartzeko probetxuzkoa izan daiteke gaurkoa». Protestako mezua ondo ulertu dela iruditzen zaio: «Mugak eraitsi eta zabaldu nahi ditugu».

Uztailaren 14tik 22ra, Hegoaldeko Mugarako Karabanan parte hartuko du plataformak; Europako Batasunaren eta Espainiako Gobernuaren migrazio, asilo eta mugetako politikak salatuko dituzte, Melillan (Espainia). Hilaren 30era arte eman daiteke izena.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)