Bigarren etorkin taldea bidali dute Kanarietatik Mauritaniara

Beste 52 etorkin iritsi dira Kanarietara, eta Lampedusara, berriz, 300

Berria, 29-03-2006

erredakzioa

Kanarietako Gobernuak igandean bidali zituen Mauritaniara lehen 50 etorkinak. Atzo beste 60 igorri zituen. Horrek, ordea, ez ditu gelditu Europara sartu nahi duten immigranteak. Beste 52 etorkin iritsi ziren atzo Gran Canariara, txalupaz. Horietatik zazpi erietxera eraman behar izan zituzten, hipotermia eta deshidratazio arazoak zirela – eta. Orotara 2.392 etorkin daude Kanariar Uharteetako harrera zentroetan.

Kanariak, ordea, ez dira Europara sartzeko bide bakarra. 300 immigrante iritsi ziren atzo Lampedusara (Italia), bi ontzitan. Astelehenaz geroztik, bestalde, kostazainek beste 270 pertsona aurkitu zituzten Italiako kostatik gertu. Hango harrera zentroan 190 pertsonentzat dute lekua, baina egun 600dik gora daude. Horiek horrela, Gobernuak 60 etorkin egiptoar bidali ditu azken egunotan Libiara.

Frantziaren proposamena

Frantziako Barne ministro Nicolas Sarkozyk immigrazioa kontrolatzeko egitasmo berria aurkeztuko du gaur Ministroen Kontseiluan. Horren arabera, herrialdean 10 urte baino gehiago daramatzaten etorkinek ez dute Frantziako herritartasuna automatikoki lortuko. Era berean, frantsesekin ezkonduta daudenek ere zailagoa izango dute herritartasuna lortzea. Aitzitik, Frantzian geratzeko hiru urteko baimen berezia lortuko dute herrialdearen garapenari laguntzen dioten etorkinek. Testua gogor kritikatu zuten giza eskubideen aldeko erakundeek.

Bestalde, Espainiako Guardia Zibilen Elkarte Bateratuak gutuna bidali zion atzo Espainiako fiskal nagusiari, Kanarietara iritsi nahian hildako 1.200dik gora etorkinen auzia argi zezan. Dokumentuaren arabera, agintariek bazekiten ez zegoela baliabide nahikorik etorkin oldeari aurre egiteko. Horretaz gain, gertatuko zenaren berri izan zuten arren ezer egin ez izana leporatzen diete agintariei.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)