Politika

Europako ezkerreko alderdiak Donostian bilduko dira ekainaren 6an eta 7an

Berria, Berria, 25-05-2017

Europako Parlamentuko GUE/NGL taldea osatzen duten alderdietako ordezkariak parte hartuko dute EH Bilduk antolatutako jardunaldi batzuetan. Denera, 29 eurodiputatu eta Europako Parlamentuko ehundik gora langile eta aholkulari izango dira.
Besteak beste honako gai hauek jorratuko dituzte: migrazioa eta errefuxiatuen krisia, parte hartze politikoa eta soziala, eta gizarte politikak. Nazioarteko eta Euskal Herriko adituek parte hartuko dute.
Gaurkotasunari loturiko zortzi eztabaida eta tailer izango dira; erdia inguru irekiak. Donostiako Tabakaleran izango dira, goizez eta arratsaldez.
Study Days izenarekin ezagunak dira jardunaldiak, eta Europako Parlamentuak antolatzen ditu. Aurten, EH Bilduri egokitu zaio GUE/NGL taldearenak egitea. “Inoiz ez da horrenbeste jende eta eurodiputatu izan Study Days batzuetan”, esan du Josu Juaristik. EH Bilduko eurodiputatuak Euskal Herriko gizarte eragileak gonbidatu ditu mintegian parte hartzera.
Bake prozesua eta kooperatibismoa
Mahai inguruez gain, ekainaren 6an, arratsaldez, Euskal Herriko bake prozesuaz hitzaldia emango du Arnaldo Otegik.
Ekainaren 7an, goizez, Arrasaten (Gipuzkoa) izango dira europarlamentariak. Ekonomia eredu kooperatibistarekin loturiko proiektuak ezagutzeko aukera izango dute han; besteak beste, Mondragon Korporazioko kideekin bilduko dira, baita beste eragile batzuekin ere. Bi mahai inguru izango dira han, ekonomia sozial eta solidarioaz eta Europako garapen industrialari eta ekonomia berdeari buruz.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)