Francisco Sanchez. Cimadeko jurista

«Hegoaldean ez da atxikitze zentrorik; ituna horretarako da»

Berria, Ekhi Erremundegi Beloki, 19-05-2017

Migrazioaz arduratzen den Cimade elkarteko jurista da Francisco Sanchez. Paperik gabeei laguntza juridikoa ematen diete.

Zer dakizue kanporatutakoez?

Lehenik, ez dira kanporaketak: berriz onartzeko prozedurak dira, Frantziak eta Espainiak 2002an izenpetu zuten Malagako Itunean oinarrituak. Espainiako Poliziak egoera irregularrean den migratzaile bat aurkituz gero, sei orduko epean Frantziaren esku utz dezake, eta Frantziak atxikitze zentroan sar dezake. Beraz, epaile baten aitzinetik igaro eta beren egoera aztertua izateko eskubidea ukatzen zaie.

Zer profil dute «berriz onartuak» diren pertsona horiek?

Gehienetan, Espainiatik Hendaiara iristen direnak igaroan dira, hau da, Portugalen asilo eskaera egina dute edo Europako Batasuneko beste herrialde batera zihoan Eurolines autobusean ziren, eta abar. Ez dira Frantziara joan, ezta Espainian egon nahi dutenak ere. Frantziara iristen direnean, edo haien jaioterrira bidaliak edo EBko beste estatu baten esku utziak dira, aukera baldin badute —asilo eskaera bat edo bisa bat dutelako—.

Zergatik eramaten dituzte Hendaiara?

Hego Euskal Herrian ez dagoelako atxikitze zentrorik. Horretarako sortu zuten Malagako Ituna. Espainiako estatuan atxikitzea posible ez bada, Frantzian izanen dira atxikiak.

Eta Frantziatik Espainiaratuak?

Frantzian atxilotuak badira, atxikitze zentro batean sar ditzakete, eta, gero, berriz onartzeko prozedura bat abiatu. Baina, etorkinak Espainian egoteko aukera badu, Guardia Zibilaren esku utz dezakete. Guk dakigula, 2016. urtean 30 pertsona izan dira egoera horretan Hendaiako atxikitze zentroan. Muga eta Aireko Poliziaren Departamenduko zuzendariak ditu gainerako zenbakiak; eskatu nizkion, baina ez dit erantzun.

Gaur egun, zertan da Hendaiako atxikitze zentroa?

Itxia dago, eta ez dago inor. Badu hilabete batzuk larrialdi egoeraren harira itxi zutela. Nahiago zuten bertako indarrak mugako kontrolak indartzeko erabili.

Zer informazio duzue Ipar Euskal Herrian diren paperik gabeko migratzaileez?

Badira asilo eskaera egin duten anitz, eta beste anitz ez zaienak onartua izan; badira adingabe bakartuak ere, Cimadeko laguntzaileei aurkeztuak direnak. Beti soslai bera da: prekaritate egoera nahiko ikaragarria. Laguntzaileak saiatzen dira desmartxa juridiko eta administratiboetan laguntzen, gutxienez egonaldi baimena lor dezaten. Zaila da, baina ez dugu beste aukerarik.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)