«Emakumeen egoera politikoa bihurtu da herrialde arabiarretan»

Golkoko monarkiak kontserbadurismo musulmanaren eta liberalismo ekonomikoaren tenpluak dira Bessisentzat: «Elkarrekin oso pozik daude». Emakumeak «beti» gizartearen nortasunaren ikur direla dio.

Berria, Ander Perez Zala, 19-05-2017

Sophie Bessis (Tunis, 1947) ibilbide luzeko historialari eta kazetaria da. Jeune Afrique egunkariko erredaktoreburu ohia da, eta ikerketa eta berrikuntzako zuzendaria izan da IRIS Nazioarteko Harreman Estrategikoen Institutuan. Herrialde arabiarretako emakumeen egoeraz idatzi du hainbatetan. Donostiako San Telmo museoan izan berri da hitzaldi bat ematen, Waste Lands: Lur eremuak erakusketaren harira.

Mendebaldean, ikuspuntu homogeneoa al dugu mundu arabiarrari buruz?

Tamalez, bai. Gero eta sinplistagoa da, homogeneoagoa. Eta nire ustez okerragoa dena: mundu arabiarra eta musulmana nahasten direla. Mundu arabiarra erlijioaren ikuspuntutik aztertzen da soilik, eta, hor, gauza asko ahazten dira niretzat garrantzitsuak direnak: mundu arabiarra Marokotik Arabiar penintsulara doala; beraz, hainbat eskualdek eta herrialdek osatzen dutela.

Zure ustez, mundu arabiarreko gizarteak bi gizarte proiekturen arteko hautaketan daude: unibertsala ala mundializazioa.

Bai, baina ez soilik mundu arabiarrean: mundu mailako hautaketa da. Unibertsalismoa eta mundializazioa bi kontzeptu oso desberdin dira. Mundializazioa postmodernitatearen forma bat da, unibertsalaren aurkakoa, haren kontra egiten duena. Mundializazioak identitateak tolestea eragin du munduan, eta, egun, mundu arabiarreko herrialde batzuetan ezin da proiektu politikorik egin, asko gerran daudelako. Baina, besteetan, Tunisian, Marokon edo Magreben, gizarte proiektuen arteko talka dago. Alde batetik, nortasuna oinarri dutenak; nortasun hori erlijioa eta islama da. Eta, bestetik, gizarte demokratikoak eraiki nahi dituztenak, unibertsaltasunaren printzipioetan oinarrituta; eskubideetan, alegia.

Islam politikoa atzerrikoarekiko erreakzioa da, ala jakin izan du globalizazioarekin elkartzen?

Ez bata, ez bestea. Bi joera ditu: batek dio islama modernizatu egin behar dela, ez duelako lortuko bizirik irautea, islamaren interpretazio arkaiko baten preso direlako. Besteak dio: modernitatea islamizatu behar da. Islam politikoa azken horretan dago. Egun, gizarte proiektu global bat dago, islam politikoa, nahi duena itzuli islamaren interpretazio oso fundamentalistara; baina ez da kontraesanezkoa mundializazioarekin. Islam politikoa soziologikoki eta politikoki oso erreakzionarioa da, eta ekonomian oso ultraliberala. Golkoko monarkiak, adibidez: kontserbadurismo musulmanaren eta liberalismo ekonomikoaren tenpluak dira. Elkarrekin oso pozik daude.

Islam politikoa kontserbadoreagoa da demokrazietan ala diktaduretan?

Islam politikoa erreakzionarioa da, kontserbadorea baino gehiago. Oinarri ideologikoak berberak dira bi testuinguruetan. Mundu arabiarreko diktadurek mesede egin diote islam politikoari.

Islamaren eta feminismoaren arteko harremanari buruz ikuspuntu asko daude. Batek dio feminista eta musulmana izatea erredundantzia dela, islamak berdintasuna nahi duelako. Ados al zaude?

Ezinezkoa da berdintasuna lortzea erlijioaren paradigmarekin. Gai horren inguruan islamak ez du desberdintasun handiagorik edo gutxiagorik sustatzen, beste erlijio monoteistekin konparatuz gero. Hor uste dut gelditu behar dela islama estigmatizatzea beste erlijioen aldean; besteak bezain misoginoa da. Paradigma erlijiosoarekin hautsi behar da emakumeen emantzipazioa lortzeko. Islamaren kasuan, argi dago mota guztietako interpretazioak daudela. Saudi Arabiarena da [wahabismoa] interpretaziorik okerrena da, ilunena; eta [Habib] Burguiba presidentearena dago, Tunisian egindakoa, modernoena.

Emakumeen egoera nazioarteko gaia da egun?

Bai. Baina emakumeen egoera instrumentalizatuta dago. Mendebaldeak, behar duenean, zera esango du: «Begira herrialde atzeratu horiek, emakumeak nola dituzten»; hurrengo egunean, salatutako hori ahaztuko du, herrialde horiekin zerbaiti buruz negoziatzeko. Emakumeak borrokatzen direlako eta, egun, eragileak bilakatu direlako, bai, nazioartekoa da. Egun, emakumeak ari dira emakumeei buruz eztabaidatzen, haiek dira politikan sartzen direnak. Herrialde arabiarretan emakumeen egoerari buruzko eztabaidak daude; hemen uste baino garrantzitsuagoak dira, eta sakonagoak; eta emakumeen egoera politikoa bihurtu da. Aurrekoan, Saudi Arabia hautatu zuten Nazio Batuen Erakundearen Emakumeen Eskubideen Batzordeko kide, eta horrek sortutako eskandaluak erakusten du gaia nazioartekoa dela.

Atzerapen sozialak dauden bakoitzean, emakumeen eskubideak daude jomugan. Zergatik jotzen dute emakumeen aurka?

Emakumeak dira gizarteen nortasunaren ikur. Beti. Beraz, atzerapenak dauden bakoitzean, atzerapen horien nortasunaren ikur izango dira emakumeak. Begira beloaren kasua. Beloa nortasunaren ikurra da. 1960ko eta 1970eko hamarkadetan, beloaz libratu ginen mundu arabiarreko hainbat herrialdetan; beloa zapalkuntzaren ikurra zen garai hartan. Egun, beloa eramatea nortasuna salbatzea da emakumeentzat. Baina, duela 60 bat urtetik, gauzak aldatu egin dira, benetan aldatu dira, generoen arteko harremanean batez ere. Uste dut egun beldur maskulinoa dagoela, forma askotan azaleratzen dena. Generoen arteko harremana aldatzearen inguruko beldur maskulino handia dago, eta horrek sortzen ditu atzerapen horiek.

Modelo tradizional patriarkala aldatu da?

Eboluzio bat egon da, eta erreakzio oso bortitza sorrarazi du. Herrialde eta kulturen arabera, forma desberdinak hartu ditu. AEBetan [Donald] Trumpekin, adibidez: gizontasunaren sinbolo da. Estatu Islamikoan berdin, edo Indian, sekulako bortizkeria misoginoa dagoen tokiak dira. Eta generoen arteko harremanen aldaketen inguruko erreakzioa da islam politikoa.

Adibide asko daude. Esaterako, Nizako hondartzan jendarmeek burkinia kentzera behartu zuten emakume bat.

Horren inguruan, gauza bat dut esateko: burkiniaren aurka nago, zapalkuntzaren sinbolo delako. Baina, burkinia eraman nahi badu, eraman dezala! Hau da, burkiniaren aurka nago, eta burkinia debekatzeko lege baten aurka ere bai.

Tunisian trantsizioa arrakastatsua izan da?

Ez dakit. Nik dakidana da egun trantsizio demokratikoan gaudela. Mundu arabiarreko herrialde bakarra da benetan dagoena trantsizio demokratiko batean, eta demokrazia ikastaldi bat da. Bide bat da. Eta gu bide horretan gaude.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)