Trumpek ultimatuma eman die immigranteak babesten dituzten hiriei

Immigrazio Legea betetzen ez dutelakoan, presidenteak diru funtsak kendu nahi dizkie 'hiri santutegiei'. Epaile batek neurria blokeatu du

Berria, Kristina Berasain Tristan, 27-04-2017

Donald Trumpek ehun egunen data sinbolikoaren atarian beste oztopo handi bat aurkitu du hauteskunde kanpainan egindako promesetako bat betetzeko —larunbatean egingo ditu ehun egun Etxe Zurian—. Ameriketako Estatu Batuetan badira immigrazio politika propioak ezartzen dituzten hiriak, paperik gabeko immigranteak babesteko hiri santutegiak, eta horiei bideratutako diru laguntzak kentzeko agindua sinatu zuen presidenteak agintera iritsi zen aste berean. Ordutik, baina, kritikak eta trabak baino ez ditu jaso neurriak, eta, ehun egun hauetan behin baino gehiagotan agerian geratu den bezala, badirudi oraingoan ere ezingo duela bere promesa azkeneraino eraman.

William H. Orrick San Frantziskoko epaileak neurriari ezarritako blokeoa izan da azken oztopoa. Konstituzioaren kontrakoa dela iritzi dio epaileak, aurrekontuak ez dituelako presidenteak onartzen: «Kongresuak du aurrekontuak onartzeko ardura, eta presidenteak ez dauka eskumenik tokiko erakundeei bideratutako funtsak kentzeko».

Trumpen erantzuna berehalakoa izan da. Presidenteak esan du epailearen blokeoa «irrigarria» dela, eta bera «zuzenbide estatua» berrezartzen ari dela argudiatu du. Gorenera joko duela jakinarazi du txio baten bidez presidenteak, baina gobernuak komunikatu bat argitaratu izanak utzi du agerian auziak eragin duen amorrua. Etxe Zuriaren arabera, epaile batek ezin du alde bakarreko erabaki bat hartu migrazio politikaz, «atzerriko gaizkileen ongizatea estatubatuarren segurtasunaren aurretik jarriz».

Trumpen neurria beteko balitz, hiri santutegiek aginte federalen eskuetan utzi beharko lituzkete paperik gabeko immigranteak deportatuak izan daitezen. Hirietako alkate demokratek, baina, ez dute hori betetzeko asmorik.

Rahm Emanuel Chicagoko alkatea irmo mintzatu da, esanez immigranteak aurrerantzean ere babestuko dituztela: «Gure artean ez dago arrotzik; gurera etortzen direnei ongietorria ematen diegu beti». Bill de Blasio New Yorkeko alkateak ere immigranteei harrera egiten jarraitzeko asmoa agertu du.

Dozenaka dira herrialdean immigranteak babesten dituzten hiriak: Miami, Seattle, San Diego, Austin, Boston, Chicago, San Frantzisko, Denver eta Los Angeles. Azken hiri horretan 1979an hartutako neurri bat dago kontzeptu honen jatorrian; immigranteen estatusari buruz galdetzen uztea eskatu zioten poliziari. San Frantziskon, hamar urte geroago, 1989an, udal arau bat onartu zuten immigrazio lege federalak gogortzeko funtsak debekatuz.

Ultimatuma

Justizia Departamentuak Immigrazio Legea betetzen ez duten hiriei funtsak kentzeko mehatxua egin zuen ostiralean. Jeff Sessions fiskal nagusia, berriz, herenegun elkartu zen hamabost hiritako alkateekin ultimatuma emateko.

Hau, baina, ez da izan aste honetan errepublikanoek izan duten oztopo bakarra. Trumpek Mexikorekiko mugan egin nahi duen harresiak, kanpainako beste promesa handiak, beste traba bat aurkitu du. Aurrekontutik proiektu horretarako jarritako saila erretiratu egin behar izan dute —1.400 milioi dolar—, demokratek ezarritako marra gorriagatik. Trumpi bihar amaituko zaio aurrekontuak onartzeko epea, ehun egun bete aurreko egunean.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)