‘Zure auzoa, zure etxea’, errefuxiatuekin lanean

nafarroako munduko medikuak gke-ak proposatuta, errefuxiatuak laguntzeko proiektu batean parte hartzen ari gara hegoaldeko ikasleak

Diario de Noticias, Testua eta argazkia Hegoalde Ikastetxe Publikoa, 07-04-2017

etxeko berriak

Urtero bezala, ikasturte hasieran ikastolak hamaika proposamen jaso zituen kurtsoan zehar ikasleekin lan egiteko. Gehienak interesgarriak, baina Nafarroako Munduko Medikuak GKE – k helduarazi zigunak erakarri gintuen bereziki: Arrosadia Auzoko Kulturartekotasun proiektuaren barruan dagoen Zure auzotik, zure etxetik izeneko proiektuaren partaideak izatea eskatzen ziguten.

Magali Pedraza, proiektu honen hezkuntza – teknikaria, ikastolara hurbildu zen irakasleriari proiektuaren zehaztapen guztiak azaltzeko, auzoko ikastetxeetako inplikazioa ezinbestekoa zela azpimarratuz.

Bi helburu nagusi aipatu zituen: desberdintasunen errespetua eta kultura desberdinen arteko harremana lortzea, kontuan izanda prozesu dinamiko bat dela, elkar eragiteko eta aberasteko aukeran oinarritua.

Proposamena lau tailerretan egitaratuta dago eta bakoitzean hurrengo gaietako bat jorratzen da: Giza Eskubideak, Osasunerako Eskubidea, Immigrazioa eta Errefuxiatuak, Estereotipoak eta Aurreiritziak eta Haurren Eskubideak.

Jakin badakigu gure auzoa oso anitza dela eta horregatik, interesgarria iruditu zitzaigun 5. eta 6. mailetako ikasleek parte hartzea. Urtarrilatik aurrera lanean hastea adostu genuen Magalirekin.

Hasteko, 6. mailan egiteko Immigrazioa eta errefuxiatuak tailerra prestatu genuen. Pertsona migra – tzaileak bizi ari diren egoera larriak ezagutzea jarri genuen helburu: nondik datozen, zergatik uzten dituzten haien jaioterriak, nola bizi diren mugetan, errefuxiatuen kanpamentuetan, gure herrialdean, zertan eta norengandik jasotzen duten laguntza… Hala ere, helburua ez da soilik ezagutza, haiekiko enpatia lortu nahi dugu gure ikasleengan eta baita haien inplikazioa ere arazo honetan.

Honetarako jarduera batzuk garatu ditugu. Lehenik, gaiaren inguruko galdetegi bat bete dute familiarekin batera; gelan komunean jarri dugu eta zalantzak denon artean argitu ditugu. Ikastolako irakaslea den Begoña Huartek Grezian bizi izandako guztia kontatu eta beraien kezkak eta jakin – minei erantzun die. Jartúm Ibáñezek, Munduko Medikuak GKE – ko boluntarioa denak, pertsona migratzaileek Nafarroan duten egoeraz hitz egin die. Asun Larretak, ikastolako irakaslea, euskaldunon historiara hurbildu ditu eta beste garai batean, gu ere errefuxiatuak izan garela kontatu die argazki erakusketa bikainaz lagunduta. Hauetaz gain, bideo, abestiak eta jolasen bitartez landu da gaia.

Hemendik aurrera ikasle beraiek izango dira benetako protagonistak, ikasi duten guztia plazaratzeko ardura baitute. Familian, auzoan, unibertsitateko ikasleen artean… eta auskalo! Agian errefuxiatuen kanpamentu bateko haurrei haiekiko elkartasuna erakutsiko diete nolabait.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)