Zirrikituetatik begira

Arrazak

Deia, Juanra. Madariaga, 26-03-2017

ASTE honetako martitzenean, Arraza Bereizkeria Mota Guztiak Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna izan da, eta ez da geure kalendarioan gorriz markaturik etorri. Historia bereizkeriaz idatzita dago. Gerra handietan, bereizkeriaren izenean, gizaseme elemenia erail ziren inolako urrikalmenik gabe. Gaur egun, zenbait tokitan, bigarren mailako gizakiak euren bizitza salbatu nahian burutzen ari diren borrokaren ikusle hutsak gara. Arraza diferentea dute, eta Afrikatik, Ekialde Hurbiletik, eta laborriak uxatu dituen herrialde urrunetatik etortzen dira.

Estereotipaturik ditugu atzerritar horiek, guk geuk badakigu nortzuk diren (oso azkarrak gara!). Geure aurreiritziak eta negatibotasun faltsua erraz zabaltzen da, ezarrita egon beharko litzatekeen bizikidetzari ondorio kaltegarriak ekarriz.

Hori saihesteko eta kanpotarren aurkako intolerantziari aurre egiteko sortu da egun berezi horrekin batera ere honako leloa: Don’t be divided – stay united! Kanpainak Europako hiri askotan izan ditu habia eta babesa, berez sortzen ditugun betiko iritzi eta zurrumurruen kontra ekiteko, eta bide batez, gauden garaiarekin loturik, diskurtso edota ikuspegi berriak sortzeko.

Hala, hainbat tokitan, Arrazakeriaren aurkako Europar Astearekin bat eginez, kontu negatibo horiek lantzeko zenbait jarduera estrategiko antolatu dituzte. Ekimen horietan, nola ez, immigrazioaren gaia, bere arrazoietan, konponbideetan eta abarretan sakontzeko abaguneak eskaini dira hitzaldi edota tailerretan. Seguruenik, egun horren kariaz, aspaldian Hegoafrikako herri batean gertatu zen sarraskia ere gogoratu dute. Izan ere, 1960an, Apartheid – aren aurka burutzen ari zen manifestazio bateko parte – hartzaileei tiro egin zieten bertako botere faktikoen morroiek, eta ondorioz, 70 pertsona hil ziren. Harrezkero, Arraza Bereizkeria Mota Guztiak Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna da hura.

Gaurko egunetan, hori bezalako egun asko egon beharko lirateke geure egutegian gorriz markaturik, eta ez jaia direlako, arraza bereizkeriagatik hil diren migratzaile eta iheslari askoren heriotza gogorarazteko. Bereizkeria eta intolerantzia gorriak dira, odolaren kolorekoak.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)