Mapa ezezagun eta koloretsua

Euskal Herrian mintzatzen diren 99 hizkuntza identifikatu ditu Badihardugu elkarteak '101 L' izeneko ikerketa proiektuan. Hiztun horien esperientziak eta ikuspegia bildu ditu.

Berria, Mikel Rodriguez , 23-03-2017

Euskal Herrian lau hizkuntza izan dira nagusi mendeetan: euskara, gaztelania, frantsesa, eta garai batean hedatuago zegoen gaskoia. Badihardugu euskara elkarteak, ordea, bertzelako errealitate bat bistaratu du, 99 hizkuntza zenbatu baititu Euskal Herriko karriketan. «Eta, urtetik urtera, gero eta gehiago dira», erran du Idoia Etxeberria Badihardugu elkarteko kideak. Izan ere, etorkinek, etorkinen ondorengoek eta bisitariek dozenaka kolore gehitu dizkiote Euskal Herriko hizkuntzen mapari. «Ez gara konturatzen, baina hizkuntza asko ditugu inguruan».

Etxeberriak eta Idoia Mauleon Badihardugu-ko kideek 101 L egitasmoa aurkeztu zuten atzo Donostian. Euskal Herrian mintzatzen diren hizkuntzak biltzea izan dute helburu, horien hiztunak elkarrizketatuta. 190 lekukotza jaso dituzte guztira, 99 hizkuntzatako hiztunekin. Ikerketan Donostia izan dute erdigune; 154 elkarrizketa egin dituzte Gipuzkoako hiriburuan, eta, atzo, Donostia eleaniztuna dokumentala aurkeztu zuten han bildutako lekukotzekin. Gainerako elkarrizketa gehienak herrialdeko bertze udalerri batzuetan egin dituzte, eta gutxi batzuk Bizkaian. «Dena den, Euskal Herri osora hedatzeko bokazioa du proiektuak, ez da Donostiara mugatuko», azaldu du Etxeberriak. Badihardugu-k material guztia Interneten argitaratuko du http://101lahotsak.eus helbidean, proiektuaren helburua baita dibulgazioa.

Hiru galdetegi

Ikerlariek hiru galdetegi egin dituzte: etorkinentzat, etorkinen ondorengoentzat eta turistentzat. Dena den, Etxeberriak erran du inkesta bertan bizi direnengan zentratu dutela, eta zehaztu du ez dutela egin «ikerketa linguistiko soil bat», elkarrizketatuen esperientzia pertsonalak eta integrazioari buruz duten ikuspegia jaso nahi izan baitute. Etorkinei dagokienez, erantzunak askotarikoak izan dira: «Bikotekidea euskalduna zutelako etorri dira asko. Beste batzuk ikastera datoz, eta beste batzuk bizimodu hobe baten bila etorri dira milaka tokitatik igaro ondoren».

Etxeberriak kontatu du elkarrizketatuek «oso harrera ona» egin diotela 101 L proiektuari. «Haien hizkuntza kontuan izateak poztu ditu». Etxeberriari atentzioa eman dio hizkuntza minorizatuetako hiztun batzuek beren hizkuntzekin erakutsi duten jarrerak. «Afrikako hizkuntza batzuen hiztunekin gertatu zaigu haien hizkuntza gutxiestea, esatea ‘baina hau etxeko hizkuntza bat da’, eta balio handiagoa ematea frantsesari edo ingelesari».

«Euskara zaila dela?»

Turista eta etorkin batzuek Hego Euskal Herrira ailegatu zirenean ez zekiten euskara existitzen zenik ere. «Gaztelania bakarrik hitz egiten zela uste zuten. Adibidez, Ukrainako bikote bat oporretan etorri zen, Donostia gustatu, eta erabaki zuten bizitzera etortzea. Mutila elkarrizketatu genuenean, hilabete batzuk zeramatzan Donostian, eta justu-justu zekien hemen beste hizkuntza bat zegoela. Baina Donostiatik Hernanira bizitzera joatekoa zen, eta nik uste dut honezkero jakingo duela».

Ikerketak gogoetarako hainbat konklusio utzi ditu. Etxeberriaren ustez, euskara ikasteko zailtasunaren «mitoa» da bat, Euskal Herriko karriketan dagoen hizkuntza aniztasunak bertzelako ikuspegi bat ematen baitu. «Errusiar batek esan zigun: ‘Zaila dela? Has daitezela errusiera ikasten’». Elkarrizketatu anitz euskarara hurbildu dira, «behetik gorako» transmisio batekin; hau da, bertako hizkuntza seme-alabengandik jasota. «Gero eta ikasle gehiago ari dira euskaraz ikasten, eta kontuan hartzeko faktore bat da».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)