Araban etorkinak A ereduko eskola publikoetan matrikulatzen dira

Berria, 24-03-2006

estitxu ugarte – GASTEIZ

Ikastetxe publikoetan eta A ereduan biltzen dira Araban bizi diren lau etorkinetik hiru. Kontuan izanik, Araban, ikastetxe pribatuek eskolako plazen %47,4 eskaintzen dutela, eta A ereduak behera egin duela nabarmen, ikasle etorkinen kopuru handia dago zentro publiko jakin batzuetan matrikulatuta.

Izan ere, Araban, iazko ikasturtean, 52 ikastetxe publiko zeuden Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasketak egiteko. 1.498 ikasle etorkin zeuden. Horietatik, 1.225 ikastetxe publikoetan matrikulatuta zeuden, eta 273 soilik ikastetxe itunduetan. Hizkuntz ereduak aintzat hartuta, A ereduan 1.227 ikasle zeuden, B ereduan 222, eta D ereduan 49.Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan datuak oso antzekoak dira. 1.637 ikasle sare publikoan zeuden iragan ikasturtean, eta 362 ikastetxe pribatuetan. Halaber, ikasle gehienek A ereduaren aldeko hautua egin zuten.Datu horiek guztiak bildu ditu Jesus Manuel Septien irakasleak Mugarik gabeko eskola liburuan, eta EAEko Arartekoak emandako beka bati esker argitaratu berri da. Liburuaren helburua ikasle etorkinen integrazioari buruzko hainbat alderdi aztertzea izan da, hala nola, ikastetxeetan zer egiten ari diren, zer ari den aldatzen eta aldaketa horiek nola egiten ari diren. Araba oinarri izan duen lanaren arabera, etorkinek ez dute ikastetxearen hautua oharkabean egiten. Bizilekutik hurbil egotea da ikastetxea aukeratzeko arrazoi nagusia. Bigarren irizpidea, berriz, zentroan neba – arrebak edo familiakoak edukitzea da. Erabakiak hartzeko hirugarren baldintza ikastetxeak zerbitzuen eskaintza zabala eskaintzea da, besteak beste garraioa eta jantokia. Aipatu irizpideen artean, ikastetxearen hizkuntz eredua azken postuetan aipatzen dute Araban dauden etorkinek.Dena den, hezkuntza alorrean hobetzea baino irizpide garrantzitsuagoa da gehienentzat faktore ekonomikoa, eta, ondorioz, seme – alabek ahal bezain pronto lana aurkitzea dute helburu. Ikasleen iritziak jaso eta haien egoera aztertzeaz gainera, Septienek herrialdeko zenbait ikastetxetako zuzendaritzarekin eta irakaslerekin harreman zuzena izan du, eta haien gogoetak ere jaso ditu. Immigrazioak behar berriak sortu dituela antzeman dute irakasle gehienek azken urteotan, eta horiei erantzuteko Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ikastetxeei askoz ere baliabide gehiago eskaini beharko lizkiekeela uste dute.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)