Errefuxiatuak

Gernikaren memoria eta errefuxiatuak, uztartuta

Berria, Berria, 18-03-2017

Errefuxiatuen aldeko Euskal Herriko plataformek Ongi Etorri Gernika 2017 jardunaldiak egingo dituzte apirilean. Oroimen historikoari eta errefuxiatuen egoerari buruz ariko dira hitzaldi, mahai inguru eta beste hainbat ekitalditan. “Gaur inoiz baino beharrezkoagoa da Gernikaren esanahiaren oroimena bizirik mantentzea, eta aski da! esatea milioika pertsonak ihes egiten ari diren beste Gernika horietan gertatzen ari denari”, adierazi dute Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako ordezkariek Gernikako Astra eraikinean gaur egin duten aurkezpenean. Oroitarazi dute gaur urtebete egin duela EB Europako Batasunak eta Turkiak errefuxiatuei mugak ixteko helburuz egin zuten akordioak. “Erabaki horrek milaka pertsona errefuxiatu eta migratzaile baldintza ankerretan utzi ditu atxiloketa zentroetan”.
Gaurko agerraldian 80 lagun elkartu dituzte, Gernikan naziek egindako bonbardaketatik igaro diren 80 urteak sinbolizatzeko. 80 herritar horien artean, toki nabarmen bat eman nahi zian diete 36ko gerra ezagutu zuen Gernikako andre bati, eta Mendebaldeko Saharako emakume errefuxiatu bati.
Ongi Etorri Gernika 2017 jardunaldiak apirilaren 29an eta 30ean egingo dituzte —apirilaren 26an beteko dira 80 urte Espainiako faxisten alde borrokan ari zen Alemaniako abiazioak bonbardaketa egin zuenetik—. “Milaka pertsona bilduko gara, eta denon artean adieraziko dugu haserre gaudela, eta egoera hau erabat gaitzesten dugula. Halaber, aurre egingo diogu gure gobernuen pasibotasunari eta axolagabekeriari, alternatibak proposatuz eta eraikiz”, adierazi dute antolatzaileek prentsari giorritako txosten batean.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)