«Immunizazioaren aurkako zaplaztekoa da film hau»
Telmo Esnalekin batera 'Aupa Etxebeste!' zuzendu ostean, 'Sarean' aurkeztuko du gaur Asier Altunak, immigrazioaren inguruko laburra
Berria, 24-03-2006XABIER MARTIN – DONOSTIA
Donostiako IV. Zinema eta Giza Eskubideen Topaketen barruan estreinatuko dute Sarean film laburra, Asier Altuna (Bergara, 1969) zinemagilearen azken ekoizpena.
Nondik nora sortu duzu Sarean? Zein da ekoizpenaren abiapuntua?
Aspaldiko gertaera batek eragin du Sarean. Immigranteen irudi batzuk ikusi nituen telebistan. Aste asko itsasoan hilda zeudela iritsi ziren hondartzara, azala zuri – zuri zutela. Eta irudi horiek hunkitu egin ninduten. Lagunekin hitz egiten hasi nintzen, eta ohartu nintzen jendea nolabait immunizatuta dagoela. Ez lotsarik, ez kezkarik, irudi horiek jada ez dute jendearengan erreakziorik sortzen. Immunizazio horren kontrako zaplazteko bat da nolabait labur hau.
Zer adierazi nahi izan duzu?
Guk geuk, iparraldean bizi garenok ere, arazo horretan parte hartu behar dugula. Gu ere errudun bagarela aurpegiratzea da kontua; errukia baino gehiago behar da justizia.
Ez dago elkarrizketarik.
Ez du beharrik ere. Oso laburra da film labur hau, pintxo baten modukoa. Ustez erraza zen egitekoa, baina gero errodatzean gauzak korapilatu egin dira, batez ere itsasoan. Hala ere, irudiarekin dena azaltzen da.
Mezu argia badu, baina mezuaren azalpena ikusleari utzi diozu, ezta?
Bai, erabat zabalik dago film labur hau. Ez dut inolako dotrinarik eman nahi izan. Bakoitzak bere interpretazioa egin dezala ikusi ondoren.
Sarean behar bezala hedatuko dela uste al duzu?
Ongi legoke datorren urtean Kimuak – en barruan sartzea. Jaialdien zirkuitu horretan aritzea luxu bat litzateke.
Aupa Etxebeste! – ren ondoren film laburrera itzuli zara. Euskarri eskuragarriagoa delako akaso?
Nik ez dut ez konplexurik, ez lotsarik ere. Ez da aurrekontuaren eragina, berdin dio film batek zein iraupen daukan. Azkenean gauzak transmititzeko tresnatzat erabiltzen dut zinema.
Denborak ematen duen perspektibarekin, nola hautematen duzu orain Aupa Etxebeste!?
Guk pentsatu bezala egin genuen. Euskaraz egitea pentsatu, eta hala egin genuen, eta orain poz izugarria ematen du hori jakiteak. Jendeak onartu du, ongi pasatu du, kritika egon da, denetik egon da, eta ikusleak mugitu ditu. Pozik gaude.
Zein da filmaz irakurri duzun gauzarik hoberena eta zein txarrena?
Lore asko bota dizkigute eta ez nintzateke ezer zehatzarekin geratuko. Kritika txarren artean badut bat gogoan. Azkonaren moduko film bat egitea nahi genuela eta Ozoresen modukoa atera zitzaigula esan zuen batek.
Euskarazko bertsioa gaztelaniazko azpitituluekin eman zutela – eta, egon zen ika – mikarik…
Bikoizketa da gustatu ez zitzaidana. Euskaraz egin genuen filma, euskarazko aktoreekin, eta gero bikoiztea alukeria bat da, baina merkatuak eskatzen du. Azpitituluek zabalago egiten dute lana merkataritzaren ikuspuntutik, ez dagoelako soilik euskal hiztunei mugatua. Hala ere, azpititulurik gabeko bertsioren bat bazuten jartzea. Euskal zinema ez dagoela, eta dagoenean azpitituluak dituela… Beti egon behar du ika – mikak, baina horrek ez nau kezkatu, are gutxiago haserretu.
Aupa Etxebeste! – ren arrakastak hauspoa emango al dizu film luze berri bat egiteko?
Lau edo bost urte daramat zinemagintzaren lepotik bizitzen. Niretzat hori luxua da. Gauza askori buruz idazteko gogoa badut eta zinemagintzan jarraitzeko gogoa ere bai.
Baina, egitasmo zehatzik ba al duzu?
Marrazki bizidunetako istorio bat idazten ari naiz, eta hori film luze bat bihurtzea gerta daiteke.
(Puede haber caducado)