Betoari betoa, berriz ere

Hawaiko epaile batek behin-behinean blokeatu du migranteen aurkako Trumpen bigarren neurria. Hormak 20.100 milioi euro balioko du

Berria, Ander Perez Zala, 17-03-2017

Donald Trump AEBetako presidentearen lehen betoarekin gertatu bezala, bigarrena ere bertan behera utzi du Justiziak, behin-behinean. Indarrean sartzeko bost ordu falta zirela, sei estatu musulmanetako herritarrei eta errefuxiatuei AEBetarako sarrera galarazteko neurria blokeatu zuen atzo Honoluluko (Hawai) epaile Derrick Watsonek, «ezin konponduzko kalteak» eragin diezaizkiekeelakoan. Trumpek, ordea, bide judizialetik jarraitzeko asmoa berretsi du: «Borrokatuko gara erabaki izugarri honen aurka. Auzitegi Goreneraino iritsiko gara, irabazi egingo dugu».

Trumpek bultzatutako legedi horrek herrialdean sartzea debekatzen die errefuxiatuei —120 egunez—, baita Irango, Libiako, Siriako, Somaliako, Sudango eta Yemengo herritarrei ere —90 egunez—; lehen neurrian, Irakeko herritarrei ere galarazi zien sartzea. Betoa kentzearen truke, Bagdadek haren herritarren gaineko kontrola areagotuko zuela hitzartu zuen Washingtonekin.

Watson epailearen erabakia «Justiziaren gehiegikeria» dela deritzo Trumpek, «aurrekaririk gabekoa», arrazoi «politikoak» dituena. Amorerik eman ez, eta Auzitegi Gorenera joko duela ziurtatu du, Etxe Zuriak Apelazio Auzitegian aurkeztuko dituen helegiteak arrakastarik izango ez dutela jakitun, azaldu duenez. Mehatxu egiteko aukera ere izan du: «Lehen betora itzuli behar dugu, eta bide judizial osoa egin [Goreneraino]».

1.397 milioi euro, hasteko

Trumpek aurrekontuen zirriborroa aurkeztu du, eta AEBen eta Mexikoren arteko mugan eraiki nahi duen horma finantzatzeko 1.397 milioi euro eskatuko ditu aurten, lanen obren plangintza egin eta eraikitzea abiatzeko; horrez gain, 2.421 milioi dolar nahi ditu datorren urterako, mugako segurtasuna finantzatzeko. Orotara, harresiak 20.100 milioi euroko kostua izango du, DHS Segurtasun Nazionaleko Departamentuaren arabera.

Gainontzeko departamentuei begira, Trumpek %9 igo nahi du Defentsarako aurrekontua, %7 Barne Segurtasunerako aurrekontua, eta %6 Beteranoen Aferetarakoa. Hori finantzatzeko, murrizketak proposatu ditu gainontzeko departamentuetan; handiena Ingurumena Babesteko Agentziak jasango luke —%31 gutxiago—, eta hemeretzi agentzia finantzatzeari uztea proposatu du, tartean arte eta humanitateena. Hezkuntzara eta enplegura diru gutxiago bideratu nahi du.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)