Migranteak

Europa sarrailez itxita, Libian harrapatuta

Berria, Amagoia Mujika Tolaretxipi, 28-02-2017

Nazio Batuen Erakundeak kezka agertu du Saharaz hegoaldeko herrialdeetatik Italiara bitartean migranteek pairatzen duten egoera dela eta. Bereziki umeengan jarri dute arreta. Libiara iritsi arteko amesgaiztoaren ondoren, Libian bertan bizi dutenaren txostena egin du Unicefek. Gaur egun 250.000 pertsona inguru daude preso Libian, migratzaileentzat egin dituzten eremuetan, txostenean jaso dutenez, baina ohartarazi dute legez kanpoko eremuak ere detektatu dituztela, ez dakitela zenbat diren, eta ezta zenbat jende dagoen ere.
Bakarrik doazen umeen kasuan, gatazka eremuetatik egin dute ihes. Senideek dirua aurrezten dute euren seme – alabak Europara joan daitezen bizi hobearen bila. Iaz Mediterraneoa zeharkatu zuten 180.000 pertsonak, eta 26.000 umeak ziren, horietatik gehienak bakarrik zihoazen, eta iritsi zirenetako ehun bat emakume eta ume elkarrizketatu dituzte.
Ia erdiek esan dute indarkeria eta sexu abusuak pairatzen dituztela trafikatzaileen esku lehenik. Esan dutenez, Libiara iritsi aurretik herrialdeetako mugak dira bereziki arriskutsuak. Behin Libian, sartzen dituzten zentroen zaintzaileen esku pairatzen dute indarkeria, esklabotzat hartzen dituzte, sexu abusuak jasan, hala nola, jatekorik eta edatekorik gabe izaten dituzte. Jende asko hiltzen ari da goseak eta hotzak, eta hil ere egiten dituzte agindutakoa betetzen ez badute, baina ez dute salatzen bahitzeko edo deportatzeko beldurragatik.
Libian 34 atxilo zentro zerrendatu dituzte, hiru basamortuan. Gehienak gobernuarenak dira, baina herrialdeak bizi duen kasotaren ondorioz, talde armatuak ari dira zentroak bereganatzen eta berriak sortzen, bidean datozen migranteen jabe egiteko.
Europaren erantzuna
Europa ahalik eta bide gehien aztertzen ari da migratzaileak kontinente zaharrera irits ez daitezen. Libiara iristen diren afrikarrak etxera itzultzeko bideak jartzea da orain Europako Batasunaren migrazio politikaren helburuetako bat, Turkiaren laguntzaz Egeo itsasoa itxi ondoren. Baina herrialde hartako gatazkak eta gobernurik ezak ez dute akordiorik ahalbidetzen —Muammar Gaddafirekin Europak zituen akordioek bere erorikoarekin batera desagertu ziren—, eta NBE Nazio Batuen Erakundearen bidez egitea hitzartu dute. Baina nola? Zentro seguruagoak eraikiz Europara joan ez daitezen?
Aukera hori aztertzen ari dira, baina momentuz herrialdeetako mugak zaintzea lehenetsi dute. Niger, Nigeria, Senegal, Mali eta Etiopian proiektu bat martxan jarri dute, eta hainbat diru erabili dute, gobernuekin hitzarmenak eginez, besteak beste, mugak indartzeko, emigratzeko gogoa itzaltzeko asmoz, baina ohiko mugak itxita, trafikatzaileen esku dauden ihesbideak sortzen dira.
Immigranteak Europara iritsi aurretik, beren sorlekuan berriz ere onartzeko akordioak egitea da Europako Batasunaren beste helburuetako bat. Bide horretan sakondu nahi du datozen hilabeteetan, baina gerretatik ihesi doazenek nekez topatuko dituzte itzultzeko pizgarriak.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)