IOMek errefuxiatuen organoak salerostea egotzi die mafiei

Berria, M. G. F. A, 23-02-2017

IOM Nazioarteko Migrazioen Erakundeak salatu du errefuxiatuek Afrikatik Europara egiten duten bidean legez kanpoko organo salerosketa egiten dutela mafiek. Erakundearen arabera, Egiptoko Sinai desertua gurutzatu duten migratzaileen %20ri organoren bat lapurtu diete edo sexu erasoren bat egin diete. Ezaguna da Sinaiko basamortuan hiltzen den migratzaile kopurua, baina erakundeko kideek azaldu dute legez kanpoko salerosketa Turkiara ere iritsi dela: «Herrialdeak duen egoera ezegonkorra baliatzen dute mafiek organo trafikoa egiteko».

Ikerketaren arabera, mafiek errefuxiatuen muturreko egoera aprobetxatzen dute negozioa egiteko. Organoa kentzearen truke, Europarako txartela eskaintzen diete migratzaileei; horrela, errefuxiatuek beren gorputzeko atal bat saltzen dute. Azkenaldian, ordea, Turkiako errefuxiatu eremuetan ere organoen legez kanpoko salerosketa egiten dela salatu dute erakundeek. Rafael Matesanz Transplanteen Erakunde Nazionaleko arduradunak uste du Europak egoera horri aurre egiteko neurririk ez hartzeak egoera okertzen duela.

Kontinentean ere, Europol ikertzen ari da joan den urte amaieran desagertu ziren 10.000 adingabeen auzia. Ikerketa itxita ez badago ere, Europako Poliziak uste du pertsonen trafikoak gora egin duela azken hilabeteetan, eta kasu horrek lotura eduki dezakeela merkatu beltzarekin.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)