Mexikora, zubiak eraikitzera

Deportazio masiboen berri eman ondoren, AEBek iragarri dute «harreman eraikitzailea»nahi dutela Mexikorekin. Bilera dute gaur AEBetako Segurtasun eta Estatu idazkariek eta Mexikoko Gobernuak

Berria, , 23-02-2017

AEBetan legez kanpo dauden 11 bat milioi pertsona urduri esnatu ziren atzo, ez baitakite zenbateraino eragingo dien Donald Trump AEBetako presidentearen deportazio sistema berriak. Izan ere, Barack Obamaren administrazioak ezarritako irizpideak pikutara bidali ditu: hau da, lehentasunezkoak izatea delitu larriak dituztenen eta iritsi berrien deportazioak. Orain, agente federalek, poliziek eta sheriff-ek, denek izango dute erabakitzeko eskumena; erabakitzeko nor gera daitekeen eta eta nor ez, segurtasun nazionala arriskuan dagoela irizten badiote. Mexikoko Gobernua, berriz, kezkatuta dago, erabakiak sor diezaiokeen krisiagatik, eta, oro har, AEBekin sortuko den harreman berriarekin menpekotasunak hainbat baldintza onartu beharra ekarriko baitio. Printzipioz, bilerak eta bilerak egiten ari dira atzo gauean hasita, Enrique Peña Nieto Mexikoko presidentea eta haren hainbat ministro, eta AEBen aldean Rex Tillerson Estatu idazkaria eta John Kelly Barne Segurtasuneko, ertz guztiak nola lotu aztertzen: narkotrafikoa, arma trafikoa, bien arteko merkataritza harremanak, mugako hesia eta immigrazioa dituzte hizpide.

Trump etxean geratu da, ez baita bazterrak harrotzeko garaia. Harreman «eraikitzailea» sortzera doaz AEBetako ordezkariak, Etxe Zuriak azaldu duenez, eta eraikitzailea ez bada, harreman diskretuagoa nahi dute behintzat, eta bi herrien arteko adierazpen bateratua, bilera guztiak amaitu ondoren, iritzi publikoari begira. Beste kontu bat izango da mahai inguruetan hitzartutakoaz zer esaten duten.

Baina hesiak harreman eraikitzaile gutxi sortuko ditu. Hasteko, merkataritza akordioak baldintzatuko dituelako. Trumpen administrazioak aurreratu zuen hesia mexikarrek ordaintzen ez badute esportazioek %20ko zerga ordaindu beharko dutela. Horren atzean egon daitezkeen erdi gezurrez gain, hesia mexikarrek gogotik ordainduko dute, baita immigrazio neurri berriak ere, eta ez soilik ekonomikoki.

Izan ere, Trumpen neurri berriak hizki larriaz gain, txikitik ere asko du, oso kaltegarriak horiek ere Mexikorentzat. Deportazio masiboez gainera, muga kontrolatzeko eta han deportatuak hartzeko AEBek ematen dituzten laguntza guztiak kendu nahi dizkiote Mexikori, baldin eta Mexikok hesia ordaintzeko konpromisoa hartzen ez badu.

Horrez gainera, Mexikotik muga zeharkatzen duten guztiak herri horretara kanporatzeko asmoa dute, alegia, besteak beste, Guatemalako, Hondurasko, El Salvadorko, Brasilgo, Ekuadorko eta Haitikoak. Orain arte horiek guztiak AEBetan atxilotzen zituzten, eta asilo baimena eskatzeko aukera ez zutenak handik euren sorterrira deportatzen zituzten.

Latinoamerika, adi

Latinoamerikako enbaxadoreek egin dute egoera aztertzeko bilera, Mexikon, asteon. Trumpi kritikak egin dizkiote, baina horrez gainera, Latinoamerika osoak migrazioari irtenbide bateratua eman beharraz jardun dira. Ordea, erroturik dauden zailtasunak eta estatuen ahuleziak bat egiten dute hainbat herrialdeetan, batez ere, Ertamerikan, eta giza eskubideen urraketa ohikoa izaten da, batez ere defendatzeko aukera gutxi dutenen kontra. Amnesty Internationalek eman ditu iazko datuak, eta urtetik urtera egoera okerragoa dela ondorioztatu dute datuetan.

Indarkeria eta segurtasunik eza endemikoak dira, eta Guatemala, El Salvador eta Hondurasko hirukia munduko gunerik arriskutsuenetakoa bilakatu da. Jende gehiago hiltzen da han, gerran dauden leku askotan baino. El Salvadorren 100.000 biztanleko 108 hilketa gertatu ziren iaz, eta herritarrek alde egitea beste aukerarik ez dute izaten.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)