AEBetan deportazioak malgutzeko eta azkartzeko plana abiatu du Trumpek

Hemendik aurrera ez da delitu larririk egin beharko immigranteak kanporatzeko. «Immigrazio arauak urratzen dituen orori» eragingo dio

Berria, Amagoia Mujika Tolaretxipi, 22-02-2017

Zazpi herrialde musulmani jarritako betoa atzera bota zioten epaitegietan; berehala iragarri zuen beste neurri batzuk hartuko zituela immigrazioaz, eta horixe egin du: deportazioak ia-ia nahierara egiteko bidea egin du Donald Trump AEBetako presidenteak, Barne Segurtasunerako Departamentuak atzo eman zuen arau berriaren bidez, baina hegoaldeko mugara begira jarri da orain, eta 11 milioi immigranteri eragiten dio nola edo hala neurriak —erdiak mexikarrak dira—.

Orain arte, deportazioetan lehentasunezkoak ziren delitu larriak zituzten immigranteak, baina, hemendik aurrera, «immigrazio legeak urratzen dituzten guztiak» egon daitezke deportatzeko arriskuan. Edozein agentek jarri ahal izango du martxan prozesua, erabakitzen badu immigrante batek segurtasun publikoa eta nazionala zalantzan jarri dituela.

Muga zaintza gogortuko du, eta deportazioak azkartzeko 15.000 agente gehiago jarriko ditu lanean, 10.000 Mugen Kontrol eta Immigrazio Zerbitzuan, eta 5.000 Mugen Bulegoetan. Epaiketaren zain daudenen egoera ere erabat aldatuko da. Orain arte, arriskutsuak ez direla erabakitzen zutenen kasuan, aske uzten zituzten epaiketa egin arte. Bi aste baino gutxiago zeramatzatenak soilik kanporatzen zituzten, eta gehienez mugatik 160 kilometrora harrapatzen zituztenak. Orain ez dago denbora eta geografia mugarik, eta helburua izango da lehenbailehen jaioterrira itzularaztea.

Arau horretatik kanpo geratu da, oraingoz, Barack Obamak abiatu zuen Dreamers plana; alegia, adingabeak zirela iritsitakoak ez dituzte deportatuko, baldin eta delitu larririk egiten ez badute.

Segurtasunerako burua

Herbert Raymond McMaster jenerala izango da AEBetako Segurtasun Nazionaleko aholkularia, atzo Trumpek baieztatu zuenez. Ohikoa ez izan arren, erretiratu gabeko militar batek hartuko du postua; armadan ibilbide luzea egin du. Joan den astean, Michael Flynnek kargua utzi zuen ustez Errusiarekin ezkutuan harremanak edukitzeagatik, eta McMasterrek beteko du haren lekua.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)