Zumaiako Udalaren “zentsura” salatu dute

Kalea Guztiona Da kolektiboak igandean egindako horma-irudia ezabatzeagatik

Diario de noticias de Gipuzkoa, , 17-02-2017

Zumaia – Joan den igandean 1937ko eta gaur egungo errefuxiatuak gogoan izan ziren Zumaian. Asko izan ziren ekitaldira hurbildu zirenak eta Udaleko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak ere izan ziren kanporatuei eginiko omenaldian. Zumaiako Kalea Guztiona Da taldeak, ordea, horren ondoren Udal Gobernuak “xenofobia eta arrazakeriaren aurkako horma – irudia zentsuratu” duela salatu zuen hurrengo egunetan.

“Alkatea presente ez badago edo bere kontrolaren filtroa pasatu ez badu, herritarren aldarrikapen oro zikina dela erakutsi dute berriro ere”, adierazi dute taldetik. Izan ere, igandean bertan mural bat margotu zuten taldeko kideek, eta hurrengo egunean ezabatuta zegoen. Egoera horren aurrean honakoa nabarmendu du Kalea Guztiona Da taldeak: “Pertsona guztiok eskubide berberak ditugula eta inor, inon, ez dela ilegala esatearekin bat datorrelako jendartearen multzo handi bat, eta seguruenik mezu hori adierazteko erabilitako molde artistikoa ere atsegina delako askoren begietara. Baina, tamalez, aldarrikapen justu bat desagerrarazteko nahikoa da agintea duten pertsona gutxi batzuek kontrakoa pentsatzea. Herritarrok zer pentsatu behar dugu igandean kamera aurrean 37ko errefuxiatuen egoeraz jardun eta astelehenean mezu hori bera zentsuratzea agintzen duen politikari bati buruz?”.

Bestalde, hauteskundeetan “elkarrizketarako gaitasunik ez duten politikariak” tokatu direla eta jarrera hori zumaiarrek ez dutela merezi diote. – A.R.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)