BIRA

Hesigilea

Berria, Miren Amuriza, 16-02-2017

Behargin mexikar baten elkarrizketa irakurri berri dut: egunero igarotzen da Ciudad Juarezetik El Pasora muga-hesiaren eraikuntza lanetan aritzeko. Trump presidentziara iritsi orduko hasi ei zen beharrean; berak porlana jartzen du beste batzuek bost metroko metalezko zutabeak bertan finka ditzaten. «Lana lana da» dio, «berdin zait hesi hau edo apartamentu batzuk eraiki». Kazetariaren iruzkin (epai) oportunista ondoren: poltsikoak nazionalismoak baino gehiago pisatzen duelakoa. Erreportajean idatzi ez arren, akaso pentsatuko zuen behargin hura bere herrikideen hobia aitzurtzen ari zela, diruak berdinduko zizkiola kontzientziaren zuloak. Middle class europar orojakilearen ajeak zer diren…

Langileari erdi brometan esaten ei diote lagunek uzteko hesian beraiek pasatzeko zirrikituren bat; hark argi diotso kazetariari, horma gora-behera, mexikarrek muga zeharkatzen segituko dutela, igerian ere bai hala tokatuz gero. Erreportajeko argazkietako batean, fronterako kartela: lauki horia, igerilari baten irudia eta «ARRISKUA! Ez kanala zeharkatu. Zaindu zure bizitza. Pentsatu zure senideengan, zure zain daude». Zentral nuklear baten sarrerako afixa eta Gabonetako bonboi iragarki baten leloa izan zitezkeenen arteko konbinazio ondo neurtua, oinarrizko emozioak dardaraztekoa: beldurra gehi maitasuna. Xantaia emozionala ere ez al da biolentzia?

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)