Amesgaiztoa ozeano erdian

Giza eskubideen aldeko erakundeek diote Australiak bere eremuz kanpo dituen Nauru eta Almiranteagoaren uharteetako errefuxiatu zentroetan gizateriaren aurkako krimenak egin dituela.

Berria, , 16-02-2017

Dutxa beroen truke egindako sexu abusuak, bahiketak, emakume eta haurren bortxaketak, tortura, oinarrizko osasunerako eskubidearen urraketa, edateko ura eskuratzeko debekua… Hori guztia jasotzen du berriki GLAN Lege Ekintza Globalerako Sareak eta Standford Nazioarteko Giza Eskubideen Klinikak argitaratutako txosten batek. Bertan, Australiako Gobernuak bere lur eremutik kanpo, Pazifikoan, dituen Nauru eta Almiranteagoaren uharteetako irla-zentroetako egoera azaltzen dute; ikerketaren arabera, bidegabea. Horregatik, bi erakundeek salatu dute gizateriaren aurkako krimenak egon daitezkeela eremu horietan; Nazioarteko Zigor Auzitegiari eskatu diote Australia iker dezala delitu horiengatik. Nazio Batuen Erakundeak ere salatu izan du herrialdearen migrazio politika aldez aurretik, baita nazioarteko legediaren aurkakoa dela ere.

2001ean ireki zuten lehen aldiz Nauru irlako zentroa. Izatez, Nauru munduko irla-estatu txikiena da, eta Australiatik ia 3.000 kilometrora dago. 10.000 biztanle izan arren, 1.150 errefuxiatu jasotzen ditu guneak; horietatik 150 haurrak dira. 2007an itxi zuten errefuxiatuentzako eremua, baina, 2012az gero, irekita dago berriz ere. Itsasoz etorritako immigranteak bidaltzen ditu hara Australiako Gobernuak; gehienak Irandik eta Sri Lankatik ihes egindakoak dira. Amnesty Internationalen arabera, errefuxiatu bakoitzeko, 2.143 euro ematen dizkio Australiak Nauruko Gobernuari; harrera eskaera egin duen pertsona bakoitzeko, berriz, 1.656. Errepublikak duen egoera ekonomiko eskasa baliatuz, diru trukea egiten dute bi herrialdeek errefuxiatuen kontura.

The Guardian egunkariak 2016an argitaratutako ikerketa batek jaso zuen 2.116 kexa egin zituztela immigranteentzako guneko biztanleek 2013. eta 2016. urteen tartean; besteak beste, poliziaren bortizkeria eta sexu abusuak salatuz; horien %51 tokiko haurrek pairatutakoak.

Almiranteagoaren uharteetako immigranteentzako zentroa, berriz, Papua Ginea Berriko eremuan dago, Australiatik 1.100 kilometrora. Uhartean ere eskasak dira baliabideak, han lanean aritutako Peter Young medikuaren arabera; aitortu du tortura kasuak ere artatu behar izan dituela. Paul Stevenson traumatologoak, berriz, esan zuen 40 urtean lanean arituta, irlan bizi izan dituela egoera gogorrenak.

Bi heriotza dira, nazioarteko eragileen arabera, Almiranteagoaren uharteetako egoera latzaren testigu; 2014ko urtean hildako Reza Barati eta Hamid Kehazaei gazteenak. Barati G4S segurtasun zerbitzuetako langileen eskuetan hil zen. Ikerketaren arabera, errefuxiatuek eremu horretan duten egoera jasangaitza salatu zuten bizilagunek egun batzuk lehenago. Gauez sartu ziren eremura segurtasun enpresakoak; bertan hil zuten Barati, eta beste 62 kide zauritu. Kehazaei, berriz, guneko osasun zerbitzu eskasengatik hil zen. Ustez, azaleko gaixotasun arrunt bat zuen gazteak, baina, gaiztotuz joan ahala, Australiako Gobernuak ez zion artatze berezirik eman, errefuxiatuen eremuko medikuek hala eskatu arren.

Ardurak banatzeko ordua

Australiako gobernuaz gain, zentro horiek kudeatzen dituen enpresa ere badago salaketaren jomugan. 2016tik hona, Ferrovial Espainiako enpresak du Pazifikoko errefuxiatu guneak kudeatzeko ardura. Sortutako iskanbilagatik, ordea, esan du bi guneetako lanak egiteari utziko diola. Australiak, berriz, hitzarmena sinatu zuen AEBekin joan den udan, errefuxiatuak AEBetara bideratzeko, oraindik Barack Obama presidente zela. Badirudi, ordea, Donald Trump presidente izendatuta gauzak aldatu direla: Trumpek esan du akordioa inoiz sinatutako «okerrena» izan dela.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)