Euskaldun berri-berriak

Ondarroara aspaldion heldu diren langile atzerritarren umeak euskaraz eskolatu dituzte, eta euskaraz bizi dira gaur egun

Berria, 21-03-2006

iñigo bilbao – ONDARROA

Bianca Josif zortzi urteko neskatoa da. Sortzez, errumaniarra. Gurasoek iaz, ekainean, sorterria utzi eta bizimodu hobearen bila mendebaldera egin zuten. Abiatu zirenean Euskal Herriaz ezer ez zekiten. Bazenik ere ez. Ez zekiten umeek han ikasitako gaztelania apurrak ez ziela hemen askorako balio izango. Bederatzi hilabete geroago Bizkaiko itsasbazterrean bizi da Josif familia, Ondarroan.

Alaba biak, Bianca eta Yonela, Zaldupen eskolatu zituzten irailean, eta irrikan izaten dira orain arratsaldero eskolatik irten, etxera joan, telebista aurrean ipini eta Betizu saioa ikusteko. Maite kuttuna telesailarekin txoratuta daude. Gurasoekin errumanieraz egiten dute, baina bestela neskatoek euskaraz egiten dute. Ama, Maria Josif, pentsatzen hasia dago berak ere egunen batean ikasi egin beharko duela, alabei etxeko lanetan laguntzeko.Bianca eta Yonela euskaldunak dira. Baita Martin Iliev Gatxevski (7 urte, Bulgaria) eta Saly Diene Diouf ere (10 urte, Senegal). Ez dira bakarrak. Ondarroako Zaldupe eskolan 402 neska – mutiko dabiltza ikasten, eta horietarik 22 Euskal Herritik kanpo jaio ziren.Begoña Cuesta dute eskolan hizkuntza indartzeko programarako irakaslea. Berari dagokio etorri berriei euskara azkarrago ikas dezaten laguntzea. Zaldupen euskaraz bizi dira (D eredua) azken 15 urteetan. Umetan hori ez da arazo: «Premiak euskara ikastera behartzen ditu, eta ez da arazorik izaten. Denbora dute arazo bakarra, denboraldi bat behar izaten dutelako integratu, giroa ezagutu eta hizkuntza ikasteko».

Berbetan hasteko trabak

Ama hizkuntza gaztelania dutenekin izaten dituzte eragozpenak. Cuestak egiaztatu du elkar ulertzeko bitartekoa badutenez, zailagoa egiten zaiela euskaraz berbetan hastea. «Nahiz eta ulermenaren aldetik arin ikasi, giro euskaldunean daudelako, Hego Amerikako umeei, ezer adierazteko orduan, gehiago kostatzen zaie euskaraz berba egitea. Adin batetik aurrera batez ere».

Afrikan zein Asian jaio zirelako bestelako ama hizkuntza dutenek edo zortzi urterekin baino gutxiagorekin etorri direnek, berriz, naturaltasun handiarekin ikasten dutela esan du.Euskara bakarrik ez. Gaztelania ere ederto ikasi dute. «Kontuan hartu behar dugu gaztelania leku guztietan zabalduta dagoela: telebistan, irratian, dendetan eta kalean entzuten dute. Gaztelania da etorkinek ikasten duten lehen hizkuntza, Administrazioan edozein izapide egin edo agiri bete behar dutenean gaztelaniaz egin behar izaten dute. Badakitenez, etorri aurretik gaztelania apur bat ikasten arduratzen dira».Ikasketa aldetik ere, Lehenengo Hezkuntzan umeok ez dute arazorik izaten. «Epe bat ematen diegu euskara ikasteko, eta ikasi bitartean nola edo hala moldatzen gara materialak erdaraz azaltzen, edukia gal ez dezaten. Baina euskara ikasten duten neurrian, eduki berriak ere euskaraz ikasten dituzte».Ikasketetan arazorik ez bada, gurasoen aldetik ere ez dela euskararako susmo txarrik zehaztu du. «Adin batetik aurrera, institutuan, gerta daiteke baliabide nahikorik ez dutelako gazteok galduta egotea. Eskolan hori zailagoa da edukiak inguruan dutenari lotuta daudelako: familia, eskola edo herria».Bestelako arazoak, baina, izan dituzte: «Badira bestelako alfabeto bat dutenak eta gure grafia eta hizkiak ikasi behar izan dituztenak, eta badira fonetika aldetik bestelako heziketa izan dutelako berriro ere ahoskatzen ikasi behar izan dutenak».

Urte biko azkartzea

Cuestak zortzi ume ditu orain bere ardurapean. Urte bi ematen ditu eurekin, nahiz eta adituek argi esan duten ume batek bost eta zazpi urte artean behar dituela bere adinekoen hizkuntza maila lortzeko. «Adinean aurrera egin ahala laguntza handiagoa beharko luketela uste dut».

Eskolan bere lana betetzeko leu egokirik ez badu ere, gela txiki – txikia utzi diotelako, pozik dago ikasleekin, eta haiek ere pozik daude berarekin. Martin Iliev Gatxevskik dioenez, zailena idazten ikastea egin zaio, sorterrian zirilikoa erabiltzen dutelako. «Etorri ginenean bazenik ere ez genekien, baina orain lagunekin euskaraz egiten dut berba».Saly Dienek zazpi urte daramatza Ondarroan eta berba bakarrik ez, bihotza ere ondarrutarra dauka. Horrek aita, Youssopha Diene (46 urte, Senegal), poztu egiten du: «Neskatoek euskaraz ikasi behar izatea aukerakoa izan da guretzat, berton bizi garela jabetu garelako eta garrantzitsua delako eurentzat euskaraz egitea». Gurasoek ez dute aukera izan, Cuestak dioen bezala, nahikoa lan daukatelako egunero beharra egiten.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)