«Ikasgelan, etorkin bakar batek talde osoan eragiten du»

Ondarroako institutuan ez daukate baliabide nahikorik ikasle berrion premiei erantzuteko

Berria, 21-03-2006
B. – ONDARROA

«Etorkin batek talde osoan eragiten du eta horri erantzuteko ez daukagu baliabide nahikorik. Orain arte banan bana etorri zaizkigu eta horiek ederto hartu eta babestu ditugu. Erraz joan da. Azken hiru asteetan, baina, hiru etorri dira Senegaletik bat, Portugaletik bi, hau azkartzen ari den prozesua delako. Ni neu gainezka nago». Bakarne Aretxabaleta da Ondarroako institutuan hizkuntza indartzeko programako arduraduna. Lan horretan aurton hasi bada ere, eskarmentu handia hartu du dagoeneko.

Etorri berriak bere esku hartzen ditu. Eurekin urte bi izaten bada ere, Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak urte bakarra ematen die. Hala da, jakin arren denboraldi hori ez dela nahikoa adin horretan euskara ikasi eta batez ere, ikasketak euskaraz egiteko beste gaitasuna lortzeko. «Irakasle guztiak ari dira egokitzapena landu eta ikasle hauei arreta berezia egiten, eta horrek baldintzatu egiten du, ezinbestean, talde osoa».Ez da erraza. Gauza bi ikasi ditu lan horretan. Batetik, ezberdintasun handia dagoela ama hizkuntza gaztelania dutenen eta ez dutenen artean. «Izugarria. Pakistandarrak urtebete darama eta euskaraz eta gaztelaniaz egiten du; senegaldarrak urtebete eta hilabete bi daramatza, eta berdin; Uruguaikoa berriz, duela hiru urte etorri zen eta txintik ere ez du egiten. Beste tratamendua behar dugu, eta ez daukagu, jatorriz gaztelania dakartenentzat».Aretxabaletak ez du epaitzen hori zergatik gertatzen den. «Nik ez dakit jarrera non sartzen den guzti horretan, baina argi dagoena da hizkuntza bat beharrizana dagoen neurrian ikasten dela, eta bestela ez».

Hizkuntza akademikoan, huts

Besterik ere ikasi du: «Umeok euskara eta gaztelania hain arin eta dotore ikasi badute ere, hizkuntza kolokiala, lagunartekoa ikasi dute, baina beste mundua da hizkuntza akademikoa. Eta hor arazoak dauzkagu».

Gazteok hizkuntzaz jabetu eta komunikatzeko gaitasuna eta erraztasuna lortu badute ere, ez bide dira gai ikasgelan hizkuntza baliatzen duten gaiak ulertzeko (gizarte eta natur zientziak, edo etika, besteak beste). «Eurekin konturatu naiz zenbat erretorika merke dakarten testu liburuek eta zelan ideia bat edo kontzeptu zehatz bat azaltzeko, 10 berbetan esan daitekeena adierazteko, 252 erabiltzen dituzte; eta gazteok horietatik 140 ez dituzte ulertzen».«Adituek argi utzi dute hizkuntza akademikoaz jabetzeko 5 eta 8 urte bitartean behar direla, baina DBHra datozenek ez daukate denbora hori. Euskara ikasteaz gainera, kontzeptuak eta baloreak ere ikasi behar dituzte, eta hori ezinezkoa da».Jatorriaren arabera, hizkuntzaz gain, bestelako berezitasunak ere antzeman ditu. Batzuk sorterria ez zuten eskolarik izan, edo ahal izan zutenean izan zuten. Besteek eduki bai, baina izan duten irakaskuntza mota eskola zaharrekoa izan da. «Baina ikasteko gogo handiaz datoz, hori ere egia da».

Jaioterriko kulturak edo erlijioak ere, badu eraginik. «Arazorik ez dugu izan, baina bai harridura eragin duten jazoerak. Gurasoekiko ikuspegian, esaterako. Aitaren aginduei jaramonik ez egitea pentsaezina da Senegaleko gazte batentzat. Inauterietan ikusi dugu hori, aitak kristauen jaiak zirelako berak ez zuela zertan mozorrotu esan zionean».

Eskolaren gaineko ikuspegiaz ere ba omen dago ezberdintasunik, etorri berrientzat ondasuna dena Ondarroako gazte askorentzat derrigortuta jasan behar duten zerbait delako.Gazteon jarrera eta egoera ondo ulertzeko, bestalde, Markinako teknikariari entzundako gogoeta ekarri du gogora: «Gazteok ez dira etorkinak, euren gurasoak dira etorkinak. Gurasoak dira etorri direnak, nahi izan dutelako edo behar izan dutelako. Baina hauek ekarri egin dituzte eta ikuspegia hortaz, ez da berdina».

Testigantzak

PAKO SARR (16 urte, Senegal)

«Lagunekin kalean bietara egiten dugu, euskaraz zein gaztelaniaz»

«Gu joan den urtean etorri ginen Ondarroara eta orduantxe hasi nintzen ni euskara ikasten, hemen institutuan hasi nintzenean. Arazo handirik ez dut izan hizkuntzarekin ikasteko. Ikasi, gaztelania ere ikasi dut, kalean lagunekin. Klasetik kanpo gure artean bietara egiten dugu, batzuetan euskaraz eta bestetan gaztelaniaz. Egia esan behar badut, zailagoa egin zait euskara ikastea gaztelania baino. Gaitzagoa delako batez ere. Etxean gaudenean, gurasoekin sorterriko hizkuntza erabiltzen dugu».

ESTEFANIA JARAMILLO (13 urte, Kolonbia)

«Euskara da gaur egun etxetik kanpo nire hizkuntza»

«Orain dela lau urte etorri ginen, gutxi gorabehera. Zaldupe eskolan hasi nintzen euskararekin. Institutura heldu orduko euskara menperatzen nuen. Etxean ere, gurasoekin gaztelaniaz egiten badugu ere, gure artean euskaraz egiten dugu. Ama portuan dabil beharrean eta berbarik egiten ez badu ere, pixka bat ulertzen du, berbak batez ere. Guk, lagunon artean, euskaraz egin ohi dugu. Hasieran zaila izan zen. Batez ere idazkera egin zitzaidan gaitza, baina orain ez, orain euskara da etxetik kanpo nire hizkuntza».

MANUEL NACENTE (15 urte, Uruguai)

«Ustekabea izan zen etorri eta hemen euskararekin topo egitea»

«Ondarroara duela urte eta erdi heldu ginen. Hasieratik nago institutuan. Euskara ulertzeko beste maila lortu dut, baina ez berba egin edo idazteko beste. Gaitza egiten zait oso. Ustekabea izan zen etorri eta euskararekin topo egitea. Ezustekoa ez zen polita izan, beste hizkuntza bat ikasi behar izan dudalako. Ulertzen dut hala izan behar duela, baina gaitza da. Ikaskideekin harremana ona da. Batzuek euskaraz egiten didate. Gaztelaniaz erosoago sentitzen naiz, baina egia da ikasi behar badut hobe dela euskaraz egitea».

SHAKEEL ABBAS (15 urte, Pakistan)

«Lagunartean erosoago euskaraz berba egiten sentitzen naiz»

«Orain dela bi urte etorri nintzen Ondarroara, eta Zeledonio eskolan hasi nintzen euskara ikasten, hona institutura etorri aurretik. Hasieran gaitza egin zitzaidan; ulertzea da gehien kostatu zitzaidana. Ordurako gaztelania pixka bat banekien eta gero hobetu egin dut hemen, kalean, lagunartean. Gure artean bietara egiten dugu, batzuetan euskaraz bestetan gaztelaniaz. Erosoago euskaraz berba egiten sentitzen naiz. Etxean osabarekin bizi naiz, biok bakarrik, eta harekin urdueraz egiten dut, sorterriko hizkuntzan».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)