Mugak aukeratu ditu Mayk

Europako merkatu bakarrari guztiz uko egin dio Erresuma Batuak, EBko herritarren immigrazioa kontrolatzea duelako lehentasuna. Akordiorik ezean, paradisu fiskal bat sortzeko prest dago

Berria, , 18-01-2017

Partida hasi eta sei hilabetera, azkenean kartak mahai gainean jarri ditu Theresa Mayk. Eta kartek diote Erresuma Batua osorik aterako dela Europako Batasunetik, eta ez duela «erdizkako» formularik bilatuko EBren merkatu bakarrean geratzeko. Horren ordez, «ahalik eta merkataritza libreena» ekarriko luketen itunak negoziatu nahi ditu Londresek Bruselarekin. Hori bai, akordio «onik» ez badago, Mayk erronka bota dio Bruselari, Erresuma Batua paradisu fiskal bihurtzeko mehatxu egin baitu. Behingoz garbi hitz egitea eskertu diote EBko hainbat gobernuk.

Londresko Lancaster Housen egindako hitzaldian, Mayk aldarrikatu du bere gobernuarentzat lehentasuna dela mugen gaineko kontrol osoa berreskuratzea, uste baitu brexit-aren aldeko botoa Europako ekialdeko herritarren immigrazio masibo baten aurkako erantzuna izan zela. Immigrazioari irekita jarraituko duela esan du Mayk, horren beharra baitu ekonomiak, baina mugak jarriko dituela. Angela Merkelek, François Hollandek eta EBko beste buruzagiek ohartarazi dioten moduan, Mayk ere onartu du bateraezina dela merkatu bakarra EBko herritarrei Erresuma Batuan sartzeko, bizitzeko eta lan egiteko eskubideari mugak jartzearekin.

Makila eta azenarioa

Merkatu bakarrari agurra erabatekoa izango da, brexit gogor bat, Mayk uko egin baitio haren lehengusu txikiari, aduana batasunari. Horren bidez, EBko kideek muga zerga eta araudi komunak ezartzen dizkiete hirugarren herrialdeetako inportazioei. Hori guztiz onartzeak «beste herrialdeekin askatasunez negoziatzeko aukerarik ez liguke emango», azaldu du Mayk. Hori bai, ez du baztertu zenbait ataletan muga zerga bateratuak egotea.

Parean EBko estatuetako hainbat enbaxadore zituela baliatuta, borondate oneko hitzak izan ditu orain arte bazkide izan dituenentzat. «Erresuma Batuak adiskiderik eta bizilagunik onena izan nahi du Europako gure bazkideentzat, baina baita Europako mugetatik kanpo begiratzen duen herrialde bat ere». EBtik kanpo, Erresuma Batuak mundu globalizatuan zuzenean parte hartu nahi duela aldarrikatu du, baina bere izaera europarra galdu gabe. «EBtik goaz, ez Europatik».

Donald Trump balizko aliatuak ez bezala, Mayk aldarrikatu du ez duela EB hautsi nahi. Kontrara, «arrakasta izatea nahi dut», baina ohartarazi dio horretarako malguago izan behar duela.

Baina azenarioa ez ezik, makila ere erakutsi dio EBri. Ziurtatu du negoziazioetan Erresuma Batua zigortu nahi badu bere buruari «hondamendia» eragingo diola, merkatu oso garrantzitsua galduko duelako. «Ez dut uste EBko liderrek esango dietenik Alemaniako autogileei edo Espainiako arrantzaleei pobretu egin behar dutela, soilik Erresuma Batua zigortzeko». Hori gertatuko balitz, Londresek «zerga tasa lehiakorrekin» erantzungo luke enpresak erakartzeko.

Sturgeonen oharra

Brexit-ari «nazio batu baten moduan» erantzungo diotela ziurtatu du behin eta berriro Mayk. Batasun hori, ordea, inoiz baino hauskorragoa da, Eskoziak eta Irlanda iparraldeak ezezkoa eman ziotelako EBtik ateratzeari: %62 EBren alde Eskozian, %55 Irlanda iparraldean. Mayk esan arren gobernu autonomoekin batera negoziatuko duela brexit-a, Edinburgotik ohar garbi bat jaso du: «Eskoziak ez zuen bozkatu gaur lehen ministroak markatutako bidearen alde, geure interes nazionalen aurkakoa baita. Ezin gaitu EBtik eta merkatu bakarretik atera gure ekonomian izango duen eragina aintzat hartu gabe», esan dio Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak. Horiek horrela, independentziari buruzko bigarren erreferenduma egiteko aukera gertuago dagoela ohartarazi du.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)