Arrazakeria gaitzesteko ekitaldiak egingo dira Hego Euskal Herrian

Berria, 17-03-2006

erredakzioa – DONOSTIA

Arrazakeriaren eta xenofobiaren aurkako nazioarteko eguna izango da martxoaren 21ean. Etorkinen eskubideak aldarrikatzeko eguna izango da, eta Sos Arrazakeriak zenbait ekitaldi antolatu ditu Hego Euskal Herrian.

Donostian aste osoan zehar izango dira ekitaldiak, baina garrantzitsuena martxoaren 25ean egingo dute: Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako IX. Martxa. Ibilaldia Trintxerpetik (Pasaia, Gipuzkoa) abiatuko da 11:30ean.Iruñean ere aste osorako egitaraua prestatu dute. Zenbait film proiektatuko dituzte egun horietan, eta ostiralean, martxoaren 24ean, afari brasildar bat egingo dute Nabarreria plazan, 13:00etan.Bilbon ere izango da nora jo arrazakeriaren aurka aldarrikatzeko. Martxoaren 18an zenbait kontzertu izango dira Errekalde auzoan, eta martxoaren 21ean, manifestazioa egingo dute arrazakeria salatzeko. Arriaga plazatik abiatuko da, 20:00etan. Gasteizen ere salaketa bera egiteko kontzentrazioa egitea pentsatu dute. Martxoaren 21ean izango da Andra Maria Zuriaren plazan, 19:30ean.

Gero eta etorkin gehiago

Hego Euskal Herrian gero eta etorkin gehiago daude, Sos Arrazakeriaren arabera. Biztanleriaren %3 – 4 inguru dira etorkinak Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban; eta Nafarroan, berriz, %8 inguru. Kopuru hori gorantz doa, eta askok ezin izaten dute beren egoera arautu. Sos Arrazakeriaren arabera, gaur egun 32.900 etorkin daude euren egoera arautu gabe Hego Euskal Herrian.