«Krisi garaietan, mezu sinplifikatuek arrakasta izaten dute»

Errefuxiatuen inguruan zabaltzen ari diren fobiak kritikatu ditu Arnosok. Haren ustez, Europako Batasuna egiten ari den kudeaketak erakusten du «balioen, etikaren eta gizatasunaren krisi bat» dagoela.

Berria, Mikel Rodriguez, 03-01-2017

Errefuxiatuen etorrera eta Europak emandako erantzuna aztertu dute Maitane Arnoso, Anaitze Agirre eta Lucia Saenz EHUko ikerlariek, Mugen ixtea eta islamofobia: larrialdi egoeretako beldurraren kudeaketa izeneko ikerketan. SOS Arrazakeriako Gipuzkoako presidentea da Arnoso, eta EHUko Psikologia Sozial eta Metodologia Sailean dihardu.

Errefuxiatuen krisia terminoa ez zaizue erabat zuzena iruditzen, krisia Europan ikusten duzuelako. Zergatik?

Desplazamenduak beti gertatu dira gizateriaren historian. Erraza da analogiak egitea gaur egun herri batzuk jasaten ari diren dramaren eta guri iraganean gertatutakoaren artean. Krisia Europan dagoela diogunean, esan nahi dugu milioika pertsona jasaten ari diren dramaren inguruan egiten ari den kudeaketak agerian uzten duela Europak berak duen krisia. Europak noizbait nahi izan bazuen eraiki unibertsaltasunaren eta giza eskubideen balioen gainean, errefuxiatuen egoeraren inguruko kudeaketak agerian uzten du balioen, etikaren eta gizatasunaren krisia.

Errefuxiatuen etorrera handiak testuinguru jakin batekin topo egin duela diozue.

Alde batetik, krisi ekonomikoa eta gizarteen prekarizazioa daude: jendeak beldur dio lana eta etxea galtzeari, beldur dio guztiari. Bestalde, indarkeria jihadistak eta Europan eta munduko beste tokietan gertatu diren atentatuak osagai bat gehiago izan daitezke besteekiko mehatxuaren sentipena handitzeko. Horren ondorioz, egoera nahiko aproposa sortzen da etsai gisa izendatutakoen aurkako jarrera arrazistak eta xenofoboak indartzeko.

Helburu batzuk lortzeko tresna gisa erabiltzen al da islamofobia?

Ikerketan egiaztatu dugu errealitateari buruz eratzen diren narratiben arabera eratzen dela islamofobia. Hau da, terrorismoa azal dezakezu erlijioari leporatuta, eta Europako herritar arabiarren zati batek pairatzen dituen bazterkeria eta arrazakeria gutxietsita. Eraikuntza inklusiboagoak edo baztertzaileagoak egin daitezke. Esate baterako, atentatuei buruz ematen diren azalpenek eragin zuzena daukate jarrera islamofoboen sorreran. Eta, jarrera horien ondorioz, akordio gehiago lortu ohi da mugak ixtearen inguruan, eta indarkeria, gatazka eta giza eskubideen urraketak pairatzen dituzten herrialdeei neurri errepresibo gehiago ezartzearen inguruan.

Ezkerreko egile batzuek islamofobia terminoa kritikatu ohi dute. Erraten dute zehazki arabiarrekiko xenofobia eta arrazakeria dela, eta uste dute islamofobia erabilita laikotasuna ukatzen zaiela.

Ados nago. Uste dut ez dela islamaren aurkako gorroto auzi bat, bere horretan. Esate baterako, interesgarria litzateke ikertzea zerk kezkatzen dituen gehien eskuin muturra eta patriarkatua: hijab-a daraman emakume arabiar batek, edo ez daraman batek. Ziurrenik, kolore guztietako keria atzerakoienek adostasun gehiago topatuko lukete orduan, desadostasunak baino. Horregatik, agian, islamofobia baino gehiago, debatearen funtsa da kontrol sozialerako zein tresna diren eraginkorrenak gizarteak bezatzeko. Hainbat fobiak bestearekiko beldurrean dute hazteko eremua, eta erlijioa bihurtzen dute borrokarako arrazoi, ikusten dutelako erreakzio emozionala mobiliza dezakeela.

Badirudi beldurraren politika deitutakoak aski gidoi ezaguna duela: 1930eko hamarkadan Europan gertatutakoaz jakintza zabala dago, eta anitz landu da ikus-entzunezkoetan eta literaturan. Zergatik du arrakasta?

Krisi garaietan, errealitatearen mezu sinplifikatuek arrakasta izaten dute. Egun, faxismoaren hazkundea eta holokaustoa errepasatzen ditugunean asaldatu egiten gara, baina faxismo berriak naturalizatu egiten ditugu, eta kosta egiten zaigu antzekotasunak topatzea Mediterraneoko hobi komunaren eta gas kameren artean. Gizarte batek giza eskubideen urraketetan parte hartzen duenean, dilema etikoak leuntzeko behar duen marko batekin interpretatzen du errealitatea. Ez bagenu eraikiko etsai mehatxagarriaren irudia, nola geratuko ginateke geldirik izugarrikeriaren aurrean? Errealitatea gure alde eraikitzen dugu. Badakigu zer gertatu zen, baina geure buruari sinetsarazten diogu orain ezberdina dela. Holokaustoan hil zituztenak biktimatzat oroitzen ditugu orain, baina orain hiltzen direnak terrorista direla sinetsarazten dugu.

Euskal Herrira errefuxiatu gutxi iritsi dira, eta, Europako bertze eremu batzuekin konparatuta, herritar musulman gutxi bizi dira. Mehatxuaren pertzepzioa eta beldurraren politika berdin ari al dira garatzen?

Bizikidetza arazoak sortzeko arriskua dago. Ez dakit kopuru kontua den, edo aniztasuna jorratzeko moduarena. Agian, kopurua handiagoa balitz, ez legoke beste erremediorik aniztasuna kudeatzeko politika eraginkorragoak egitea baino, eta kopuruak ez luke izan behar gatazka baten ataria. Edonola ere, nahitaez geldiarazi behar dira taldeen arteko etsaitasuna elikatzen duten zurrumurruak. [Gasteizko alkate ohi Javier] Marotoren eta haren lagunen antzeko diskurtso kriminalizatzaileei oihartzuna ematen badiegu, oso litekeena da Gasteizen sortutako egoeren antzekoak sortzea. Errezeta bat izan daiteke herritar arabiarrak —musulman zein ez— dauden tokietako esperientzia positiboak ikusaraztea. Taldeen arteko enpatia indartu behar da, eta eragotzi bizilagunen arteko gatazkak etnien arteko gatazkatzat aurkeztea.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)