Ihesaren ostean ere, bizi beharrean harrapatuta

Siriako errefuxiatuak lan baimenik gabe eta baldintza kaskarretan kontratatu dituzten enpresak atzeman ditu BBC kateak Turkian. Munduan ezagunak diren arropa markak ekoizten dituzte.

Berria, Samara Velte, 26-10-2016

Ekialde Hurbiletik Europara doazen iheslarien arazoek ertz ugari dituzte, itsasoko eta mugetako arriskuez harago. Harrerako herrialdean bizibidea bilatzea ere ez da samurra izaten, batez ere lan baimenik ez badaukate. Askok kanpoko lanetan bilatu ohi dute bizibidea, eta aise bihur daitezke eskrupulurik gabeko enpresari bizkorren bazka. Erresuma Batuko BBC kate publikoak haietako batzuk atzeman ditu Turkiako lantegietan, hamabi orduko txandetan eta «soldata negargarrien truke» beharrean. Haietako batzuk adingabeak dira, eta Europako marka handientzako arropak ekoizten dituzte: besteak beste, Mark & Spencer, Asus, Zara eta Mangorentzat.

«Banekien Turkian haurren lana gaitz endemikoa zela, baina ez nengoen hura ikusteko prestatuta, ez eta arazoaren tamainaz jabetzeko ere», kontatu du ikerketa egin zuen kazetariak, Darragh MacIntyrek. Entzuna zuen Istanbulgo zenbait fabrika iheslariak kontratatzen zebilela, eta hari horretatik tiraka ekin zion ikerketari. Aise topatu zuen lantegi horietako bat. Sarreran, hamabi bat urteko mutil bat ikusi zuten materiala ibilgailuetan sartzen. «Modako negozio berri baten jabeen plantak eginez sartu ginen. […] Lantegiko buruak sotoa ikusten utzi zigunean, mutikoa ikusi genuen berriz. Arropak tolesten ari zen kontu handiz. Une batez begiratu zigun, eta lanari ekin zion ostera. Ez zegoen bakarrik, inolaz ere: tailer hartan, bere adineko dozena erdi bat siriar zeuden». Haur horietako batzuek kazetariari esan ziotenez, hamabi orduko txandak egiten dituzte, eta trukean bi euro baino gutxiago jasotzen dituzte orduko.

Jabeek goizero aukeratzen dituzte egun horretarako behar dituzten langileak, Istanbul kanpoaldeko kale kantoi batean. «Iluntzean, egun horretan landutako markak erakutsi zizkidan Omarrek [asmatutako izena]. Berehala ezagutu nituen. Zuek ere hala egingo zenuketen. Nekez topatuko nukeen marka ezagunagorik Erresuma Batuan».

Europarako zubi

MacIntyrek uste du 400.000 haur inguru ari direla Turkian lanean. UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren arabera, ia hiru milioi iheslari siriar bizi dira gaur egun han, ia guztiak lanerako baimenik gabe. Turkia gune erabakigarria da ipar-mendebaldera doazen errefuxiatuen bidean, eta Europako Batasunaren aliatu nagusia da Ekialde Hurbilean, geopolitikaren ikuspegitik eta ikuspegi ekonomikotik. Arropa marka ezagun askok han ekoizten dituzte jantziak. Inditexek, esaterako, 155.000 langile baino gehiago dauzka, zuzenean edo zeharka kontratatuta. Haren adarretako bat da Zara, MacIntyrek atzemandako marketako bat. Ikerketaren berri jakin duenean, enpresak aitortu du azkeneko inspekzioan hainbat iheslari topatu zituela azpikontratatutako lantegi hartan, baina ez zegoela adingaberik haien artean. Jabeari abendura arteko epea eman zioten egoera «zuzentzeko». Mangok, berriz, ukatu egin du lantegi hartan bere jantziak ekoizten dituztela; kazetariek topatutako materiala «salbuespena» dela esan du.

Auziak agerian utzi du egoitza Europan daukaten enpresek gutxitan jakiten dutela non eta zein baldintzatan ekoizten diren euren salgaiak, edo ez dituztela behar bezala kontrolatzen. «Behatzaileak iristen direnean, [haurrak eta kontraturik gabeko langileak] bistatik desagerrarazten dituzte. Eta behatzaileak joaten direnean, berriz lanera itzultzen dira. Hori bezain erraza da», azaldu du MacIntyrek. Beste lantegi batzuetara ez da sekula ikuskatzailerik iristen, enpresek ez daukatelako azpikontratatuta daukaten sare guztiaren berri. «Horietan egiten dituzte abusu okerrenak», uste du kazetariak: «Markek euren jantziak nork egiten dituen ez dakiten bitartean, ziurra da halako esplotazioak gertatuko direla».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)