Errefuxiatuak

Berria, Leire Palacios, 13-10-2016

Mediterraneo itsasoko uretan errefuxiatuek bizi duten drama erakutsi nahi du Astral dokumentalak. Astral igande gauean estreinatuko da telebistan, Salvados programak egin duen estreinako dokumentala baita, baina, bitartean, Espainiako 130 aretok emango dute asteon dokumentala. Aldez aurretik ikusi ez dudan arren, zalantzarik gabe esango nuke, gure gizarteak beharrezkoa daukala Astral dokumentala. Beharrezkoak zituen bezala TV3ek egin zuen To Kyma. Rescat al mar Egeu edota ETBren Refugiados: camino a ninguna parte.

Luze daramagu errefuxiatuen drama telebistan ikusten. Haatik, inork ez digu kontatu ez dela besteen drama, hots, gure drama ere badela mundu mailako dimentsioa duen gatazka baita gertatzen ari dena. Irudietan ageri den drama icerbergaren punta baino ez dela jakin behar du ikusleak. Agian horregatik arreta eman didate Evoleren hitzek. Kataluniara bueltan izan arren, burua oraindik ere Libiako kostaldean daukala esan du. Bizitza eta heriotzaren artean dantza ikusezinean daudenez, kazetariei laguntza eskatzera behartuta daude. Hortaz, Evolek esandako hipokreziaz jantzitako hitz horiek entzuteaz oso nekatuta daude errefuxiatuak. Horren ondorio da umorez eraiki zuten Refugee TV. Izan ere, eszenario dramatiko horretan izan garen kazetari guztiok enpatizatu dugu errefuxiatuekin, eta han izan bitartean laguntzen saiatu gara, gure pasaporteak ematen digun posizio erosotik. Ez da heroirik, hipokrita izatea da, onar dezagun.

Dokumental horiek sistemaren paradigma aldaketa erakusten dute: lehen estatuak hainbat mekanismo legal zituen gizartea hiltzeko, eta orain beste hainbat mekanismo ditu gizartea hiltzen uzteko. Emaitza parekoa da. Kezkagarria da sistema kapitalista neoliberalak kazetaritzan ere eragin duen transformazioa. Lehen kazetaria informazioa transmititzen zuen tresna zen, eta orain kazetaria informazioaren protagonista da. Promoan Astral-ek zer erakutsi du orain arte, errefuxiatuen dramaren inguruko datuak edo Evolek errefuxiatuen drama ezagutu duela?

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)