HASSANNA AALIA

Babesa lortu duen lehenetakoa

Errefuxiatu politiko estatusa aitortu dio Espainiako Auzitegi Nazionalak ekintzaile sahararrari: «zuzenbidearen kontrakotzat» jo du Marokoko epaiketa, eta esan du Espainiak «bidegabe» ukatu ziola babesa.

Berria, Ibai Maruri Bilbao, 06-10-2016

Gaur ospatuko dugu, baina benetako ospakizuna denok libre bizitzeko leku bat dugunean egingo dugu». Pozik agertu da Hassanna Aalia (Aaiun, Mendebaldeko Sahara, 1989) giza eskubideen aldeko ekintzaile sahararra, Espainiako Auzitegi Nazionalak nazioarteko babesa aitortu diolako. Errefuxiatu estatusa lortu du, bost urteko «borroka amaigabearen» ostean. Eta ospatu du. Seguruenik ospatuko zuen astelehenean, epaia jaso zuenean. Eta ospatu zuen atzo, agerraldi publiko batean albistea ezagutzera eman ostean, handik gertuko taberna batean, xanpain eta guzti. Baina aitortu du ospakizun gazi-gozoa dela. Asilo eskubidea aitortzeko auzitara jo behar izan duela gaitzetsi du, kasurako. Eta ez delako ohikoa nazioartean sahararrei babes ofiziala ematea.

17 urterekin sartu zen Mendebaldeko Sahararen autodeterminazio eskubidearen aldeko borroka baketsuan Aalia, eta, 2010eko Gdeim Izik protesta kanpalekuko gertakarien ondorioz, bi aldiz epaitu zuten. Bigarrenean bizi osorako espetxe zigorra jarri zion Rabateko auzitegi militar batek. Harekin batera zigortu zituzten beste 24 kide ere. Aaliak gogoan izan ditu errefuxiatu estatusa aitortu diotenean: «Auzitegi Nazionalaren epaiak argi esaten du gure epaiketa zuzenbidearen kontrakoa izan zela. Ez nik ez beste epaituek ez genuen bermerik izan. Horrek esan nahi du Marokok preso dituen beste ekintzaileak ere bidegabeko epaiketa baten ondorioz zigortu zituztela». 2011n eman zuen Marokok Aalia atxilotzeko agindua. Egun haietan Euskal Herrian zegoen, eta, sorterrira itzuli ordez, hemen geratzea erabaki zuen.

Oraindik Rabateko epaimahai militarrak zigorra ezarri gabe zeukala, 2012an, asilo eskaera egin zuen. Baina Espainiako Barne Ministerioak ukatu egin zion iaz: urtarrilaren 19an jakinarazi zioten Aaliari babes eskaera atzera botatzeko ebazpena. Egun hartatik hasita, hamabost egun zituen Aaliak Espainiaren menpeko lurraldetik joateko. Baina argi zeukan ezin zela itzuli Saharara. Atxilotua, torturatua eta espetxeratua izateko arriskua zuen. Eta Espainiako Poliziak atxilotu eta sorterrira bidali izan balu, beste horrenbeste gertatuko zatekeen. Horregatik, iazko martxoan Espainiako Auzitegi Nazionalera jo zuen, CEAR Euskadik lagunduta, babes eske. Haren babes eskaera aintzat hartu, eta behin-behinean bertan behera utzi zuten Aalia kanporatzeko agindua. Harrezkero auzia aztertzen ibili dira.

Bien bitartean, Espainiako Gobernuak bere aldetik jarraitu du. Iazko azaroan, kaleko jantzitako poliziek Aalia atzeman zuten Burgosen (Espainia), tren batean zihoala. Espainiaren administraziopeko lurraldeak 48 orduan uzteko agindua zuen agiria eman zioten, eta aske utzi zuten. Baina azkenean Auzitegi Nazionalak esku hartu zuen berriz; gogorarazi zuen babes helegitea aintzat hartu zuen unetik bertatik kanporatze txostena artxibatuta zegoela. Hala, Barne Ministerioak polizien bitartez emandako agindua legez kanpokoa izan zen.

Urtebete eta zortzi hilabete igaro direnean, Auzitegi Nazionalak epaiaren berri eman du. Marokon egindako epaiketa «zuzenbidearen aurkakoa» dela iruditzen zaio, «bermerik gabe» egin zelako. Ondorioz, Barne Ministerioak hartutako erabakia ere «bidegabea» dela ebatzi du. «Amaitu da bost urteko borroka», poztu da Aalia. Dena den, tentuz jokatu nahi dute. Izan ere, Javier Canivell abokatu eta CEAR Euskadiko kideak azaldu duenez, Espainiako Gobernuak 30 lanegun ditu, iragan astelehenetik kontatzen hasita, helegitea jartzeko Espainiako Auzitegi Gorenean. Ez dute horrelakorik espero, dena den.

Canivellek albistearen garrantzia azpimarratu nahi izan du: «Ez da batere ohikoa nazioarteak sahararrei babesa eskaintzea». Iaz beste hamabost sahararrek eskatu zioten babesa Espainiari; 2014an, 31 izan ziren. Gobernuak ez du onartu errefuxiatu estatus bat bera ere. Espainiaren eta Europako Batasunaren asilo politika salatu dute Aaliak eta Canivellek; «solidarioagoa eta justuagoa» izateko eskatu dute.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)