Mundua

«Saharako basamortua hilotzez beteta dago»

Berria, , 30-08-2016

Norantz abiatu jakin gabe ekin zion bideari. Etxea eta jaioterria utzi, kultura eta herria, eta zenbat eta zenbat muga zeharkatuko zituen imajinatu gabe. Ibilbidean aurkituko zituen ankerkeriak irudikatu gabe. Mahmud Traorek (Temanto, Senegal, 1983) sekula ez du ahaztuko egunsenti hura. Sei seme-alabetan gazteenak ama, arreba eta ilobak agurtu zituen, «ogi puska gogortuak kafesnean busti eta gosaldu ostean». Irailak 17 zituen. 2002. urtea zen. Traorek 19 urte zituen. Patrikan, 50 euro.

Senegalgo gazte askok eta askok bezala, «abenturari» ekin zion goizalde hartan Traorek: «Bideari ekiteko garaia zen. Dakarren arotzia ikasi nuen, arrantzaleentzat egiten genuen lan, baina salmenta eskasa zen. Etorkizunean pentsatzen hasi nintzen, eta irtenbide bakarra alde egitea zela ondorioztatu nuen. Ez nuen bitan pentsatu».

Afrikan kultura demokratikoa errotuen dagoen herrialdeetako bat da Senegal. Frantziako kolonia izandako herrialdeak 1960an eskuratu zuen independentzia, eta, egoera politikoa aski egonkorra bada ere, garapen ekonomikoa oso txikia da, eta langabezia kronikoa da. Gazteak dira okerren daudenak; hamahiru milioi biztanleko herrialdean populazioaren bi herenak 18 urtetik beherakoak dira. IOM Migrazioaren Nazioarteko Erakundearen arabera, aurtengo urtarriletik martxora Italiako kostaldera iritsi diren errefuxiatuetatik 1.200 senegaldarrak dira. Italia, Frantzia eta Espainia dira helmuga nagusiak. Kalez kaleko saltzaileak dira sarritan.

Traorek, baina, ez zuen horren urruti joateko asmorik. Boli Kostara zihoan lagun batekin batera abiatu zuen bidea. «Europara datorren immigrazioaz hitz egiten da, baina kontinente barruko immigrazioa askoz ere handiagoa da. Europara aberatsak datoz, pobreak kontinente barruan mugitzen gara, jakin gabe zurearekin muga egiten duen herrialdeak zein beste herrialderekin egiten duen muga».

Malikoa izan zen zeharkatu zuten aurreneko muga. «Hara iritsitakoan egoera jaioterrian baino makurragoa zela ohartu ginen». Boli Kosta gerran zegoela jakin zuten, hortaz, beste norabide bat hartzean pentsatzen hasi ziren. «Nigeria zen aukera bat. Edo Kamerun. Edo Kongo. Edo Libia. Gure herriko ezagun batekin topo egin genuen; gure dialektoa entzun, eta guregana gerturatu zen. Libiara joatea gomendatu zigun; han lana bazegoela esan zigun. Eta autobus batean sartu ginen».

Desertuko zeharkaldia

Mali, Burkina Faso, Niger… Kontinente beltzaren ekialdera jo ondoren, iparraldera abiatu ziren, ibilbidean desertuarekin topo egin zuten arte: «Arriskutsuena Saharako desertua da». Agadez da basamortuaren aurreko azken hiria, eta, han, mafiei ordaindu ahal izateko lanean aritu zen Traore: «Ordurako dirurik gabe nengoen. Emakume batek lana eman zidan, izozkiak saltzen. Hilean hamar euro irabazten nituen. Ez zen nahikoa mafiei ordaintzeko, baina janaria eman zidan emakumeak, eta desertua zeharkatzeko garaia zela erabaki nuen».

Bederatzi egun eta gau eman zituen basamortua gurutzatzeko: «lau, autoz; eta bost, oinez». 4×4 auto bakoitzean 30 lagun sartu zituzten. «Lau auto, beraz, guztira 90 lagun». Traorek memorian iltzatuta dauka une hori: «Auto bakoitzean hiru gizon zihoazen, armatuak denak, eta, autoan batzuk besteen gainean pilatu ostean, esan ziguten lehenengo gauza izan zen norbait erortzen bazen ez zirela geratuko. Hori da desertuaren legea».

Aljeriako mugara iristean, beste klan tuareg baten eskuetan utzi zituzten. «Iluntzen hasi zen, eta bakarrik utzi gintuzten basamortuaren erdian. Pentsatu genuen abandonatu egin gintuztela, baina handik bost minutura tuareg bat agertu zen. Hark ere ohartarazi zigun ez zuela bere martxa motelduko, eta atzean geratzen zena bakarrik geratuko zela. Bost eguneko zeharkaldiaren ostean iritsi ginen Ghatera. Bidea abiatu genuenean 90 lagun ginen, eta 18 iritsi ginen Libiara. Desertua hilotzez beteta dago».

«Libia ez da Afrika»

Basamortua gurutzatu ostean hiria ikustean «poza» sentitu zuela dio Traorek. Pozaldia, alta, laburra izan zen. «Libian lana badago, baina oso herrialde arrazista da. Libia ez da Afrika. Saharaz hegoaldeko afrikarrak ez gara ezer. Europan baino arrazismo handiagoa dago han».

Beldurrez bizi zela gogoratu du gazteak. «Arriskutsua zen oso. Lanean aritu nintzen bolada batez. Biribilgune batean jarri, eta zain egoten ginen norbaitek lana eskaini arte. Arotz gisa aritu nintzen. Bizimodua oso merkea da; hamar euro aski dira hilabeteko alokairua eta janaria ordaintzeko. Baina beldurrez ezin da bizi».

Artean Muammar Gaddafiren Libia zen. Aberriratu egingo zituztela zabaldu zen. Eta Mediterraneoa zeharkatzea ezinezkoa zen garai hartan: «Gaddafik hitzarmena egina zuen Berlusconirekin».

Traorek Marokora joatea erabaki zuen urtebeteren ostean. Behin beste muga bat zeharkatuta, bidaiako aldi latzena bizi izan zuen: «Etxera deitu, eta ama hil zela esan zidaten. Lo egin ezinik egon nintzen».

Hunkituta mintzo da, baina irribarre zabala galdu gabe, begi ilunen ñirñira itzali gabe. Aurrera egin behar zela dio, baina bidean beste hesi bat aurkitu zuen, oraingoa fisikoa: «Marokorentzat muga babestea negozio bat da. Lan bat da. Eta Ceuta eta Melillako hesiak negozio horren parte dira. Gu merkantzia gara».

Melillako hesia behin zeharkatu zuen, baina unean bertan deportatu zuten, basamorturaino. Ceutara abiatu zen orduan. «Hesia txikiagoa zen orduan, gerora luzatu zuten. Hirutan zeharkatu nuen, eta hirutan deportatu ninduten; autobusetan sartu, eta gero kamioi militarretan basamorturaino. Gero, berriz, Ceutara».

Marokoren estrategia

Beliones mendia base militarrez inguratuta dagoela kontatu du gazteak, poliziak helikopteroz eta zaldiz ibiltzen direla, eta militarrek beraiek probokatzen dituztela oldarraldiak: «Europa parean daukagula esaten ziguten. Europako Batasuna beldurtzeko erabiltzen duten estrategia da, taktika hutsa, negozioa egiteko. Komunikabideetan jende oldeaz hitz egiten dute. Europak diru gehiago ematen du orduan, muga kontrolatuta egon dadin. Begira zer gertatu den Turkiarekin. Berdina da».

Traorek urtebete eman zuen mendiko ghetto-an bizitzen: «Senegalgo 389 lagun geunden garai hartan mendian ezkutatua, hesiari noiz salto egin zain. Maliko lagun ugari ere bazeuden, 400 bat. Beste jatorritako komunitateak ere bazeuden, 30-50 lagunez osatutakoak. Guztira, ez ginen milara iristen».

2005eko irailaren 29a, onerako eta txarrerako, beste egun gogoangarria da Traorerentzat. Egun hartan, 500-600 lagun artean saiatu ziren hesia saltatzen. Ezustean. Gauez. Tartean, Mahmud. «Iluntzean abiatu ginen menditik, eta goizaldeko ordubietan egin genuen salto. Ia 200 lagunek lortu genuen pasatzea, baina gau dramatikoa izan zen; Poliziak tiro egin zuen, eta hainbat pertsona hil zituzten. Hamahiru».

Traoreri hesian katigatu zitzaion orkatila:«Une hartan minik ere ez nuen sentitu, izuaren anestesia zen, baina odoletan nengoen, eta, ordubetez korrika aritu ostean, patruila etorri zenean, zauriaz ohartu nintzen». Gelditzean sentitu zuen mina, baina zauri horri esker sartu ahal izan zen Europara: «Immigranteentzako Aldi Baterako Zentroan Europan geratzeko aukera eman zidaten. Horregatik diot zauria dela nire bisa».

Sevillan (Espainia) bizi da duela hamar urtetik Mahmud Traore. Arotza da. Autonomoa. Eta Herritartasuna lortu du. Bruno Le Dantec kazetariarekin liburu batean jaso du haren testigantza: Partir para contar. Un clandestino africano rumbo a Europa (Kontatzeko abiatu. Afrikar klandestino bat Europako norabidean). Liburuan dio ez dela heroi bat. «Bide bera egiten duten milaka immigranteek konta dezaketen historien artean bat da nirea».

Liburuaren bidez, baina, mezu bat helarazi nahi du. «Nire helburua da bidearen arriskuez ohartaraztea ni bezalako gazteei. Bideari ekin aurretik, benetako errealitatea ezagut dezaten eta jakin dezaten hemen dirua ez dela zerutik erortzen». Hiru urte luze iraun zuen zeharkaldian asko ikasi duela dio, baina argi dauka abiatu aurretik ibilbidean zehar aurkituko zuena jakin izan balu ez zuela jaioterria utziko. «Unean ez zara ohartzen, etsita zaude, baina bizi izandako guztia berriz bizi aurretik egun nahiago nuke jaioterrira itzuli».

Gazteak uste du errefuxiatuak ere badirela zabaltzen den informazio oker horren erantzule: «Europan gaudela esaten dugu, baina ez dugu esaten zeinen makurra izan zen bidea: desertua, mafiak, estortsioa, klandestinitatea, gosea, beldurra… Ez dakizu bizirik aterako zaren». Itzultzea, berriz, porrotarekin lotzen dela uste du: «Etxekoak ez kezkatzeko ondo daudela esaten dugu, baina ez da egia, eta, azkenean, informazio okerra zabaltzen da».

Zeharkaldiak zeharo aldatu du Traore: «Gizakiaren alde ilunenarekin eta argienarekin topo egin dut bidean, ankerrenarekin eta adeitsuenarekin». Barruan zantzua utzi dio elkartasun horrek, eta orain «bihozberagoa» dela dio. Ceutan eta Melillan izenik gabe dauden ehunka hilobietako gorpuak identifikatzeko proiektu batean parte hartzen ari da: «Hilobian izena jartzen dugu, eta gertatukoaren berri ematen diegu senideei. Ez gara zenbaki hutsak; izen-abizenak ditugu, familia bat dugu, historia bat».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)