Gizartea

Irekiagoak, baina zurrunagoak

Berria, , 30-08-2016

Atzerriko migratzaileen inguruan jarrera «toleranteagoak» dituzte Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanleek. Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiak egindako 2016ko Barometroaren datuak jarrera irekiagoak adierazten ditu, aurreko urteetakoekin alderatuta. Jakinarazi du, ordea, aurreko urteetan anbibalentzia egonkortu dela integrazio ereduetan. Kultura aniztasuna aberasgarritzat jo arren, iritzi asimilazionistek inoiz baino pisu handiagoa dute: inkestatuen %85,4k uste dute etorkinek bertoko ohiturak hartzen ahalegindu beharko luketela, eta azken hamar urteetako daturik altuena da hori.

Gizartearen jarrera «toleranteagoa» ulertzeko arrazoien artean ekonomia nabarmendu du Ikuspegik txostenean. Hain zuzen ere, ekonomia eta lan merkatua «oso lotuta» daude atzerriko immigrazioarekiko jarrerarekin. Areago, BPGaren urtetik urterako aldaketa tasaren lerroa eta biztanleen tolerantzia indizearena parekatu dute, eta ia berdinak dira. Hau da, BPGaren tasa igotzean, jarrera irekiagoak dituzte biztanleek: bertako eta atzerriko biztanleen arteko harremanen bilakaeraren pertzepzio hobea dute, atzerriko migratzaileen bolumenaren pertzepzio errealagoa…

Estereotipoetan ere nabaritu da bilakaera hori. Inoiz baino gutxiagok uste dute migratzaile atzerritarren presentziak segurtasun falta eragiten duela (%34,9). Gauza bera gertatzen da diru sarrerak bermatzeko errentari buruzko estereotipoekin. Biztanleen %54k uste dute laguntza horretaz «aprobetxatzen» direla; datu altua bada ere, 2013 eta 2014ko datua baino %10 apalagoa da.

Bilakaera ekonomikoak ez du eraginik izan, ordea, kultura aniztasunaren kudeaketarekin lotutako adierazleetan. Azken urteetan agertutako anbibalentzia egonkortu egin da inkestaren atal horretan. Gizarteak kultura aniztasuna positibotzat jo arren, askok diote etorkinek bertoko kultura hartu beharko luketela elkarbizitza hobetzeko. Ikuspegik hausnartu du gizarteak ondo baloratzen duela gai «arinekin» lotuta dagoen kultura aniztasuna: migratzaileek jatetxe exotikoak irekitzea, haien dendak sortzea… Aldiz, egoera aldatu egiten da erlijioaz hitz egiterakoan, adibidez.

Errefuxiatuei, babesa

Errefuxiatuen auziari ere heldu dio Ikuspegik 2016ko Barometroan. Jasotako emaitzekin baikorra izan da Angel Toña Jaurlaritzako Gizarte Gaietako sailburua: «Babesaren auziari bagagozkio, euskal gizarteak jarrera irekia agertzen du, eta hobera egin du 2015eko aldean». Iazko Barometroan, errefuxiaturik hartzearen aurkakoak %7 ziren, eta, aurten, %4,5. Kontrara, mugarik gabe hartzearen aldekoak inoiz baino gehiago dira, %29,8; errefuxiatuak ihesean daudela egiaztatu ostean hartzearen aldekoak, %41; eta, azkenik, urtean kopuru jakin bat hartzearen aldekoak, %15,8.

Ikertzaileek ez dute pentsatzen EI Estatu Islamikoari egotzitako hilketek eragina izan dutenik. Are gehiago, uste dute geroan ere ez dutela eragingo.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)