Grezian atxilotutako bi gazte iruindarrak aske utzi dituzte

Abuztuaren 3an ekingo diote berriz epaiketari. EBren migrazio politika salatuko dute Gasteizen eta Iruñean

Berria, , 29-07-2016

IRUÑEA. Errefuxiatuei laguntza emateko eta haien egoera salatzeko Greziara joandako bi ekintzaile iruindarrak aske dira jadanik. Tesalonikan atxilo hartu zituzten, herenegun, nazioarteko beste ehun ekintzaile eta boluntariorekin batera, hiru etxe okupatu eta horiek migratzaileentzako aterpe bihurtzeagatik. Denak igaro ziren atzo epailearen aurretik, baina, interpreterik ez zegoela argudiatuta, epaiketa eteteko eta auzia abuztuaren 3ra atzeratzeko erabakia hartu zuen magistratuak. Bitartean, behin-behinean aske utzi dituzte akusatu guztiak. Operazio berean atzemandako errefuxiatuak, berriz, atxilotze guneetara itzularaziko dituztela salatu du Karabana Greziara egitasmoak. Iruñeko gaztetxeko eta Zabaldi elkarteko kideak dira atxilotutako bi iruindarrak.

«Kolpe errepresibo honekin, Greziako Gobernuak adierazi nahi du ez dagoela tokirik elkartasunerako, ezta irtenbide autogestionatuetarako ere. Soilik onartzen dira espetxeratzea, bazterketa eta deportazioa», azaldu zuten egitasmoko kideek, atzo Zabaldin eginiko agerraldi batean.

Prozesua salatzeko eta Europako Batasunaren migrazio politikak gaitzesteko elkarretaratzea egin zuten atzo Karabana Greziara egitasmoko kideek Bilbon, Greziako kontsul etxearen aurrean. Gaur ere protesta eginen dute ekintzaileek: 12:00etan, Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan; 19:00etan, berriz, Iruñeko Udaletxe plazan.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)