'SOS Siria', material bilketa hastera doa Urretxu Zumarragan

Diario Vasco, FCO. JAVIER AGUADO GOÑI, 05-05-2016

Hilaren 9tik 28ra SOS Siria Urretxu – Zumarraga taldeak herrialde honetara materiala bidaltzeko bilketari ekingo dio ‘Siriarekin Bat’ lemapean. Bilketa puntua Urretxuko Gernikako Arbola plazako harmailen azpian kokatu dute eta goizez zein arratsaldez zabalik egongo da

astelehenetik larunbatera bitartean.

SOS Siria Urretxu – Zumarraga taldeak beharrezkoak diren gauzen artean janaria latan (txerri haragirik ez) eta esne – hautsa dago. «Esne – hautsaren beharra bereziki nabarmena da, gero eta jaioberri gehiago hiltzen ari da» diote. Bestalde, bendak, makuluak eta gurpil – aulkiak ere hartuko dituzte. Garbiketa produktuak (txanpua, gela, hortz – pasta, lagarto xaboia) eta eskolarako materiala (koadernoak, arkatzak, margoak, ezabagomak, zorrozkiloak eta estutxeak) ere bai.

Gainera, beharrezkoak omen dira «konpresak; haur eta zaharrentzako pardelak; jostailu txikiak; mantak (berriak zein erabilitakoak)». Diotenez «ez dugu beste ezer jasoko». Bilketa puntuaz gain, Urretxuko, Zumarragako eta Legazpiko eskoletan eskolako materiala eta pardelak bilduko dira hilaren 16tik 20ra. Supermerkatuetan bilketak irauten duen hiru asteetan materiala jasoko da ostiral arratsaldeetan eta larunbat goizetan (hilak 13, 14, 20, 21, 27, 28).

Nora eta nola bidaliko dira

SOS Siria Urretxu – Zumarraga taldeak Asociación de Apoyo al pueblo Sirio (APPS) gobernuz kanpoko erakundearekin elkarlanean arituko da bilketa puntu gisa. Jasotakoa Valen – tziako portura bidaliko dugu Seur Fundazioaren laguntzarekin eta handik Turkiarako bidaia barkuz egingo du. Behin Turkian, Siria barruko lekualdatuen kanpalekuetara iritsiko da APPSren bitartez adi – tzera eman dutenez.

Taldearen sorrera

Aurreko abenduan Sumer Alun siriarra Urretxu eta Zumarragan izan zen. Alun APPSko kidea da eta berarekin batera Return to Homs (Talal Derki, 2013) dokumentala ikusteko aukera izan zen Butak21 zineklub taldeari esker. Alunek Sirian gertatzen ari dena ulertzeko hainbat gako eman zituen bertan. Proiekzio hura izan zen SOS Siria Urretxu – Zumarraga herri ekimenaren ernamuina.

Apirilean deialdi bat egin zen eta Zelai Arizti kultur etxera 40tik gora lagun agertu ziren. «Guztiok boluntario taldea osatu dugu nork bere jakintza esparrua ekimenaren mesedetan ipiniz: logistika, komunikazioa, hezkuntza, osasuna, arte grafikoak… Lehenengo deialdi hartan bildutakoa nora bidaliko genuen erabakitzea izan zen lehen lana: Europako errefuxiatuen kanpalekuetara ala Siriako lekualdatuen kanpalekuetara? Bigarrena hautatu genuen eta lanean hasi ginen. Erabaki garrantzitsua zen, izan ere, bilketa mota erabat baldintzatu du errefuxiatuek eta lekualdatuek ez baitituzte behar berberak» diote SOS Siria Urretxu – Zumarraga.

Babesak eta elkarlanak

Taldeak Urretxuko eta Zumarragako Udalen babesa dauka eta boluntarioen lanaz gain, enpresa pribatuek ere laguntza eman dute musu – truk (palet – ak, kaxak eta bidalketa egiteko nahitaezkoa diren bestelako materialen dohaintzarekin). «Aipatzekoa da eskolen inplikazioa sentsibilizazioari eta proiektuari emandako laguntzari dagokionean. Liburutegiekin egindako elkarlanari esker, eta udalen laguntzarekin, hautatutako hainbat libururekin bi biliografia – gida osatu ditugu: bata Ekialde Hurbilari buruzkoa eta bestea migrazioei zein erbesteari buruzkoa. Gidak bilketa puntuan doan banatuko dira» diote. Gaineratu dutenez «ezinbestekoa da Hotz Legazpik emandako aholkularitza aipatu gabe uztea. Urola Garaian bost tona materialetik gora bildu dute eta Calais zein Atenaseko errefuxiatuen kanpalekuetara bidali dituzte. Eskerrik beroenak Legazpiko kideei».

Bolondresak behar dira

Bilketa puntuaren ordutegia astelehenetik larunbatera: 10:00 – 13:00 eta 16:00 – 20:00. Igandetan itxita. Lagundu nahi izanez gero, Gernikako Arbolako bilketa puntuan materiala jasotzeko txandak betetzeko boluntarioak behar dituzte. Laguntzeko prest dagoen orok taldearen tel. dei daiteke: 626 22 76 41. Izenak bilketa puntuan ere hartuko dira. Telefono zenbakiaz gain, Facebook – en gaude. Taldearen jardunean bestelako laguntza emateko prest daudenek ere deitu dezakete.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)