Mundua

202 errefuxiatu kanporatu dituzte jada EB eta Turkiaren arteko ituna indarrean sartu berritan

Berria, Berria, 04-04-2016

EBk eta Turkiak sinatutako akordioa indarrean sartu da, eta gaur bertan Greziatik 400 – 500 errefuxiatu eramatea espero du Turkiak. Frontexek zabaldutako datuen arabera, bi ontzi irten dira Greziako Lesbos irlatik Dikilirako bidean (Turkia), eta 202 lagun inguru zeramatzaten. Hurriyet hedabidearen arabera, lehen ontzia heldu da Turkiara.
Greziak herrialde seguru izendatu du Turkia, eta, beraz, Europako Batasunak eta Turkiak sinatutako akordioari jarraituz, hara deportatuko ditu errefuxiatuak. Gaur sartu da indarrean akordioa, eta gaur bertan 400 – 500 errefuxiatu iristea espero du Turkiak, Efkan Ala Barne ministroak igandean jakinarazi zuenez: “Greziak 400 izen eman dizkigu orain arte, baina guk 500 eskatu ditugu. Posible da biharko [gaurko] zerrenda 500ekoa bihurtzea”.
Pakistango, Afganistango eta Irakeko errefuxiatuak beren herrietara eramango dituztela jakinarazi du Alak, nahiz eta bi azkenak gerran dauden, eta asilo eskubidea bermatu beharko litzaiekeen hango herritarrei. “Ez ditugu siriarrak bezala tratatuko”, esan du, ulertzera emanez haiei asilo eskubidea emango dietela.
Iristen direnean, Anatolia herrian prestatu duten errefuxiatuen gunera eramango dituzte, eta handik batzuk beraien herrialdeetara eramango dituzte, eta beste batzuk EBra, akordioa betez.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)