LABek 1.200 euroko gutxieneko soldata eskatu du etxeko langileentzat

Gara, NAIZ, 29-03-2016

LAB sindikatuak 1.200 euroko batez besteko gutxieneko soldata eskatu du etxez etxeko langileentzat, langile ororentzat egiten duen bezala, asteazkenean ospatuko den Etxeko Langileen Nazioarteko Egunaren ospakizunaren harira.

Langileek «eta bereziki emakume langileek» pairatzen duten prekarietatea salatu du berriro sindikatuak, eta «lan baldintza erabat prekarioetan, askotan esklabotza gogorarazten duten baldintzetan lan egiten duen sektore feminizaturik badago», etxeko langileena dela gogorarazi du.

Horrela, etxeetan etxeko lanak egiteko zein haurren edo nagusien zaintza lanez arduratzeko emakume bat izatera «ohituak» gaudela eta «erabat normaltzat» ikusten dugula adierazi du, baina emakume horiek langileak direla eta «zer nolako baldintzetan» lan egiten duten ez dugula ikusten, «edo askotan ez ikusiarena» egiten dugula «gure kontzientziak astin ez daitezen».

Hori «fenomeno orokortua» izatea ez dela kasualitatea salatu du LABek. «Sistemak esparru pribatuan egiten diren lan hauei inolako aitortza eta baliorik ez ematea ez da kasualitatea, sistemak lan hauek modu sistematikoan emakumeoi egotzi izana ez da kasualitatea, lan hauek merkantilizatu direnean baldintza prekarioenei eta miseriazko soldatei lotuak egotea ez da kasualitatea, lan hauek egiteko norbait behar izan dugunean edo kontratatu dugunean emakume bat hautatu izana ez da kasualitatea», esan du.

Halaber, hazkunde garaietan lan hauek «nahiko modu orokortuan merkantilizatu» eta aurrera eramateko aukeratzen den emakumearen profila emakume etorkina izatea ere ez dela kasualitatea kritikatu du, eta «ikusezinak bihurtu ditugun emakumeak» direla salatu. «Hori bai –gaineratu du–, krisi garaian askotan familiek (familiako emakumeek) lan hauek berriz ere euren gain hartu dituzte, edota bertako emakumeak bueltatu dira lan hauek egitera, emakume atzerritarrak lan merkatutik desplazatuz».

Modu honetan, Etxeko Langileen Nazioarteko Egunaren harira, oraindik ere etxeko langileen lan baldintzak gainontzeko langileekin alderatuta ezberdinak direla salatu du, «langabezia prestaziorako eskubiderik ematen ez duen lanbide bakarra» delako, eta «ordutegi zabalak eta erabateko malgutasuna» dituelako Lanbide arteko Gutxieneko Soldataren parekoa jaso ahal izateko.

«Oinarrizko neurriak»

Egoera honen aurrean, «oinarri oinarrizkoak» diren neurri batzuk aldarrikatu ditu LABek. Hasteko, etxez etxeko langileen gutxieneko soldata ere 1.200 eurokoa izan beharko litzatekeela adierazi du, bai eta gainontzeko langileek dituzten jai eta opor egun berdinak izatea ere.

Halaber, ordutegien gutxieneko arautzea galdegin du, «errespetatu beharreko atseden tarteak zehaztuz», eta lana «modu seguru eta baldintza osasuntsuetan egiteko eskubidea» izatea.

Zaintza lanetan dihardutenek Ongizate zerbitzuetatik beren lana «modu egokian eta seguruan» egin ahal izateko formakuntza jaso beharko luketela nabarmendu du, «langile hauek instituzioek bete beharko luketen zerbitzu bat betetzen ari diren neurrian, instituzioek beren langileei eskaintzen dieten formakuntza berdina jasotzeko aukera izan beharko luketelako».

«Aldarrikatzen ditugun neurri hauek trantsiziozko neurriak izanik, egungo sistema kapitalista patriarkalak ezarritako ereduaren aurrean eraiki nahi dugun eredu berria zelakoa izatea nahi dugun da jendartean zabaldu beharreko eztabaida. Merkatuak eta enplegua erdigunean egotetik bizitza eta pertsonak erdigunean kokatzera jauzia eman nahi badugu, argi dago bizitzaren sostengurako ezinbestekoak diren lan hauei ere bestelako aitortza eta lekua eman beharko zaiela, eta egungo sexuen araberako lan banaketa gainditu», azaldu du.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)