Urrutiko intxaurrak

Berria, Ainhoa Oiartzabal Azketa, 29-01-2016

Eskandinaviako herrialdeak maiz jarri dira adibidetzat Europan hegoalderago dauden herrialdeetako biztanleen artean. Eredugarriak iruditzen zaizkigu haien lan baldintzak eta bizi maila, seme-alabak zaintzeko dauzkaten erraztasunak eta abar.

Baina, fatxadaz barrura, badira hain eredugarriak ez diren beste politika batzuk: Suediako Barne ministroak eginiko iragarpena, adibidez: «Lehenengo urratsa izango da euren borondatez itzultzeko baldintzak sortzea. Baina hori nahikoa ez bada, indarrez itzularazi beharko ditugu». Asiloa eskatu duten errefuxiatuez ari zen.

163.000 iheslari iritsi ziren iaz Suediara, eta horien erdiak kanporatzeko asmoa agertu dute hango agintariek. 80.000 lagun. Siriatik heldu dira gehienak, gerratik ihesi, Europa osoa gurutzatu ostean. «Indarrez» kanporatuko dituztela iragarri arren, Suediako agintariek eurek badakite legez kanpo geldituko direla bertan asko eta asko.

Bien bitartean, bidean, pilatuz doaz hildakoak; atzo 24 errefuxiatu hil ziren Egeo itsasoan. Horietatik hamar, adingabeak. Baina iritsi edo ez, jomuga duten herrialdean asiloa eman edo ez eman, babes bila etortzeko ahaleginari ekiten jarraituko dute bihar ere. Haientzat Europa giza eskubideen babesleku baita. Hori dute urrutiko intxaurrek; bertaratu arte ez direla ustelak ikusten.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)