Angela Davis

Berria, Angel Erro, 29-01-2016

Urteak joan dira Angela Davis ezagutzen dudanetik. Gutxiago bizirik dagoela jakin nuenetik. Angela Davisen irudi beti gazte, beti lirain, beti iraganeko horrek du inoiz hildakotzat hartu izanaren errua. Baina Angela Davis ez dago hilda, eta gertutik egiaztatuko dugu, Euskal Herrira etortzekoa baita, nahiz eta, oraingoan ere, bisita iragartzen duten kartel guztietan 70. hamarraldiaren Angela Davis agertu. Egia da 72 urte bete berriko emakume baten argazkia paratzera, agian inor gutxik ezagutuko zuen Angela Davis miretsia, ikoniko bilakatu den Angela Davisen irudia denok dazaguna delako.

Zutabe honek, Iban Zalduaren komentario zorrotz bati zor diodanak, Angela Davisi otsailaren 4tik 8ra arte egonen den ekitaldi guztietan edo aste horretako igandean Kafe Antzokian antolatuko zaion omenaldi festan parte hartzeko deia izateaz gain, galdera ere izan nahi du. Zergatik ez diogu Angela Davisi ikonikoki zahartzen utzi? Utzi dio akaso politikoki aktiboa egoteari? Ez dago hor zaharfobia eta matxismoaren arteko zerbait; emakumea, pentsalaria bada ere, gazte eta eder agerrarazteko joera ikusezina? Nelson Mandela ere gazte eta eder izan zen eta zahar eta eder pasa da historiara. Davisek ere hala mereziko luke.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)