Errefuxiatuen krisia

Danimarkak onartu du errefuxiatuei ondasunak konfiskatzeko legea

Berria, Adrian Garcia, 26-01-2016

1.340 eurotik gorako ondasunak atxikitzea onartu du parlamentuak. Horrez gain, familiarekin elkartzeko baimena hiru urtera luzatu dute. Giza eskubideen aldeko erakundeek gizagabetzat jo dute neurria. Lege polemikoa aurrera atera du Danimarkako Parlamentuak, eta errefuxiatuentzako herrialde erakargarria izateari uzteko asmoz, eskubideak murriztu dizkiete. Iheslariek haien egonaldia ordaindu beharko dute, eta, horretarako, ondasunak eta dirua konfiskatuko dizkiete agintariek. Gerrarengatik ihesi etxea uztearekin nahikoa ez, eta 10.000 koro danimarkar —1.340 euro inguru— baino gehiagoko ondasunak konfiskatuko dizkiete. Neurri deigarria izanik ere, ez da iheslarientzako mingarriena; familiarekin elkartzeko baimena hiru urtera luzatzea ere onartu dute. Lehen urtebete itxaron behar zuten.
Danimarkako ordezkariek onartu dute iheslariek eragiten duten gastuaren zati txiki bat soilik ordaindu ahal izango dutela neurri horrekin; bidaia egiteko dirutza ordaindu behar izan diete askok giza trafikatzaileei. Kritika ugari piztu ditu lege proposamenak, eta bada Alemania naziak juduen ondasunen konfikatzearekin alderatu duenik ere.
Gobernuak argudiatu du asilo eskatzaileen eta herritarren baldintzak berdindu nahi dituela. Diru laguntza publikoak jasotzeko, danimarkarrek beharrezkoa dute haien ondasunak saltzea. Inger Stojberg Integrazioko ministroaren arabera, legeak nazioarteko itunak errespetatzen ditu. Gobernuaren arabera, 15.000 bat asilo eskatzaile jaso zituzten iaz.
Zeresana eman du legeak, bai nazioartean zein herrialdean bertan. Azaroan hasi ziren lege proiektua tramitatzen, eta moldaketa ugari jasan ditu. Hasieran 3.000 koroa danimarkarretik —402 eurotik— gorako ondasunak konfiskatzea proposatu zuten.
Alderdi Liberalak agintea eskuratu zuen orain zazpi hilabete, nahiz eta parlamentuan gehiengorik ez eduki. Eskuin muturreko DPP Daniarren Herriaren Alderdiaren babesari esker gobernatzen du. Halere, diputatu sozialdemokrata askok lege murriztailea defendatu dute.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)