Saskia Sassen kultur aniztasunaz arituko da Donostian

Soziologiako irakasle ospetsua 'Europar Elkarrizketak' ekimenaren azken saioan izango da eta kultura desberdinak bilduko dituen benetako europar nortasun bat eraikitzeko aukeren inguruan gogoeta mahaigaineratuko du

Diario Vasco, dv, 17-12-2015

Donostia 2016k, Globernance Gobernantza Demokratikorako Institutuak eta San Telmo Museoak‘Europar Elkarrizketak’ ekimenaren 2015eko azken saioa egingo dute gaur, abenduaren 17an, Saskia Sassen Columbiako Estatu Batuar unibertsitateko Soziologiako irakasle ospetsuarekin. Saioan, Europar nortasunaren eta kultur aniztasunaren inguruan jarduteko aukera izango dute herritarrek, San Telmo Museoan, 19:00etan.


Antolatzaileen arabera, azken urteetako hiri, estatu eta kontinenteen arteko mugikortasun eta migrazio geroz eta handiagoak kultur aniztasunaren errealitate berria ekarri du. «Orain arte ezezaguna zen egoera bat da, eta hegemonia kulturalaren eta kultura ezberdinak bilduko dituen benetako europar nortasun bat eraikitzeko aukeren inguruan gogoeta egitera behartzen gaitu», azaldu dute.


‘Europar Elkarrizketak’ ekimenaren urteko azken saioan, Saskia Sassen soziologak Europako kultur aniztasunaren inguruan hitz egingo du. Herrialde bakoitzeko kulturak mantentzearen eta, aldi berean, Europak bere kultura eta nortasun propioa eraikitzearen garrantziaz jardungo du.


Katerina Yiannibas ‘Europar Elkarrizketak’ proiektuaren zuzendariaren hitzetan, «kultura aniztasuna ezin dugu moda bat bailitzan aztertu; Europak erronka handia du etorkizun hurbilean estatu edota herrien kultura propioa eta Europaren eraikuntzak behar duen nortasuna bateratua sortzen; biak uztartzea da egin behar dugun ahalegina».


Saioak arrakastatsuak izan direla ikusita, Europako Kultur Hiriburuaren urtean ere jarraipena izango du ‘Europar Elkarrizketak’ proiektuak, eta urtarrilean aurkeztuko dira hurrengo saioetako gonbidatuak eta gaiak.


Europar Elkarrizketak, doako jardunaldi irekiak izateaz gain, streaming bidez jarrai daitezke www.europeandialogues.eu webgunean. Era berean, herritar orok ekitaldia hasi aurretik hizlariei galderak bidatzeko aukera du Twitter bidez (@EUdialogues) eta Facebook sarearen bitartez (/European Dialogues).

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)