Europak defentsa bateratuko sistema martxan jarri du, Frantziak eskatuta

EBko kideek aho batez erabaki dute Frantzia laguntzea Defentsa arloan. Larrialdia baliatuta, Poliziak beste 16 lagun atxilotu ditu, eta 128 araketa egin. Miaketa horietako bat Euskal Herrian egin du

Berria, Adrian Garcia, 18-11-2015

«Frantziak laguntza eskatu du, eta Europak, aho batez, baietz erantzun dio». Federica Mogherini EB Europako Batasuneko diplomaziaburuak laburbildu du 28 kideen Defentsa ministroen bilkuran jazotakoa. Jean-Yves Le Drian Frantziako Defentsa ministroak Lisboako Ituneko 42.7 artikulua erabili du, eta Europaren defentsa bateratutako sistema martxan jarri du. «Garrantzi handiko ekintza politikoa da», esan du Le Drianek.

Artikulu horren arabera, «kide batek bere lurraldean eraso armatu bat sufrituz gero, gainerako estatu kideek laguntzeko betebeharra dute, eskura dituzten baliabide guztiekin». Frantziako Defentsa ministroaren esanetan, herrialde bakoitzak «era ezberdinean» lagundu dezake: «Irakeko eta Siriako edo bestelako operazioetan». Izan ere, Le Drianek onartu du Frantziak dagoeneko ezin duela «dena egin», Saheleko, Afrika Erdiko Errepublikako, Libanoko, Siriako eta Irakeko esku hartzei erreferentzia eginez. Halere, EBko Defentsa ministro gehienek babesa mugatu dute muturreko islamisten sareen gaineko informazio sekretua partekatzera.

Bruselak ere eskua luzatu dio Parisi, eta Europako Batzordeak jakinarazi du «ulergarria» izango dela defizitaren helburua betetzen ez badu. Izan ere, François Hollande presidenteak kongresuaren aurrean herenegun iragarri zuen ez duela BPGaren %3ko defizitaren langa errespetatuko, «terrorismoaren aurkako borrokak» gastua puztuko duelako: «Segurtasun ituna egonkortasun itunaren gainetik dago».

Parisko erasoen ikerketari dagokionez, Frantziako Poliziak erasotzaileak identifikatzeko lanetan jarraitzen du. Bost kamikaze dagoeneko identifikatuak dituzte; beste hiru gorpu dituzte identifikatzeko: Bataclaneko erasoan hil zen erasotzailea, eta Frantziako Estadio ondoan haien burua leherrarazi zutenetako bi. Hain zuzen ere, Poliziak horietako baten argazkia kaleratu du, haren nortasunaz herritarrei galdetzeko. Horrez gain, biktimen identifikazioa ere aurrera doa: 117ren izen-abizenak dituzte; hildakoak 129 dira.

Le Parisien-ek polizia iturriak aipatuta argitaratu duenez, ihes egindako beste erasotzaile baten arrastoaren atzetik dira segurtasun indarrak. Lekukoen kontakizunetan oinarriturik, Poliziak uste du X. eta XI. barrutietako tiroketan parte hartu zutenak hiru zirela: Brahim Abdeslam, Voltaire etorbideko suizida; haren anaia Salah —ihes eginda dago—; eta identifikatu gabeko susmagarria. Leon ilun batean zihoazen hirurak —igandean aurkitu zuten autoa, Paris ekialdean—.

Poliziak jihadistek erasoaren aurretik erabilitako bi apartamentu miatu ditu. Bat, Bobignyn, Paris iparraldean, eta, bestea, Alfortvillen, hegoaldean. Ez dute armarik aurkitu. Horrez gainera, ustez Salahek erabilitako Clio beltza atzeman du. Halaber, zerbitzu sekretuek EI Estatu Islamikoaren bideo batean atentatuak bere gain hartu dituen jihadista identifikatu dute. Hura ere frantziarra da.

Bestalde, Frantziako Poliziak igandean hasitako gurutzadari eutsi dio, eta beste 16 lagun atxilotu ditu, eta 128 miaketa egin. Denak gauez, prefeten gidaritzapean. Atxiloketa horiek ez dute zerikusi zuzenik Parisko erasoekin; larrialdi egoera baliatuta hartutako «badaezpadako neurriak» dira.

Alerta Belgikan

Miaketa horietako bat Euskal Herrian egin dute, Pirinio Atlantikoetako prefetaren gertuko iturriek jakinarazi dutenez. Halere, ez dute zehaztu zein herritan gertatu den. Herenegun, bestalde, 15 urteko mutiko bat atxilotu zuten Bokalen (Lapurdi), Parisko biktimen omenez antolatu minutu bateko isiltasunean «Allah Akbar» oihukatzeagatik. Baionako polizia etxera eraman zuten, eta, aske utzi zuten arren, epailearen aurrean aurkeztu beharko du.

Okzitaniako Tolosako Izard auzoan, berriz, 30 urteko lagun bat atxilotu dute, eta fusil bat atxiki diote. Arabiar jatorrikoak dira auzo horretan bizi diren gehienak, eta 150 polizia hedatu dituzte bertan. Mohamed Merah 2012ko eraso jihadisten egilea inguru horretan hezi zen. Guztira, ia 40 lagun atxilotu dituzte igande gauean Poliziak operazio zabal bat hasi zuenetik. «Eta honek jarraitu egingo du», adierazi du Manuel Valls lehen ministroak.

Frantzia sarraskiak eragindako kolpearen eraginpean egon arren, kritika ugari piztu ditu larrialdia ezarri izanak. Magistratuen sindikatuak salatu du norbanakoen eta taldeen askatasunak arriskuan daudela. «Larrialdiak kalte egingo dio gure printzipio demokratikoei. Epaileen kontrolik gabe eta delitu batekin lotura izan gabe miaketak eta atxiloketak egin ditzake Poliziak». Halaber, gobernuaren «hizkera militarrak» kezkatzen du epaileen elkarteak.

Alemanian ere izan dira atxiloketak, zazpi guztira, baina ez dute atxilotuen gaineko informaziorik eman. Halere, Thomas de Maiziere Barne ministroaren arabera, «ez dirudi lotura zuzenik dutenik erasoekin».

Edonola ere, ustezko erasotzaileen arrasto nagusiak Belgikara eraman ditu ikertzaileak. Salah Abdeslamen bila buru-belarri ari dira segurtasun indarrak, eta alerta gorria ezarri dute herrialdean, uste baitute hark atentatu bat prestatuko duela.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)