Hiru hildako Saint Denisen, Abdelhamid Abaaoud atxilotzeko operazioan

Hiru lagun hil, ugari zauritu eta beste hiru atxilotu dituzte ustez Parisko erasoak pentsatu zituen Abdelhamid Abaaoud atxilotzeko operazioan, BFM telebistak jakinarazi duenez. AEBetatik Parisera zihoazen bi hegazkin desbideratu dituzte, bonba mehatxuak jaso ondoren.

Berria, , 18-11-2015

Paris iparraldean dago Saint Denis, eta bertan izan zen ostiraleko erasoetako bat. Prefeturak herritarrei eskatu die ez daitezela etxetik irten, gutxienez pertsona batek jarraitzen baitu etxebizitza batean gotortuta. Halaber, tren zerbitzuak eten dituzte Saint-Denis Universite eta Saint-Denis Porte geltokien artean, eta eskola ugari ere itxi egin dituzte. 04:30ean hasi dira tiroak eta leherketak, hainbat lekukok BFM kateari adierazi diotenez.

Abaaoudek Parisko erasoak Belgikan prestatu zituela eta hura Sirian zegoela uste zuen Poliziak, baina hura topatzeko operazioa abiatu du Paris kanpoaldean. Armada ere ari da operazioan parte hartzen, eta, azken informazioen arabera, hiru dira hildakoak; tartean, bere burua leherrarazi duen emakume bat.

Bestalde, Air France konpainiako bi hegaldi desbideratu dituzte Ameriketako Estatu Batuetatik Parisera zihoazela, telefonoz bonba mehatxuak jaso ondoren. Horietako bat Halifaxen (Kanada) lurreratu da, eta 262 bidaiariak hegazkinetik aterarazi dituzte. Bestea, berriz, Los Angelestik irten da, eta Salt Lake Cityn lurreratu da. 497 bidaiari zihoazen bertan.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)