PARISKO ATENTATUAK. IKERKETA FRANTZIAN ETA BELGIKAN

Errepublikaren larrialdi erantzuna, «erabatekoa»

Operazio erraldoi bat hasi du Frantziak, eta 23 lagun atxilotu eta beste 104ri etxeko atxiloadia ezarri diete. Denek ez dute lotura zuzenik Parisko erasoekin. Polizia Belgikako arrastoaren atzetik da

Berria, Adrian Garcia, 17-11-2015

Gerra deklaratu dio Frantziak jihadismoari: Siria bonbardatu ez eze, Parisko atentatuen egileak harrapatzeko operazio zabala abiatu dute segurtasun indarrek, Belgikako Poliziarekin elkarlanetan. «Kanpora zein barrura eramango dugu gerra», adierazi du Bernard Cazeneuve Barne ministroak. Haren arabera, errepublikaren erantzuna «erabatekoa eta gupidagabea» izango da. Bi norabide jarraitzen ditu ikerketak: Brusela ondoko Molenbeek hiria, eta Chartres, Frantzian. Belgikako Poliziak atzo Salah Abdeslam Parisko ustezko erasotzaileetako bat atxilotzeko operazioa egin zuen auzune horretan, baina ez zuten aurkitu. Frantzian, bestalde, larrialdi egoera baliatuta hemeretzi departamendutan 23 lagun atxilotu eta 168 miaketa egin dituzte, eta beste 104 laguni etxeko atxiloaldia ezarri diete.

François Hollande Frantziako presidentearen esanetan, atentatuak «Sirian agindu, eta Belgikan antolatu dituzte». Atentatuetan erabilitako bi autoetako arrastoei tiraka, Molenbeek Bruselako auzoraino heldu dira ikertzaileak. Halere, Frantziako agintariak esan arren atentatuen jatorria «kanpokoa» dela, orain arte identifikatu dituzten ustezko erasotzaile gehienek Frantziako herritartasuna dute.

Hala da Abdeslam anaien kasua. Lehenak, Brahimek, Parisko Voltaire etorbidean ostiral gauean bere burua leherrarazi zuen. Bigarrena, Mohamed, Bruselan atxilotu zuten, baina atzo arratsaldean askatu zuten, ordu luzez giltzaperatua eduki ostean. «Ekintza terroristak leporatu dizkidate, baina nik banuen alibi bat. Denbora asko eduki naute atxilo, halere. Nire anaiak jende arrunta dira». Salah hirugarren anaiaren aurka, atxilotze-agindua ezarri dute.

Larunbat goizean Poliziak Frantziaren eta Belgikaren arteko mugaldean geldiarazi zuen Salah, baina ez zuen atxilotu, ikerketa abiatu gabe zegoen eta, eta ez zuen aurrekaririk. Poliziaren arabera, Salahek eta Brahimek atentatuetan erabilitako Polo eta Leon auto beltzak alokatu zituzten. Lehena, Bataclan aretotik gertu topatu zuten, hutsik. Bigarrena Montreuilen, Paris ekialdean; autoan hiru kalaxnikov eta hamasei kartutxotegi —11 hutsik— zeuden. Horrez gain, ikertzaileek uste dute Salahek X. eta XI. barrutietako tiroketetan parte hartu zuela.

Parisko fiskaltzaren arabera, hiru taldek parte hartu zuten eraso sortan, baina beste laugarren bat ere egon daiteke. Liberation egunkariak zabaldu duenez, Salahek beste talde baten laguntza eduki zuen Paristik ihes egiteko. Izan ere, mugaldean Golf gris batean geldiarazi zuen Poliziak, beste bi lagunekin batera. Ordu batzuk lehenago, auto berbera aurkako zentzuan igaro zen, zaintza kameren bidez ziurtatu dutenez. Molenbeek auzoan topatu zuten autoa. Belgikan atxiloturiko zazpi lagunetatik, biren aurka soilik aurkeztu dituzte karguak, eta besteak aske dira.

Chartresen, Frantziako iparraldean du ikerketak bigarren ardatza. Horkoa zen Bataclan aretoko erasotzaile suizidetako bat, eta Poliziak haren etxea miatu eta haren inguruko zazpi lagun atxilotu ditu, tartean haren aita eta anaia. AFPren arabera, anaia bere kabuz aurkeztu zen polizia etxean. Fiskaltzak oraindik ez du jakinarazi atentatuekin lotura ote dutenik. Haren arreba, 15 urtekoa, atzo askatu zuten.

Frantziak igande gauean eginiko operazio erraldoian 23 lagun atxilotu dituzte guztira. Cazeneuvek adierazi duenez, denera 31 arma atxiki dituzte, horietatik lau gerrara armak. Lillen kalaxnikov bat eta kalibre txikiagoko beste armak aurkitu dituzte. Lyonen, berriz, «gerra armategi» bat topatu dute, granada-jaurtigailu bat barne.

Larrialdi egoera baliatu, eta guztira 104 laguni etxeko atxiloaldia ezarri diete. «Larrialdiaren eraginkortasuna erabatekoa da», Cazeneuveren ustetan. Halere, segurtasun indarren ekintza horiek guztiek ez dute zerikusi zuzenik Parisko eraso sortarekin. Alegia: badaezpadako neurriak dira. «Gure zerbitzu sekretuen arreta berezia bereganatu duten norbanakoak dira», adierazi du Barne ministroak. «Atxiloketek ikerketa azkartu dute».

Okzitaniako Tolosan hiru lagun atxilotu dituzte. Baina Parisek jakinarazi duenez, operazio hori oro har «terrorismoaren aurkako borrokaren» harira egin dute, eta ez du Parisko erasoekin lotura zuzenik. La Reynerie auzoan izan dira atxiloketak —Mohamed Mera 2012ko eraso jihadisten egilea bizi zen inguru horretan—.

Bost kamikaze

Atxiloketa gehienak Lyongo eskualdean egin dituzte, Villefranche-sur-Saone inguruan: hamahiru lagun. Horietako baten etxean aurkitu du Poliziak granada-jaurtigailu bat, balen aurkako txaleko bat, fusilak, kalaxnikov bat eta bestelako «gerra armak». Grenoblen, bestalde, hiru lagun atxilotu dituzte. Liberation-ek aipaturiko ikerketen gertuko iturrien arabera, atxiloketa horiek ez daude oraindik «judizializatuak»: erradikalizatzeko bidean dauden delitugile arruntak lirateke.

Belgikan ez eze, Alemanian ere erasoekiko loturak aurkitu dituzte. Poliziak errefuxiatu zentro batean aljeriar bat atxilotu du.

Identifikazio lanetan ere aurrera egin dute auzitegi medikuak. Manuel Valls lehen ministroak jakinarazi duenez, ehundik gorputik gora identifikatu dituzte. Ikerlarientzat, bereziki garrantzitsuak dira erasotzaile suizidak identifikatzea, eta, dagoeneko, bost kamikazeren nortasunak jakin dituzte —zazpik leherrarazi zuten soinean zeramatzaten lehergailuak: Saint-Denis estadioan hiru; Voltaire etorbidean bat; eta beste hiru Bataclan aretoan—.

Horietako lau frantsesak ziren; bestea, siriarra. Frantsesen artean, hiruk borrokatu zuten Sirian, EI Estatu Islamikoaren lerroetan, eta zerbitzu sekretuek lokalizatuta izan ez arren, bazuten haien ibileren berri, aurrekari polizialak baitzituzten. Turkiako Gobernuak jakinarazi duenez, bitan ohartarazi zion Parisi erasotzaileetako bati buruz.

Le Monde-k erasotzaile suizida horietako baten aitaren lekukotza argitaratu zuen iazko abenduan. Semea Siriara joana zen, muturreko talde sunitaren alde borroka egitera. Aita haren bila irten zen, baina Frantziara itzuli behar izan zuen semea konbentzitu ezinik.

Belgikako zerbitzu sekretuen arabera, Abdellhamid Abaaud da erasoen antolatzailea. Sirian da urtarriletik, segurtasun indarrek Molenbeek auzoan operazioa egin zuenetik, Charlie Hebdo-ren aurkako erasoa gertatu eta egun gutxira.

Poliziak Siriako pasaporte bat aurkitu zuen Frantziako Estadioan, bere burua leherrarazi zuen kamikaze baten ondoan, eta, horrek, errefuxiatuen eztabaida astindu du, eskuineko alderdiek iheslariak hartzearen aurka egiteko aprobetxatu baitute. Parisko fiskaltzak baieztatu du erasotzailearen hatz markak Greziatik iheslari moduan sartu zen siriar batenak direla. Halere, oraindik ez dute egiaztatu agiria benetakoa denik. Egiptoko beste pasaporte bat ere agertu zen , baina Poliziak zehaztu du biktima batena dela.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)