Erakundeen eta herritarren dolua

Euskal Herrian, Europako beste zenbait tokitan bezala, elkarretaratze ugari egin dituzte Parisko erasoak salatzeko. Nafarroako Parlamentuak bi adierazpen onartu ditu. Ertzaintzak dituen «mugak» salatu ditu Erne sindikatuak

Berria, Gotzon Hermosilla, 17-11-2015

Europa osoan ugaldu dira Parisko atentatuen inguruko gaitzespen eta dolu adierazpenak, eta Euskal Herria ez da salbuespen bat izan. Asko izan dira erakundeek onarturiko gaitzespen agiriak eta antolatu dituzten elkarretaratzeak. Herritar ugarik ere adierazi dute samina, instituzioen deialdiekin bat eginez zein sindikatu edo beste eragileek egindakoei erantzunez .

Nafarroan, esaterako, bi izan dira parlamentuan onarturiko mozioak Parisko atentatuak gaitzesteko. Lehenengoa Ainhoa Aznarez parlamentuko presidenteak aurkeztu du, eta alderdi politiko guztiek babestu dute. Mozio horretan, atentatuak gaitzesteaz gain, elkartasuna adierazi diete paristarrei.

EH Bilduren beste mozio bat ere onartu dute Geroa Bai, EH Bildu, Ezkerra eta Ahal Dugu-ren botoei esker. Mozio horretan nabarmendu dute paristarren mina antzeko erasoak pairatzen dituzten munduko beste edozein tokitako herritarren minaren parekoa dela, eta atentatuei eman beharreko erantzunean ezin dela giza eskubideen urraketarik izan.

Elkarretaratzeei dagokienez, asteburuan Baionan, Angelun, Miarritzen, Donibane Lohizunen, Hendaian eta Ipar Euskal Herriko beste zenbait tokitan egindakoek jarraipena izan zuten atzo, eta lantoki eta ikastetxe askotan bat egin dute eguerdirako deituta zegoen minutu bateko isilunearekin.

Eusko Jaurlaritzak elkarretaratzea egin du Lakuako egoitzan (Gasteiz). Fabrice Delloye Frantziak Bilbon duen kontsula ere egon da horretan, elkarretaratzea egin aurretik bilkura izan duelako Iñigo Urkullu lehendakariarekin. Urkulluk ere parte hartu du elkarretaratzean, bere gobernuko kide ia guztiekin batera. Jaurlaritzako eledun Josu Erkorekak «maitasun eta hurbiltasun mezua» bidali die Frantziako herritarrei «Frantziari eta nazioarteko komunitate osoari horrenbesteko oinazea eragin dieten eraso horiek direla eta».

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek ere elkarretaratzeak egin dituzte. Gipuzkoakoan abesbatza batek Verdiren Nabucco operaren pasarte bat kantatu du. Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak esan du «arduragabekeria» dela Parisko atentatuak eta errefuxiatuen arazoa nahastea. Izan ere, Donostiako gotzain Jose Ignacio Munillak joan den larunbatean bere egin zituen Antonio Cañizares kardinal espainiarraren hitzak, errefuxiatuei harrera egitea jihadistak sartzeko bide izan zitekeela iradokiz.

Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñeko udalek ere elkarretaratzeak antolatu dituzte, tokian tokiko alkateak bertan zeudela. Bilbon egindakoaren harira, Ganemos Goazen Bilboko zinegotziek desadostasuna agertu dute udalak horrelako ekitaldiak egiteko duen moldeaz, eta protokoloa aldatzeko eskatu dute. Bilboko udaletxeko eskaileretan bildu ohi dira zinegotziak, herritarrak behean daudela. «Goian eta behean daudenen arteko banaketaren irudia» ematen du horrek, Ganemosen zinegotzien ustetan.

Beste zenbait udalerritan ere egin dituzte elkarretaratzeak, Eudelek egindako deialdiari jarraikiz. Kasu gehienetan, alderdi guztiek hartu dute parte.

Euskal Herrian ez ezik, nazioartean ere egin dituzte dolu adierazpenak. Antalyan (Turkia) G20 taldeko gobernuburuek minutu bateko isilunea egin dute. Frantzian ere minutu bateko isilunea egin dute lantegi eta erakunde gehienetan, eta Europa osoan izan dira elkarretaratzeak.

Ertzaintza, «mugaturik»

Parisko atentatuen harira, Erne sindikatuak salatu du Ertzaintza «mugaturik» dagoela horrelako erasoei erantzun ahal izateko «erdipurdiko arduradun eta ikuspegi motzeko politikarien erruz». Horrelakoei Ertzaintza «armarik gabeko polizia abegitsu» bihurtu nahi izatea leporatzen die Ernek, bai eta «gezurretan» aritzea ere «ertzainek modu ergelean betiko autobus geltokia zaintzen jarraitzen duten bitartean». Hainbat neurri eskatu ditu Ernek Ertzaintza «benetako polizia profesionala» izan dadin.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)