Iheslarien babes behar luketen hitzen bilduma

Nazioarteko hitzarmenen bidez onetsita dago asilo eskubidea munduan, eta herrialde gehienek, oro har, irizpide bateratuak erabili behar dituzte eskatzaileei babesa emateko. Asiloa lortzeko prozesuak, hala ere, luzeak izaten dira oso sarri. Zailtasunez jositako bidea izaten dute errefuxiatuek.

Berria, A. Iraola, 17-11-2015

Errefuxiatuen inguruko lege eta araudiei erreparatzeko garai garrantzitsua da honako hau. Ia egunero Europako hainbat sarbidetatik heltzen diren albiste eta argazkiek oroitarazten dute milaka pertsona beren herrialdeetatik ihesi dabiltzala, eta Europako Batasunera ailegatzea dutela helburu. Datuak edonor asaldatzeko modukoak dira: NBE Nazio Batuen Erakundeko haurren babeserako agentzia Unicefek jakinarazi berri du, esaterako­, egunean 700 ume heltzen direla errefuxiatuen artean. Iheslarien artean hamarretik hiru adingabeak direla esan dute. Asteburu honetan, Parisen jazotako eraso larrien ondorioz, ozendu egin dira iheslariei buruzko adierazpenak. «Mehatxu» izan daitezkeela ohartarazi dute zenbait ahotsek; haien aldeko elkartasun mezuetan tinko segitu beharra nabarmendu dute, berriz, beste hainbatek. Garrantzitsua da errefuxiatuen gainean legeek zer dioten gogoraraztea. Izan ere, abaro horren esperantzan hurbiltzen dira iheslari asko Europara: EASO Asiloa Laguntzeko Europako Bulegoak jakinarazi duenez, aurten, urrira arte, milioi bat iheslarik eskatu dute asiloa Europako Batasunean: 1.056.000 pertsonak, hain zuzen ere. Hara oinarrizko zenbait kontzeptu puntuz puntu zerrendatuta:

ERREFUXIATUA
Nazioarteko bi hitzarmenetan zehazten dira, funtsean, errefuxiatuei dagozkien eskubideak: Genevako konbentzioan —1951koa— eta New Yorkekoan —1967koa—. «Errefuxiatu hitza Genevako konbentzioan ageri da», azaldu du SOS Arrazakeriako abokatu Mikel Mazkiaranek. Definizio zehatza egiten du testuak: «Arraza, erlijio, naziotasun edo talde batekiko kidetzagatik jazarria izateko beldur oinarriduna duen pertsona». Horixe da, konbentzioaren arabera, errefuxiatu bat. «Hain justu, pertsona bat bere herrialdetik irteten dena ihes egiten».

Denborarekin, Genevan errefuxiatu izaera aitortzeko zerrendatutako motiboak ugaritu egin dira; urteotan, esaterako, sexu joeragatik jazarpena jasaten duten pertsonen eskubideak ere hartu dira aintzat. Eta badira zerrenda luzatzen jarraitzeko eskakizunak egun ere: «Zenbait adituk, esaterako, errefuxiatu klimatikoak ere aintzat hartu behar direla argudiatzen dute; klima aldaketaren ondorioak jasaten ari diren pertsonak, hain justu», azaldu du SOS Arrazakeriako abokatuak.

ASILO ESKUBIDEA
Errefuxiatuei beren egoeragatik dagokien estatutua «asilo eskubidearekin» estuki lotuta dago. «Eta asiloaren gaineko argibideak, zehatzago, New Yorkeko konbentzioan fintzen dira», azaldu du Mazkiaranek. Horrez gain, Europako Batasunean hiru zuzentarau daude asilo eskubidearen inguruan, eta horiek, nolabait ere, «bateratu» egiten dituzte eskubide hori emateko prozedurak. Asilo eskaerak atzera botatzen direnean, esaterako, helegitea jartzeko eskubidea beti bermatu behar dela diote testu horiek, eskatzaileek interprete bat izan behar dutela, eta adingabeen gaineko prozeduretan hainbat berme ezarri behar direla: haien mesedetan. «Zuzentarau horiek gutxieneko batzuk jartzen dituzte, nolabait ere», azaldu du SOS Arrazakeriako abokatuak. Hortik aurrerakoa estatuen esku geratzen da.

ASILOA LORTZEKO BIDEAK
Bi prozedura mota daude asiloa eskatzeko: estatu batean sartu ondoren eska daiteke, edo estatu horren mugako punturen batean.«Ezberdintasun handiena epeetan dago», azaldu du Mazkiaranek. Asiloa estatu barruan eskatuta, adibidez, hilabete bat du Espainiako administrazioak eskaria ontzat hartzen duen ebazteko; mugan eskatuta, berriz, lau egunen buruan eman behar du erantzun bat. Helegitea jartzeko epeak ere laburragoak dira mugan, eta luzeagoak herrialde barruan. Barruan eginda, betiere, herrialdean sartu eta hilabete baten buruan egin behar da da eskakizuna, gehienera. Zenbaitetan larrialdizko prozedura administrazioak berak jar dezake martxan: hori Frantziako agintariek usu egiten dute, esaterako, eskaera iruzurrezkoa dela pentsatzen badute, edo eta eskatzaileak atxikitze zentroetan badira. Kasu horietan, modu lasterrean aztertuko da asilo eskakizuna, eta kanporatzea ere bizkortu dezake horrek.

Estatuaren indarren aurrean egin behar dira, betiere, eskari horiek; Hegoaldean Poliziaren aurrean egin behar dira; Iparraldean, eskualde bakoitzari dagokion prefekturan. Onetsiak badira, Frantziako administrazioak OFPRA Errefuxiatu eta Apatriden Babeserako Frantziako Bulegoaren bitartez bideratzen ditu kasuak; Espainiakoak, Asilo eta Babesaren Bulego OARen eskutik.«Komenigarria izaten da eskaria egitera doazenek ondo prestatzea Poliziarekin egingo duten elkarrizketa; izan ere, eskaria bera elkarrizketa baten bidez egiten da. Galderak izaten dira jakiteko zergatik ihes egin nahi duen bere herrialdetik, zenbat denbora egin duen Europako Batasunean, senitartekorik baduen herrialdean…». Ahalik eta datu eta xehetasun gehien eman behar dituzte eskatzaileek. Halaber, erantzunetan komeni da esatea zapaldu duten lehen herrialde segurua herrialde horixe izan dela, izan ere, Dublingo itunaren —1990ean Europako Batasuneko herrialdeek izenpetua— arabera, zapaltzen duten lehen herrialdean egin behar dute asilo eskaria iheslariek. Frantziako kasuan hamasei orriko txosten bat bete behar dute eskatzaileek OFPRArako; asiloa eskatzeko arrazoibideak han zehaztu behar dituzte. Guztia frantsesez idatzi behar da.

Siriako gerratik ihesi datozen pertsonekin, hango egoeraren larriaz jabetuta, Europako Batasunak berak salbuespena egiteko esan zuen: «Haiek ez dute behar dokumentazio apartekorik: aski dute erakusketarekin handik datozela», azaldu du Mazkiaranek. Ikusi egin beharko da, hala eta guztiz ere, Parisko erasoaldien ondorioz zer-nolako neurri murriztaileak hartzen dituzten zentzu horretan. Kezka handia dago.

BEHIN-BEHINEKO BAIMENAK
Asilo eskaria egin den estatuan bizitzen egoteko behin-behineko baimenak ematen dizkiete eskariak onartzen zaizkien eskatzaileei. Espainiak ezarritako irizpideekin, adibidez, lehen sei hilabeteetan ezin dute lanik egin agiri horrekin —txartel gorria deitzen dute— eskatzaileek, baina egoera «erregular» bat dakarkie txartelak. «Egoera hori nahiko ongi dago», azaldu du Mazkiaranek. Baina behin betiko konponbide batetik oso urrun dago: batetik, denboran asko luzatzen delako erantzunen bat jasotzeko itxaronaldia, eta bestetik, gutxitan izaten delako ihardespena baiezkoa. «Eskarien %10 besterik ez dira ematen, esaterako, Espainian», azaldu du Mazkiaranek. Frantzian administrazioak, legez, hemezortzi hilabeteren buruan eman behar du erantzun bat, eta, uztailean onartutako lege bati lotuta, prozesua bizkortzea da asmoa: bederatzi hilabetera. Eskatzaileek diru laguntza zenbait eskuratzeko eskubidea dute, eta osasun sisteman urririk artatua izatekoa ere bai. Prozesuan eskatzaileak Parisko bulegoetara deitzen dituzte. OFPRAk iaz ebatzitako eskarien %20-25ean onetsi zuen asiloa ematea.

Bada beste arazo bat, Dublingo Itunak dakarren ondorio bat: asilo eskatzaileek behin-behineko baimenarekin, «teknikoki», atzerrira bidaiak egin ditzakete, baina atzerrian bizitzerik ez dute. «Horregatik, esaterako, Melillatik sartzen diren askok ez dute nahi bertan eskatzea asiloa: Alemanian dute jomuga». Erantzunaren zain dauden bitartean, gainera, ez dute deus finkorik asilo eskatzaileek, eta eskariari emandako erantzuna ezezkoa bada, «bat-batean», egoera irregularrean geratzen dira. Horregatik, asilo eskubideari uko egitea ebazten dute askok, Mazkiaranen arabera: bizileku eta laneko baimenak lortzera jotzen dute, konponbide egonkorrago bat xede.

NAZIOARTEKO BABES
SUBSIDIARIOA
Beren herrialdeetan jazarriak direnen nazioarteko babesa ziurtatze aldera legeak ematen duen beste aukera bat. «Askotan biak eskatzen dira, asiloa eta nazioarteko babes subsidiarioa; jendeak badaki asiloa eskuratzea nahiko zaila dela, eta, horregatik, badaezpada ere beste hori ere eskatzen dute», azaldu du SOS Arrazakeriako abokatuak. Ez dira hain zurrunak izaten babes hori eskatzeko aurkeztu behar izaten diren motibo eta betebeharrak. «Ihes egin beharra erakusteko zailtasunak daukazunean erabiltzen da normalean. Bada, adibidez, ezin baduzu erakutsi ihes egin duzula, baina bai zure sexu joera, eta horregatik zure herrialdean jazarpena jasateko arriskua duzula esan dezakezunean». Behin-behinekoa da horrek ematen duen legezkotasuna ere, eta erantzuna jasotzeko itxaron beharreko epea oso luzea izaten da gehienetan.

APATRIDEN ESTATUTUA
Beren herrialdeetan agiriak —pasaporte eta antzekoak— lortzeko zailtasunak dituztenek erabiltzen dute, batez ere. «Kasu horretan, eskatzaileak demostratu beharko du ez dagoela herrialde bakar bat dokumentazioa ematen dionik, eta horregatik bere naziotasuna demostratzeko arazoak dituela», azaldu du Mazkiaranek. «Saharako jende asko ari da, adibidez, prozedura hori erabiltzen; Mendebaldeko Sahara ez da onetsitako estatu bat, eta beren naziotasunak marokoarra edo aljeriarra izan behar du sarri askotan. Aljeriarekin, adibidez, arazo asko dituzte, eta hango kontsulatuak ez die ematen pasaporterik askotan; hori demostratzen badute, teknikoki, apatrida estatutua lor dezakete». Hori lortzeko prozedura ere zaila eta luzea izaten da usu.

BAIMEN BEREZIAK
Estatuetan atzerritarren ingurukoak ebazteko dauden legeek, esaterako Espainiako Atzerritarren Legeak, ematen dituzte bideak, SOS Arrazakeriako abokatu Mikel Mazkiaranen arabera, «motibo humanitarioengatik» baimen bereziak emateko. Hernanira (Gipuzkoa) irailaren 29an kamioi hozkailu batean heldu ziren hiru iheslari kurduei, esaterako, horrelako bideren bat ireki behar zitzaiela defendatu du. Izan ere, legearen arabera, babesa eman behar zaie giza trafikoan diharduten mafiei buruzko informazioa ematen dutenei, eta hiru pertsona horiek azalpenak eman zituzten Poliziaren aurrean. Euskal Herrira, hain justu, giza trafikoan diharduen talde batek engainatuta iritsi zirela esan zuten.

KUOTAK
Europako Batasunak errefuxiatuei babesa emateko hartu duen erabakietako bat da horiei harrera egiteko kuotak jartzea, eta, hartara, iheslariak hartzera derrigortzea herrialde guztiak. 120.000 iheslari banatu nahi dira, hain justu, datozen bi urteotan Europako Batasunean kokatze programa horren barruan. Horri atxikita banatzen diren iheslarien egoera juridikoa behin-behinean argituta egongo da dagozkien herrialdeetara heltzen direnean. «Nolabait ere, beren txartel gorriarekin iritsiko dira», azaldu du Mazkiaranek. Gero, ordea, estatu bakoitzak aztertu beharko ditu pertsona horien asilo eskariak.

Erakunde askok salatu dute «oso-oso motel» doala EBren kuoten plana. Adibiderako, Euskal Herria bera: hiru lagun heldu ziren lehengo astelehenean Eritreatik Bilbora, kokatze planaren bidez iritsitako lehenengoak.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)