Urrira arte milioi bat errefuxiatuk eskatu dute asilo politikoa Europan

EBko eta Afrikako agintariak krisiari «irtenbide praktikoa» emateko plan bat aztertzen ari dira. Suediak kontrolak egingo ditu bere mugan

Berria, Kristina Berasain, 12-11-2015

Ihesi. Gerratik, gosetik, jazarpenetik, gatazkatik, pobreziatik. Europara bizi baldintza duinagoen bila etortzen diren lagunen kopurua aintzat hartuta exodoaz mintza daiteke. EASO Asiloa Laguntzeko Europako Bulegoak jakinarazi duenez aurten, urrira arte, milioi bat iheslarik eskatu dute asilo politikoa Europako Batasunean: 1.056.000. Zenbaki hotza. Atzean, baina, pertsona bana dago, eta pertsonaren atzean, historia bana, ihes egiteko arrazoi bana.

Jatorriari erreparatuz, siriarrak dira asilo eskaera gehien egin dutenak (%24). Ondoren, afganiarrak (%11) eta kosovarrak (%8) daude. Harrera herrialdeen zerrendan, berriz, lehen lekuan Alemania: 288.740 eskaera jaso dituzte herrialde horretan. Hungaria (145.165) eta Suedia (72.985) dira hurrengoak. Jose Carreira EASOko zuzendariak, datuak ematearekin batera, errefuxiatuak identifikatzeko prozesua oso motela dela salatu du, eta une honetan «elkartasuna eta erantzukizuna» ezinbestekoak direla esan.

Europako Batasuneko estatuek 147 lagun kokatu dituzte, bi urtean 160.000 kokatzeko plana aurreikusi bazuten ere.

UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak datu gehiago ezagutarazi dituzte. Mediterraneoan barrena 748.000 iheslari baino gehiago iritsi direla aurten Europara. Frontexen arabera, berriz, urrira arte 1,2 milioi dira kontinentean sartu diren iheslariak, iaz garai berean baino lau bider gehiago.

Lesbosen 14 hildako

Bidaia bera, gero eta luzeagoa eta arriskutsuagoa da iheslarientzat. Itsasoa, hesiak, txarrantxak, abusu sexualak, harrera zentroak, baldintza latzekin, eskubiderik gabe, hezkuntzarik ez. Neguaren atarian, hotza eta euria gehitu behar zaizkie arriskuen zerrendari. Itsasoan, jada, 3.455 lagun hil direla aurten zehaztu du Migrazioetarako Nazioarteko Erakundeak. Urrian 400. Azkenekoak herenegun gauean.

Greziako Lesbos uhartera bidean hamalau iheslari hil ziren, tartean zazpi haur. Ayvacik herritik itsasoratu ziren egurrezko txalupatxo batean, baina ezin izan zuten hamar kilometroko itsasoa zeharkatu. Irailetik urrira bitartean 70 haur hil dira itota Mediterraneoan.

Eta Europarako bidean aurrerantzean beste hesi bat aurkituko dute iheslariek: Esloveniak Kroaziarekiko mugan hesi bat eraikitzeari ekin baitio. Obrezje eta Gibinako mugan 1,8 metro garaiera duen hesia eraikitzen hasi dira, baina agintariek ez dute baztertu 670 kilometroko mugaren beste punturen batean ere txarrantxa jartzea. Miro Cerar Esloveniako lehen ministroak adierazi du «aldi baterako hesi teknikoa» dela, «iheslarien sarrera kontrolgabea» eragozteko. Alemaniak eta Austriak egunean 6.000 iheslari baino gehiago ez dituztela jasotzen adierazi du lehen ministroak, eta, antza, egun bakar batean 7.500 lagunetik gora iristen dira Esloveniara. Atzo, trenez 2.000tik gora iritsi ziren.

Esloveniara sartzeko hesi bat eta ateratzeko beste bat. Austria ere aurki baita iragartzekoa hesi bat jarriko duela. Eta Suedian ere mugako kontrolak jarriko dituzte gaurtik aurrera.

Alemaniak ere migrazio arauak gogortzeko bidean beste urrats bat egin du: Dublingo sistema ezartzeari ekin dio berriz; hortaz, sartu diren lehen estatura bueltatuko dituzte, sistema horren arabera bertan erregistratu behar baitira iheslariak. Greziatik sartu diren eta bertan erregistratu diren siriarrekin soilik egingo du salbuespena, neurria siriarrei bakarrik eragingo badie ere. Barne Ministerioak atzo jakinarazi zuen neurria urriaren 21etik dagoela indarrean, eta, bitxia bada ere, kantzilerrak ez zuen horren berri; Angela Merkelen bozeramaileak zehaztu du, hala ere, horrek ez duela esan nahi migrazio politika aldatu dutenik.

Goi bilera Maltan

Maltan, bien bitartean, errefuxiatuen krisiari «irtenbide praktikoak» bilatzeari ekin diote agintariek. Europako Batasuneko eta Afrikako 63 herrialdetako ordezkariek migrazioaren bideetan hildako lagunen aldeko minutu bateko isilunearekin hasi dute gaur amaituko den goi bilera. Angela Merkel izan da aurrenekoa «eskakizunak adierazten»: «Afrikak bere herritarrekin konprometitu behar du gazteek aukerak izan ditzaten».

Etxera begiratu beharrean, beraz, kontinente beltzean jarri du arreta Merkelek. Federica Mogherini Europako Batasuneko diplomazia buruak, aldiz, elkarlanerako deia egin du: «Elkarrekin kudeatu behar dugu fenomeno hau, baliabide komunak sortuz, lankidetza sustatuz; izan ere, elkarrekiko mendekotasuna daukagu». Europara sartzeko bide seguruak bilatzeko beharraz bezain ozen mintzatu da diplomazia burua itzulera planen beharrez.

Afrikako migrazioa murrizteko diru funtsa bat adostekoak dira gaur estatu eta gobernu buruek, antza, 1.800 milioi eurokoa. Mahamadou Issoufou Nigerko presidenteak, baina, jada aurreratu du beharrak sekulakoak direla eta diru hori ez dela nahikoa izango egoerari aurre egiteko. Europa ez gotortzeko ere eskatu dute.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)