Mahai gainean jarri ditu baldintzak

Cameronek aurkeztu ditu Erresuma Batuak EBn jarraitzeko exijentziak. Europako integraziotik salbuetsita egon nahi du, eta EBko langileen migrazioa mugatu. Bruselak merkatu bakarraren printzipioen aurkakotzat jo ditu

Berria, Adrian Garcia, 11-11-2015

Erresuma Batuaren etorkizun europarrari buruzko eztabaida hasi da ofizialki. Lehen ministro David Cameronek gutun batean helarazi dizkio Europar Kontseiluko presidenteari, Donald Tuski, Erresuma Batuak EB Europako Batasunean jarraitzeko egin beharreko erreformak. 2017. urtea amaitu aurretik egingo dute EBko kide izaten jarraitzearen inguruko erreferenduma Erresuma Batuan. Cameronen arabera, «britainiarrek inoiz hartuko duten erabakirik garrantzitsuena» izango da. Lau zutabe ditu Londresek egin nahi dituen moldaketak: merkatu bakarra, EBko herritarren migrazioa, lehiakortasuna eta subiranotasuna. «Ez da ezinezko misioa. EBk arazo konplexuagoak konpontzeko eskarmentua du».

Negoziazio zailak espero dira, ez baitu lan samurra izango Cameronek beste 27 kideak konbentzitzea. Batez ere, migrazioari buruzkoa afera izango da polemikoa. EBko langileen gaineko «kontrol zorrotzagoa» ezarri nahi du Cameronek, «zirkulazio askeko gehiegikeriak eta iruzurrak» saihesteko. EBko herritarren ongizate sistemarako sarbidea mugatu nahi du, eta lau urtez lan egin beharko dute gizarte laguntzak eta etxebizitzarako diru laguntzak jaso ahal izateko. «EBtik datozenek sei hilabetean lanik topatzen ez badute, herrialdea uztera behartuak izan daitezke», adierazi du lehen ministroak.

Cameronek erreforma proposamena jakinarazteko emandako hitzaldia amaitu eta gutxira etorri da lehen erantzuna Europako Batzordetik. Margaritis Schinas bozeramailearen arabera, europar etorkinei laguntzak mugatzea «arazotsua da oso», Europaren barne merkatuko printzipioak urratzen dituelako, hala nola mugimendu askatasuna. Poloniak eta ekialdeko beste herrialdeek oposizio gogorra jarriko dute, herrialde horietakoak baitira Erresuma Batura lan bila migratzen duten asko.

Londres kezkatzen duen beste gai bat da eurogunea, haren ekonomiarentzat mehatxutzat baitu. Egoki ikusten ditu euroa babesteko hartutako neurriak, baldin eta Erresuma Batuaren interes ekonomikoei kalte egiten ez badiete. Cameronek gogorarazi du euroaz gain beste dibisek ere badutela lekua EBn, eta herrialde horiek babesteko «legez betebeharreko mekanismo bat» jarri nahi du martxan.

Bestalde, Europa lehiakorragoa nahi du Londresek, eta, horretarako, «neurri liberalak» hartzea proposatu du: merkatu bakarrean sakontzea, merkataritza hobetzea eta erregulazioa murriztea. Helburua: Txinaren eta Indiaren konkurrentziari aurre egitea. «Lehiakortasuna EBren DNAn egon behar da».

Subiranotasuna

«Europa gutxiago». Integrazioaren aurkako mezua zabaldu du Cameronek, eta «parlamentu nazionalen» subiranotasunaren alde egin du, batasuneko kideek boterea berreskuratu dezaten. Agintariak exijitu du Erresuma Batua EBko tratatuetan jasotako «batasun gero eta estuago baten alde» lan egiteko konpromisotik salbuetsita gera dadila. «Merkatu bakar bat bai. Ez herrialde bakar bat». Dagoeneko Erresuma Batua barne eta justizia alorretako neurriak betearazteko salbuetsita dago, Irlandaren eta Danimarkaren antzera.

Europako bidetik ateratzen tematuta dago Cameron. Subiranoasuna ez galtzearren, iragarri du Erresuma Batuko auzitegiek Giza Eskubideen Europako Auzitegiko epaiak errespetatzera behartzen dituen legea bertan behera utziko duela.

Aldi berean, baina, EBko kide izateari eutsi nahi dio Cameronek. Hori bai, Erresuma Batuaren eta EBren arteko harremana moldatuta. Europak haren exijentziei men eginez gero, agintariak hitzeman du EB erreformatuaren barruan geratzeko kanpaina egingo duela, «buru eta bihotzez». Erreferenduma «aukera bakarra» izango da, eta ez da beste negoziaziorik egingo. Baldintzak bete ezean, Cameronek ez du baztertu EBtik irtetea. «Lotura emozionalek ez dute herrialdea EBn lotuko».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)